2009ko uztailaren 31n jaso zuen «inoizko kolperik handiena» Mikel Astarlozak (Pasai San Pedro, Gipuzkoa, 1979). Positiboa. EPOarekin. «Sekula ez zait ahaztuko egun hura». Jota geratu zen. «Baina ordutik, etxekoen eta zaleen animo keinuei esker, egunero eskailera bat igotzen ari naiz». «Oso harro» dago ingurukoen babesarekin, eta 2011ko ekainaren 26a du buruan. Madrilgo epaitegi arruntetik bestelako jakinarazpenik jaso ezean, egun horretan amaituko zaio UCI Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunaren zigorra.
UCIk zure positiboaren berri eman zuenetik 500 egun bete berri dira. 500 egun. Erraz esaten da.
Oso egun luzeak izan dira; nire bizitzako 500 egunik luzeenak, ziurrenik. Baina azken aldian asko ikasi dut erlatibizatzen. Konturatu naiz etorkizuna oso luze ikusten dela. Baina behin atzera begiratuta, 500 egun horiek oso azkar igaro direla ematen du. Saiatu naiz eguneroko bizimoduari eusten eta entrenatzen. Kontua da ez naizela lehiatu.
500 egun, eta helegitearen erantzunik ez oraindik. Zergatik? Zer susmo hartzen diozu kasuari?
Madrilgo epaitegi arrunt batean dago aurkeztuta helegitea. Kirola Arbitratzeko Epaitegira (TAS) edo epaitegi arruntera jotzeko aukera geneukan, eta komenigarriena zer zen aztertu ondoren, helegitea epaitegi arruntean aukeztea erabaki genuen. Bagenekien erantzuna gehiago luzatuko zela, epaitegi arruntetan arazo asko pilatzen direlako; batzuk nirea baino larriagoak, gainera. Baina helegite horrek aurrera edo atzera egin bitartean, 2011ko ekainaren 26ra arteko zigorra dut.
Orain urtebete esan zenuen ezin zenuela azaldu defendatzeko zuen argumentuak zein ziren, artean ez zenekielako. Urtebete pasatxo igarota, zein da zuen euskarri nagusia?
Bere garaian esan nuen ez nekiela zer pasatu zen. Oso egoera berezia zen, eta legez kanpoko ezer ez nuela hartu besterik ez nuen esan prentsaurrekoan. Eta horri eusten diot oraindik. Nire errugabetasuna aldarrikatzen jarraitzen dut. Nik badakit zer gertatu den; susmoa, behintzat, badut. Demostratu ezin daitekeen ezer ezin da plazaratu, baina neure egiari eusten diot. Hori bai, ez dut inor konbentzitu nahi.
Positibo. EPO. Zigorra... Hitz horiek min ematen dute oraindik?
Min izugarria, pentsaezina. Egia da lehen ez niela fobiarik horrelako hitzei, sekula ez nuelako amestu niri horrelako zerbait gerta zekidakeenik. Baina gaur egun horrelako hitzen bat entzuten dudanean, izugarrizko mina ematen dit, nahiz eta kasu horrek nirekin zerikusirik ez izan.
Zuk behin eta berriz esan duzu ez duzula ezer hartu, eta taldeak ere berdin esan du. Baina 2009ko ekainaren 26ko analisian eta kontranalisian positiboa agertu da. Norena da errua orduan?
Berriro diot: nik ez dut legez kanpoko ezer hartu. Oker ez banago, 500 orri inguru dauzka helegiteak; ez da gai bakar bati heldutako helegitea. Argudio dezente daude tartean. Itxaropena badaukat, baina geroz eta txikiagoa. Denbora pasa ahala gauza asko ikusi ditut, eta lehen sistemarekiko sinesgarritasun gutxi baldin baneukan, gaur egun ia-ia ez daukat batere. Baina ez txirrindularitzan bakarrik, orokorrean ari naiz hizketan. Interes asko daude, eta horren aurka gutxi egin dezakegu mundu honetako inurriek.
Sistema bera zalantzan jarri zenuen 2009ko abuztuaren 4an emandako prentsaurrekoan. Ez duzu uste hori oso argudio ahula dela?
Bai... Sistema oso hitz potoloa da, baina hori esaten dut gehiago ezin dudalako esan. Nire hitza da daukadan euskarri nagusia. Zerbait hartu nuela onartuko banu, zigorra erdira jaitsiko lidakete. Ahalik eta azkarren tropelera itzultzea izan da beti nire asmoa, eta horixe izango zen, agian, azkarrena, onartu eta zigorra jaistea. Ingurukoek askotan esan didate, gezurra izanda ere, ea zergatik ez dudan onartzen dopatu naizela, horrela lehenago itzuliko nintzatekeelako tropelera. Baina hamar urteko zigorra jasota ere, nahiago nuke zigor hori bete eta 47 urterekin itzultzea, egin ez dudan zerbait onartzea baino. Egin ez duzun zerbait onartzea da bizitza honetan egin daitekeen gauzarik tristeena eta zikinena. Zentzu horretan, harro nago nire jarrerarekin.
Zale askoren ustea da positibo ematen ez duena ere dopatu egiten dela. Baina positibo ematen duenari sinetsi egin behar zaio ez duela ezer hartu. Zaleen egoera ere ez da erraza.
Grazia egiten dit Tourra dopatu gabe egiterik ez dagoela entzuteak. Zenbatek egin dute ba Tourra hori esateko? Nik inoiz ez dut esan dopinik ez dagoenik. Dopina badago. Egon da, asko gainera, eta gaur egun ere badago, nahiz eta oso-oso gutxi izan. Soka asko estutu dute dopinaren arazoa gainditzeko. Baina dauden X horiek harrapatzeko, X eta Y harrapatzen dituzte orain. Truko zikina da, baina funtzionatzen du. Bestalde, badirudi Tourra dela munduko gauzarik gogorrena, baina iaz Donostiako maratoian parte hartu nuen, eta inoiz ez dut sufritu hainbeste. Niretzat horregatik ez da egokia argudio hori.
Hitz egin duzun bakoitzean esan duzu zure egia badaukazula, zure susmoa badaukazula, eta dena argi azalduko duzula. Iritsiko da azalpen horiek emateko eguna?
Nahiko nuke, uste baino ahalegin handiagoa egin behar izan dudalako hau guztia gainditzeko. Baina ingurukoak osasuntsu eta zoriontsu dauden bitartean, ni ere gustura egongo naiz. Kasu larria da nirea, baina gauza larriagoak badaude bizitza honetan, eta jakin egin behar da gauza bakoitzari bere garrantzia ematen.
Ondorengoa da zale batzuen tesia: «Sinesten diot Mikel Astarlozari bera jakinaren gainean zegoela ez zuela ezer hartu, baina zerbait hartu du». Posible litzateke txirrindulariak, konturatu gabe, legez kanpoko zerbait hartzea?
Oso zaila da hori. Garai batean gertatzen ziren horrelakoak; txirrindulariek ikusleen ur potoak hartzen zituzten adibidez. Baina gaur egun dena oso kontrolatuta dago. Ikusleen urik ez dugu edaten badaezpada ere, ia janari guztia etxetik eramaten dugu...
Mikel Astarloza aipatzen da beti, baina txirrindulariaren atzean familia bat dago, lagunak daude, taldekideak daude... Nork sufritu du gehien kasu honekin?
Familiak. Oso argi daukat. Negar asko egin dut bi urteotan, hasieran batez ere. Baina ez dut uste familiak adina inork sufritu duenik. Eta, batez ere, horregatik ez dut barkatuko gertatu den guztia. Nik sufritzea, nire lagunek sufritzea, zaleek sufritzea... Horrelako ezer ez nuke barkatuko, baina familiak sufritu duena barkaezina da niretzat, eta amorru handia sortzen dit.
Noiz egin zenuen negar azkenekoz?
Inoiz ez naiz izan negar errazekoa, baina azken bi urte hauetan inoiz baino gehiago egin dut. Bizikleta gainean ere bai. 32.000 kilometro egin ditut aurten, eta kideekin atera naiz batzuetan entrenatzera, baina bakarrik ere bai beste askotan. Batzuetan norabidea ere galdu egiten da. 'Zertan ari naiz entrenatzen, oraindik hurrengo urteko ekainera arte ez banaiz lehiatzen hasiko?'. Horrelako burutazioak izaten dira. Baina beti argi eduki dut nire mailarik onena eman nahi dudala itzultzen naizenean, eta horretarako ari naiz lanean.
Egun euritsu, ilunen batean pentsatu duzu amore eman eta dena alde batera uztea?
Ez, ez. Oraindik ez ditut amaitu bizikleta gaineko lanak. Beste era batean amaitu nahiko nuke kirol ibilbidea. Ez dakit zenbat denbora gehiago jarraituko dudan, baina saiatuko naiz oraindik ahalik eta mailarik onena ematen. Nik erabakiko dut bizikleta noiz utzi. Zentzu horretan, buruz lehen baino indartsuagoa naiz.
Tamalez zurea ez da izan txirrindularitza munduko azken positibo kasua; Alberto Contador ere hor dago. Horri ere sinetsi egin behar zaio?
Bere kasuan ez dakit zer gertatu den. Bakoitzak bere iritzia edukiko du, eta guztiz errespetagarria da hori. Baina nik sinesten diot. Aspalditik ezagutzen dut, eta prentsaurrekoa ikusi nuen. Txorakeria ematen du, baina begietara begiratzen nion eta ez zitzaidan iruditzen gezurretan ari zenik. Agian oker egongo naiz, baina... Haragiaren kontuan, berriz, pertsonalki ez dut sinesten haragi zati batekin horrelako emaitzarik egon daitekeenik. Eta espero dut horrela ez izatea, nik ere arrisku handia edukiko nukeelako. Positibo eman eta onartzen ez duten gehienei ez diet sinesten. Baina zer gertatu den ez badakit ere, Contadorri sinesten diot.
Gertatzen ari dena txirrindularien errua ez bada, noiz emango duzue kolpea mahai gainean? Taldeei begiratu behar zaie? Medikuei?
UCIri begiratuko nioke nik. Dopinari irabazteko erabakia hartu zuenetik UCIk soka hainbeste estutu du, positibo eman behar ez zuten batzuek ere positibo eman dute; dopatu ez den jendeak ere positibo eman duela, alegia. Orain arte aztertzen zuten kopurua baino 400 aldiz txikiagoa da Contadorri antzeman diotena. Hain kopuru txikietan dopatzeak ez dauka zentzurik, onura ere, 0,000000...-koa izango delako. Ez dauka zentzurik hain onura txikia jasotzeko arrisku hori hartzeak. Are gutxiago Tourra irabaziko duen txirrindulari baten kasuan. Eta, nire kasuan ere, EPOa 80ko hamarkadako produktua da, eta gaur egun erabiltzea suizidioa da.
Beldurrik badiozu errepidera berriz irteten zaren egunari? Lankideengatik, zaleengatik...
Izugarrizko gogoa daukat. Taldekideek askotan deitzen didate, zer moduz nagoen galdetzeko, animoak emateko, nire falta sentitzen dutela esateko... Dena egia izatea espero dut! Zigortuta nagoenetik kosta egin zait taldekideei deitzea. Baina itzultzeko izugarrizko gogoa daukat, badakidalako gustura hartuko nautela euren artean. Eta zaleen kasuan ere sinetsita nago harrera ona egingo didatela. Agian ez da hala izango, baina zorretan sentitzen naiz. Neure mailarik onena ez emateari diot beldurra. Aurten egur saio asko izan ditut, eta ez naiz egon Tourretik etortzen nintzen sasoi puntu berean. Baina ez naiz ibili Tourraren bezperan edukitzen nuen mailatik urruti. Erreferentziak badauzkat, eta badakit oso ondo nagoela. Baina ez naiz fidatzen.
Zer litzateke lehiaketara itzuli eta lasterketa bat irabaztea?
Bi eskuak berriz altxatzeko obsesioa daukat. Kostako zait berriz ere Tourreko etapa bat irabaztea, sei aldiz parte hartu dudalako eta etapa bakarra irabazi dudalako. Baina saiatuko naiz. Hala ere, Tourrean ez bada ere, badakit nonbaiten altxatuko ditudala bi eskuak. Zor eta ilusio horrekin itzuliko naiz.
2011ko ekainaren 26a. Lehiara itzultzeko eguna. Zein koloretakoa izango da maillota?
Entrenatu dudan bezala entrenatuta, uste dut txirrindulari interesgarria naizela hainbat talderentzat, baina nire lehentasuna Euskaltel-Euskadi da.
Eskaerak egiteko garaia da hau. Zer eskatuko diozu 2011ri?
2011ko Tourrean egotea eskatzen diot Olentzerori. Egotea bakarrik; gehiago ez. Niretzat Tourra lehiatzea da ia-ia mundu honetan dagoen gauzarik ederrena. Eskatzen hasita, etapa garaipena eskatuko nioke. Baina nahiago dut Tourrean parte hartzea, beste nonbaiten etapa bat irabaztea baino. Tourrarekin obsesio latza eduki izan dut betidanik, eta oraindik ere hala daukat.
Mikel Astarloza. Txirrindularia
«Ez ditut amaitu bizikleta gaineko lanak. Nik erabakiko dut noiz utzi»
2011ko ekainaren 26a. Besterik ez dauka buruan Mikel Astarlozak. Egun horretan amaituko zaio UCIren zigorra. 32.000 kilometro egin ditu aurten bizikleta gainean, eta oso fin dago. Tourrari begira jarri da jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu