Sadarren otso, kanpoan uso. Horra Osasunaren denboraldia laburbiltzen duen esana. Etxeko partidetan ez dago gehiago eskatzerik nafarrei, hamahiru partidetatik zazpi irabazi eta bi soilik galdu baitituzte. Baina etxetik at11 norgehiagoka jokatu eta gero Espanyolen zelaian soilik irabazi izanak ez dio uzten Osasunari Europarako sailkatzeko aukeretan benetan sinestea. Joera horri amaiera emateko asmoz zelairatuko dira gaur gorritxoak Mallorcan. Joaquin Caparrosek entrenatutako taldea bere zelaian ezustean harrapatzea ez da erronka erraza, baina behingoz jaisteko arriskuaz ahaztu eta denboraldi amaieran zaleei pozen bat emateko etxetik kanpoko ibilbidea zuzentzea ezinbestekoa dela badakite Iruñeko taldean, eta gaur bertan hasi nahi dute lan horretan.
Hargatik, Jose Luis Mendilibarrek ez du nahi behar ez den presiorik, eta atzo berriz esan zuen Osasunaren helburua mailari eustea dela: «Orain gora begiratzen hasten baldin bagara, gaizki amaituko dugu. Egia da une honetan Osasunak baino puntu gutxiago duten talde asko Europarako sailkatzeko asmotan ari direla lanean, baina hori denboraldi hasieran bakoitzak dituen xedeen araberakoa da. Eta guk badakigu gure helburua mailari eustea dela», esan zuen entrenatzaile zaldibartarrak. Etxetik kanpo emaitza on gutxi lortu dutela onartu arren, etxean lortutako emaitza onak gogoratu zituen Osasunako entrenatzaileak, taldeari askoz gehiago eskatzerik ez dagoela azpimarratzeko asmoz: «Etxetik at partida bakarra irabazita, sailkapeneko postu gozoenetan egon gara jardunaldi askotan, eta une honetan zazpigarren postuan gaude. Etxetik kanpo lantzean behin irabazten hasiko bagina, ez ginen zazpigarren edo zortzigarren postuan egongo, hirugarren postuan baizik, eta hori asko esatea da». Hargatik, Mallorcan irabaztea «zaila» dela nabarmendu ostean irabazten ahaleginduko direla gogoratu zuen. «Aste honetan txantxetan esan izan dugu Mallorcako itzulerako bidaia beti berdina izan ohi dela: 3-0 galduta, eta ensaimada mordoa hegazkinean ekarriz etxera. Hori aldatzen saiatuko gara».
Jokalari garrantzitsu batzuk falta ditu Osasunak gaur arratsaldeko norgehiagokarako, Granadaren aurkako partidan, Patxi Puñalek txartel gorria ikusteaz gain, Dejan Lekicek eta Ibrahima Baldek min hartu baitzuten. Partida bateko zigorra bete beharko du Uharteko erdilariak, eta aurrelari serbiarra zein senegaldarra aste batzuetan jokatu ezinda izango dira —bospasei astez, Lekic, eta, bizpahiru astez, Ibrahima—. Haien lanak betetzeko bigarren taldeko bi jokalari sartu zituen deialdian Mendilibarrek atzo: Raoul Cedric Loe euskarri frantziarra eta Roberto Torres erdilari nafarra. Roberto Torresek behin baino gehiagotan jokatu du lehen taldearekin denboraldi honetan Ligan eta Espainiako Kopan. Raoulentzat lehendabiziko deialdia da Ligan, Kopan Bartzelonaren aurkako kanporaketako itzuliko partida osorik jokatu bazuen ere, Ligan ez baitu inoiz lehen taldearekin aritzeko aukera izan.
Osasunak baino sei puntu gutxiagorekin sailkapeneko hamabosgarren postuan da Mallorca orain, eta bere zelaian jokatu dituen hamabi partidetatik bost irabazi dituzte, hiru berdindu eta lau galdu Herrialde Katalanetako uharteetakoek.
Ez du uso izaten segitu nahi
Etxetik at Espanyolen zelaian soilik irabazi du Osasunak sasoi honetan, eta bigarren garaipena lortu nahi du gaur MallorcanRaoul Cedric eta Roberto Torres sartu ditu deialdian Jose Luis Mendilibarrek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu