Ez du galtzen ohitu nahi
Azken hiru partidak galdu ostean, irabazteko premiarekin ariko da gaur Osasuna Riazorren
Azken hiru partidakgaldu ostean, irabazteko premiarekin ariko dagaur Osasuna Riazorren
asier legarda-ereño
Iruñea
Partidak irabazten ahaztu aurretik, Osasunak garaipenaren bidera itzuli beharra dauka lehenbailehen gaur. Azaroan jokatutako hiru partidak galdu egin dituzte gorritxoek, Getaferen eta Espanyolen aurka etxean, eta Recreativoren aurka etxetik at. Sailkapenean gero eta beherago dago Jose Angel Zigandaren taldea -hamazazpigarren postuan dira nafarrak, Recreativorekin berdinduta, zeina jaitsiera postuetan baitago-, eta ezin dute aukera gehiago alferrik galdu. Urriko azken partidan Betisen zelaian emandako erakustaldia ahaztu zaie jada zaleei, eta taldea garaipenen bidera itzul daiteekela erakutsi beharra dago orain, azaro beltza lehenbailehen ahazteko. Deportivoren zelaia ez da, ustez, zelairik txarrena, Miguel Angel Lotinaren taldeak partida bakarra irabazi baitu etxean. Usteak, hala ere,ez du ezertarako balio. Gainera, Osasunak ere partida bakarra irabazi du etxetik kanpo.
Jose Angel Zigandak ere ez du galtzen ohitzerik nahi, eta denboraldi honetan gorritxoek irabazi zuten azken partidan hasieratik zelairatutako taldearen oso antzeko hamaikakoa zelairatuko du Riazorren. Irabazi bakarrik ez, Osasunak ikusgarri jokatu zuen irabazi zuen azken partidan, Manuel Ruiz de Lopera futbol zelaian -Plasil txekiarra izango da jokalari berri bakarra Betisen zelaian irabazitako partidako hamaikakoa aintzat hartuz gero-. Eta joko hura berreskuratu nahi dute Zigandak eta jokalariek. «Betisen aurka zelairatutakoaren antzeko hamaikako batek jokatuko du Riazorren, eta hamaikako horrekin denboraldiko partidarik onena jokatu genuen, Sevillan. Egun hartan bezala jokatu nahi dugu», esan zuenatzo Dady aurrelariak. Baina azaroa osorik igaro da ordutik, eta galdu besterik ez dute egin gorritxoek azken hilabetean. Gainera, Zigandak berak ondo gogoratu duen bezala, Recreativoren zelaian ere Manuel Ruiz de Loperan erabilitako joko sistema berarekin eta oso antzeko hamaikakoarekin aritu zen Osasuna -Getaferen aurka etxean bezalaxe-.
Beraz, Osasunaren arazoak ez du zerikusirik erabiltzen duen joko sistemarekin. 4-4-2koarekin bezala 4-2-3-1ekoarekin, partida onak eta txarrak jokatu dituzte nafarrek. Vila-reali 4-4-2koarekin irabazi zioten (3-2). Betisen zelaian 4-2-3-1koarekin nagusitu ziren. Baina 4-4-2koarekin galdu zuten iragan astean Espanyolen aurka, eta 4-2-3-1koarekin galdu zuten Recreativoren zelaian orain bi jardunaldi. «Hamaikako finko bat aurkitzea kostatzen ari zait, baina hori ez da nire kezka nagusia. Jokoa kontrolpean izan eta gero partidak galdu izanak gehiago kezkatzen nau, esaterako. Atzealdean ari gara kale egiten, eta hor ez dago aitzakirik. Aurrealdean jokalari berri asko ditugula egia da, baina atzealdean betikoak ari dira, eta sendoago aritu behar dugu. Osasunaren ohiko sendotasuna lehenbailehen berreskuratu beharra daukagu», esan zuen Zigandak herenegun.
GOLAK ERRAZEGI SARTU DIZKIOTE. Larraintzarko entrenatzailea kezkatuta dago, gol gehiegi jasotzen ari baitira gorritxoak. Errazegi sartzen dizkiote golak Osasunari, partida kontrolpean dutela dirudienean ere bai. Etxean jokatutako azken lau partidetan bina gol sartu dizkiote Osasunari aurkariek, esaterako. Eta, noski, batzuetan irabaz daiteke hala eta guztiz ere, Vila-realen aurkako kasuan bezala, baina gehienetan ezinezkoa izaten da. Zigandak oraindik ez du larritasunik nabaritu aldagelan, halere: «Ez zait iruditzen larritasuna aldagelara iritsi denik, larritasunak jo tako taldeak nora ezean ibiltzen dira zelaian normalean, eta gu ondo ari gara futbolean. Inoiz ez dugu goitik behera menderatu gaituztenik ikusi, eta itxura txarrik ez dugu eman. Egunero markagailua irauli ahal izateko hiru gol sartzera behartuta egotea gogorra da, ordea».
Zalantzarik gabe, Riazorren gaizki jokatu, itxura txarrak eman eta irabaztea begi onez ikusiko luke Zigandak. Baina badaki normalean hobeto jokatzen duenak irabazten duela futbolean. Hori bai, Lotinaren taldeak etxean jokatu zuen azken partidan Deportivok astindu dotorea eman zion Racingi jokoan, baina aurkariaren atera eginiko erremate bakarrean Tchitek Racing aurreratu zuen, eta hiru puntuek Riazorretik ihes egin zuten. Antzeko zerbait egiteko, aspaldiko partez ateari hutsean eutsi beharko lioke Osasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu