Iñigo Martinezen (Ondarroa, Bizkaia, 1991) aurreneko zartakoa estatistikaren eremuan geratu zen Realak Athleticen aurkako derbia galdu eta gero (1-2). Bigarrenak, herenegun Betisen zelaian emandako astinduak, bolada ezkorra hausteko balio izan dio talde txuri-urdinari, behar gorrian zegoen eta. Erdiko atzelari gazteak zelai erditik sartutako bigarren golak bazter guztiak harrotu ditu. Behin ateratzea ezustekoa izan liteke. Berriz egitea, ez sinesteko modukoa. Are gehiago, zer-nolako egoeran etorri zen ikusita: luzapenean eta partida bina zegoenean. Nork esango zukeen halakorik denboraldi-aurrean. Ezezagun izateari utzi dio iritsi berritan, loturarik gabe ari baita jokatzen, lotsagabe. Galdetu bestela Philippe Montanierri. Edo Iriney Santos da Silva Betiseko kapitainari. Modu kategorikoan azaldu zuen gola hark. «Harri eta zur nago. Ergel aurpegia geratu zait».
Esan liteke Athleticen eguneko arantza kendu duzula zelai erditik bigarren gola sartuta?
Bai. Lehendik sartutako biek, bai horrek eta bai Levanteren aurkakoak, ez ziguten ezertarako balio izan eta. Gol ederra, polita, gutxitan ikusten dena, baina ezeren gainetik taldeari indar handia emango dion garaipena lortzeko balio izan zuena. Horrekin gelditzen naiz.
Gola ikusi al duzu?
Bai, bai, partidaren ondorenean Internet bidez.
Eta, garrantzia alboratuz, zelai erdiko zein jaurtiketa iruditzen zaizu zailagoa?
Derbi egunean zelaiaren erdi erdian nengoenez, baloiak norabide etzanagoa hartu zuen. Sevillakoa, berriz, gaitzagoa iruditzen zait, alboko marrara itsatsita nengoelako, izkinara etorria. Bagenekien Betiseko atezaina aurreratuta ibiltzen dela, eta bitan pentsatu gabe egin nuen ahalegina.
Lehendik halakorik egindakoa al zara? Saiatu behintzat?
Ez, ez, ez dut inoiz egin halakorik. Bietan atera zait ezin hobeto. Ea hirugarrenean zorte berbera daukadan.
Aurrenekoz hori egiteko erabakia non, eta Lehen Mailan hartu duzu, debutaria izanik gainera. Azala behar da gero!
Gaztea izan arren, ez da inoiz atzean geratu behar. Aurpegia eman behar da, erantzukizuna hartu.
Izaeraz horrelakoxea al zara ala zelaian erakusten duzu soilik lotsa gutxi?
Aurrera begiratu behar da beti, inoren beldurrik izan gabe. Ondarroan esaten den moduan, ausarta izan behar da gauza guztietan. Askorako balio du horrek.
Philippe Montanierrek zurekiko uste osoa azaldu zuen lehen egunetik. Orain, berriz, zure golari esker jarraitzen du karguan. Patuaren jokaldia izan al da?
Galduz gero kanpoan egon zitekeela esan izan da, baina irabazi egin genuen. Pozik gaude berarekin, eta alderantziz. Guk, behintzat, itsu-itsuan sinesten dugu haren lan egiteko moduan.
Zure golak eragindako eztandaz harago, ez al duzu aho zapore mikatza partidaren nondik norakoak ikusita?
Mingarria da oso amaitzeko ordu laurdena falta dela bi golen errenta izan eta horri usteko gai ez izatea. Denok haserretu ginen geure buruarekin. Dena delakoaga- tik huts egin genuen, eta argi daukagu ezin dizkigutela horren erraz sartu bi gol eta pikutara bota ordu arte egindako lan ederra.
Hasierako ideiarekin erosoago eta seguruago sentitzen al zarete zelaian? Lau aurrelari edo bost atzelarirekin jokatu duzuenean baino gehiago?
Egia da aldaketekin neurketak beste bide bat hartu zuela. Eurak gora egin zuten hil edo bizi, eta gauzak gehiegi korapilatu zitzaizkigun gauza onerako.
Beldurra libre denez, sailkapenak zorabio handiegia ematen al du?
Eskuetan daukazuna bermatu nahi izate horretan atzerantz egin genuen, gehiegi gauza onerako.
Bolada okerra eteteak taldeari eman diezaiokeen bultzada neurtzerik ba al da?
Nik uste indar eta konfiantza handia emango digula garaipenak. Are gehiago nola gertatu zen kontuan izanik. Halakoak pizgarriak izan ohi dira. Neurketa bete-betea jokatzeko irrikaz gaude, has eta buka maila onean.
Ez zara elastikoak aldatu zalea. Sevillan, ordea, eskatu al zizun inork egindakoaren ostean?
Harmailetan bildutako Realeko zaleen artera bota nuen, beste inork baino gehiago merezi zuten eta.
Xabi Alonsok berak belarriak goxatu dizkizu. Bere «idoloa» zarela idatzi zuen Twitterren. Hitz egin al duzu berarekin?
Ez, ez. Irakurri nuen hark esandakoa, eta niretzat ohorea da. Xabi Alonsoren berbak dira, gauza handia.
Bitxikeria bat ere bada. Ordiziako errugbi taldeko norbaitek desafioa bota omen dizu: Corey Simpson joko zabaltzaileak ala zuk, bietako nork bidaliko urrutiago kirol bakoitzeko baloia. Onartu al duzu?
[Barre egiten du]. Saiatzeagatik ez da ezer gertatzen. Bi kirolak oso ezberdinak dira. Gure aldean, indarra sobera dute, eta ederki asko jotzen dute baloia. Ahalegina egin genezake, bai.
Iñigo Martinez. Realeko jokalaria
«Ez dut inoiz egin halakorik. Aurreneko ahaleginak dira»
Roger Garciaren marka berdindu du Iñigo Martinezek. Hark bi gol sartu zituen zelai erditik 2002-2003 denboraldian, Espanyolen ari zenean. Ondarroarrarenak garaipena eta arnasa eman dizkio Realari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu