Zer barkatua badu Baionak. Alain Aflelouk, taldearen presidentetza hartu berritan, altu ezarri zituen zaleen esperantzak. Promesa bat egin zuen: beren selekzioekin titularrak diren izarrak ekartzea. Hitza bete ere egin zuen: Heymans, Rokocoko, Lauaki, Chisholm, Phillips eta beste ekarri zituen. Baina izenekin bakarrik ez dira egiten taldeak. Munduko Kopan onenak gabe aritu ondoren, zulotik atera ezinik ibili zen Lapurdiko taldea. Jokalari garrantzitsuak ziren Peyras, Martin eta Hegi, baina haientzat ez zen ordezkorik etorri. Pixkanaka, Baionan ohi den bezala, egonezina sortu zen. Entrenatzaileak aldatu ziren. Behin aski ez, eta bi alditan. Zelaitik kanpo jokalariek izandako jarrerak albistegiak bete zituen.
Bereak eta bi ikusi zituen iragan sasoian Baionak mailari eusteko, eta lezioa ikasi duela dioen gaztetxo batek bezala hasi zuen denboraldi-aurrea. Iraganeko okerrak gibelean utzi nahi izan ditu Aturri eta Errobiko taldeak. Aurreko sasoian egin zuenaren kontrakoa egin du, eta penitentzian dagoen taldea iduri izan du azken asteetan.
Lehen lana errespetatua den entrenatzaile bikote bat ekartzea izan da: Christian Lanta eta Christophe Deylaud. Azken urteetan aulkian falta izan den egonkortasuna eman beharko dute Agenetik heldu diren bi entrenatzaileek. Beste batzuetan ez bezala, Lantak eta Deylaudek kirol arloan «botere guztia» izanen dutela segurtatu du presidenteak. Administrazio kontseiluko entrenatzaile ustekoek eta Baionako Herriko Etxeko auzapez-kirol zuzendari ustekoek sudurrik ez omen dute gehiago sartuko taldearen ibilbidean, iragan urteetan ez bezala. Inor ez da horretaz kexatuko hitza betetzen badute.
Taldeak izan dituen hutsune nabarmenak betetzea izan da bigarren lana. Flavell, Baiocco, Audy, Lauaki eta bestek ez zuten ongi jokatu, eta taldea utzi dute. Haien ordez, izen handirik ez, baina Top14a ezin hobeto ezagutzen duten «soldaduak» ekarri dituzte entrenatzaile berriek. Deskribapen horri erantzuten diote Senekal bigarren lerroak eta Ahotaeiloa erdikoak. Aztalkari postuan, iaz bakarrik zegoen Roumieu, eta hari laguntzeko, Arganese etorri da. Bera ere ez da izen handia, baina eskarmentua du eta jokalari umila da, itzaleko lana isilik egiten duten horietakoa.
Gibelean, Lacroix eta Mazars bikoteari konpetentzia gehiago emateko, Toulonetik Lovobalavu etorri da. Fijiarra izanen da Baionak ekarri duen jokalari ezagunena. Jokalari indartsua eta bizia, baina teknika aldetik aski apala. Elhorgaren zuloa betetzeko, berriz, Spedding etorri da. Azkarra da hegoafrikarra, eta sasoi honetan ezustekoa eman dezakeena da, urtero 5-6 entsegu sartzeko gaitasuna baitauka.
Iragan sasoitik hona, begi bistakoa da aldaketa. Baionak fitxatu dituen jokalari guztiak Top14tik datoz. Akabo, beraz, Frantziako errugbia ezagutzen ez duten hego hemisferioko jokalarien aldeko hautua. Lehen jardunalditik prest egon beharra da Top14an, eta Lanta zein Deylaudek ongi ulertu dute hori. Hala ere, erran behar da kontratuek horrela aginduta Baionak ez duela garbiketa osoki bukatu ahal izan. Soberan dauden jokalari batzuek taldean jarraitu dute, oraindik urte baterako kontratua daukatelako. Hori da Da Ros eta Boyouden kasua. Hirugarren lerroan ere, Puricelli eta Bageten mailak galderazko ikur anitz zabaldu ditu.
Egoera onenean, Baionak eskuineko harroin bat, aztalkari bat eta bi hirugarren lerroko (tartean, 8 postuko bat) beharko zituzkeen, soberan dauden jokalarien lekua betetzeko. Baina, oraingoz, daudenekin egin beharko du aurrera. Iraganeko erabakiak eta kontratu luzatzeak ordaintzen segitu beharko du.
Kapitain berria
Gibelean ere, irekitzaile postuan egonen dira zalantza gehienak. Denboraldi-aurrean Boyetek min hartu zuen, hilabete dezenterako. Ondoren, Ziburuko Otazo gazteak belaunean zaintiratua izan zuen. Denboraldia hasteko, Potgieterrek ere min hartu du. Oraingoz, espezialista gabe dago Baiona errugbian hain garrantzitsua den posturako.
Dena ez da arrosa, beraz, Baionan. Denboraldi-aurreko emaitzek erakusten dute hori. Beste jarrera batekin aritu dira baionarrak, eta horri esker Stade eta Montpellierri irabazi diete. Baina lantzekoa badute oraindik, Miarritze eta Ulsterren kontrako porrotetan ikusi den bezala. Hala ere, beste orrialde bat idatzi nahi du Baionak. Horren irudia da kapitain berria. Baionaren kalapiten sinboloa izan denaren ordez, Bageten ordez, Chisholm izanen da kapitain berria. Aretz Iginiz hendaiarra haren kapitainordea izanen da.
Errugbia. 2012-2013 denboraldia: Baiona
Ez du gibelera begiratu nahi
Baionak beste istorio bat idatzi nahi du, beste jarrera batekin, eta, hala, iragan denboraldiko okerrak gibelean utzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu