Kolpetik erori zen Beñat Intxausti zulora (Muxika, Bizkaia, 1986). Joan den maiatzaren 23an, Xavi Tondo taldekidearekin entrenatzera zihoala, garajeko ateak autoaren aurka zapalduta hil zen adiskidea. Kolpe horri buelta emango dionik ez dago. Istripuko irudiak burutik kendu ezinik dabil oraindik Movistarreko bizkaitarra, baina erronka polita jarri dio bere buruari Tourreko debuteko urtean: Tondori eta haren familiari etapa garaipen bat eskaintzea. Lehen etapetan erritmoa faltako zaiola aitortu du, baina egin nahiko luke gaiztakeriaren bat Pirinioetan.
Frantziako Tourra amaitutakoan jasotzen omen da txirrindulari agiria, eta horretarako aukera izango duzu aurten.
Bai, hala da, eta hori da nire helburu nagusia, Parisera heltzea eta bitartean ahalik eta lanik onena egitea. Barruan daukadan guztia eman ondoren, txirrindulari agiria lortu nahi dut.
25 urte beteta, zer esan nahi du Beñat Intxaustirentzat Frantziako Tourrean lehiatzeak?
Umetatik beti lasterketa honi begira egon izan naiz, eta orain ametsa bete ahal izango dut. Ilusio handiarekin nago.
Ume garaia aipatuta, nori begira hasi zen Beñat mutiko hura pedalei eragiten?
Askok Miguel Indurain aipatzen dute atzera begira jarritakoan. Baina ni geroxeago sartu nintzen txirrindularitzaren munduan, Lance Armstrongen garaian; 1997, 1998, 1999tik aurrera. Richard Virenque, Jan Ullrich, Andreas Kloeden... horiei begira egoten nintzen ni gustura.
Orain ere edukiko duzu, noski, tropelean eredugarritzat daukazun txirrindulariren bat.
Kloeden bera aipatuko nuke. Betidanik gustatu izan zait, eta, harrigarria bada ere, oraindik egurrean dabil, oso ondo gainera. Umetan idolotzat neukan txirrindulari baten ondoan ibiltzeko zortea daukat, baina inoiz ez diot ezer esan. Euskal Herriko Itzuliko podiumean egon nintzen beragandik gertuen, berak irabazi zuelako itzulia, eta niri lehen euskaldunaren saria eman zidatelako. Gerturatu eta zorionak eman nizkion, baina beste ezer ez nion esan.
Umetako ametsa betetzera zoazenean, zer eskatu dizu Eusebio Unzuek?
Momentuz, lasai ibiltzeko esan dit. Lehen astea oso gogorra izango da, eta astea ahalik eta ondoen pasatzea izango da helburua. Pirinioetan sartuko gara gero, eta Euskal Herriko zaleak zain egongo dira errepide bazterrean. Baina lasaitasuna eskatu dit Unzuek. Lehen Tourra denez, beldurrik ez baina errespetua izateko eskatu dit.
Beldurra eta errespetua aipatu dituzu. Ordena horretan.
Beldurra hitza gehiegizkoa da, agian, baina errespetua bai, errespetu handia sortzen du Tourrak. Lehen astean erorketa asko izaten da; urduritasun handia egoten da. Galtzeko asko egoten da aste horretan, eta, beldurra ere tartean ibiliko den arren, uste dut errespetua dela hitzik aproposena. Azken batean, Tourra Tourra da, munduko lasterketarik garrantzitsuena.
Helburuak zehazten hasita, etapen borroka izango da zure erronka, edo sailkapen nagusiari ere begiratu nahiko zenioke?
Momentuz ez daukat helburu argirik, baina gustatuko litzaidake etaparen batean aurrean ibiltzea eta irabazteko lehian sartzea. Sailkapen nagusia, hasiera batean, bigarren mailan utziko dugu. Oraindik ez dut ezer egin hiru asteko itzuli batean, eta pixkanaka erakutsi beharko dut ondo ibil naitekeela. Lehenengo Tourra da, eta, Parisera iristeaz gain, ea egunen batean ihesaldian sartu eta aurrean ibiltzeko gai garen.
Bi itzuli handitan aritu zara orain arte, azken bi urteetan, Espainiako Vueltan. Iazko esperientzia ez zen on-ona ere izan.
Hala da, bai. Bi urteko esperientzia daukat itzuli handi batean, baina iazkoa kolpe gogorra izan zen. Esperientzia gisa hartu behar dira, ordea, horrelako momentu txarrak.
Astebeteko itzulietan erakutsi duzu irabazteko edo podiumean sartzeko lehian sartuta egon zaitezkeela, baina gai al zara hiru asteko itzulietan erregulartasunari eusteko?
Baietz uste dut. Baina pausoz pauso joan beharra dago. Ez da erraza izango, baina urteren batean aurreko lehia horretan egoteko ilusioa daukat.
Hasiera batean, taldeburu argi-argirik gabe zoazte Tourrera, baina, emaitzei begiratuta, Beñat Intxaustik behar luke taldeburu horietako bat.
Tira, bai... Baina denboraldi guztian ari gara lehiatzen taldeburu argirik gabe, eta oso emaitza onak lortu ditugu. Nire kasuan, ez dut uste lider hitza oraindik niretzat denik. Pisu hori gehiegizkoa da oraindik niretzat. Baina errepideak argituko du zein den talde honetako taldeburua.
Batzuk Pirinioetan ibili dira gorputza fintzen; beste batzuk, Alpeetan... Non egin duzu zuk Tourrerako prestaketa?
Hasieran aldrebestu egin zitzaidan prestaketa hori, baina pixkanaka hobetuz joan naiz, bai fisikoki eta bai buruz ere. Dauphinen ez nintzen oso ondo sentitu, ez gorputza eta ez burua ez neuzkalako prestatuta. Baina behar nuen horrelako lasterketa bat erritmoa hartzen hasteko. Dauphineren ondoren entrenamendu saio luze eta gogorrak egin ditut, eta Espainiako Txapelketan ondo sentitu nintzen.
Euskal Herriko Itzuliaren atarian bezain ondo ez zaude orduan, ezta?
Egia esan, nik ere ez dakit. Entrenamendu onak egin ditut, eta ez dakit Euskal Herriko Itzuliaren atarian baino hobeto edo okerrago nagoen. Goizegi datorrela Tourra? Agian, bai, orain dela hilabete eskas izan genuelako gertakari lazgarri hura. Prestaketa guztia aldrebestu zitzaidan, baina freskoago iristeak ez dit kalterik egingo, Tourra luzea delako. Azken asterako mesede egingo dit, agian.
Ibilbideari begiratuta, nolako Tourra espero dezakegu? Begiratu batera, mendiko sei etapa gogor daude, erlojupeko luze bat eta etapa gaizto dezente.
Denok dakigu lehen astea nolakoa den. Oso urduria eta tentsio handikoa izango da. Pare bat etapak zailtasun pixka bat dauka azken metroetan, baina 12. etapatik aurrera hasiko da benetako Tourra. Hortik amaierara arte atseden gutxi dago. Pirinioak eta Alpeak pilatuta daude, eta azken erlojupekoa ere gogorra izango da. Azken zazpi-zortzi egunak izango dira garrantzitsuenak, baina egun horietara ondo iritsi behar da.
Zuretzat aproposak diren etapa batzuk badaude tartean; lehen egunekoa edo laugarrenekoa, adibidez.
Bai... Aproposak izan daitezke. Etapa horietan ez da izango talde guztiaren esprintik, eta segundo batzuen dantza egongo da helmugan. Baina lehen etapa horietara ez naiz iritsiko behar bezain fin, eta egunetik egunera lasai hartuko dut lasterketa. Pirinioetatik aurrera ea ondo sentitzen garen.
Mendaterik gogorrenak bertatik bertara ezagutzera joan zarete?
Gehienak nahiko ondo ezagutzen ditut, Pirinioetan bertan izan naizelako entrenatzen. Alpeetako mendate batzuk ez ditut ezagutzen, baina lasterketan bertan gozatu eta sufrituko dugu, zaleen animoek lagunduta.
Tourmalet, Luz Ardiden, Galibier, Alpe d'Huez... Mendate mitiko asko igoko dituzue aurtengo Tourrean. Bereziki ba al daukazu baten bat gorriz markatuta?
Zaila da bat aukeratzea. Denak dira mitikoak eta historikoak. Edozein etapa litzateke ona, nahiz eta Pirinioetan pilatuko diren euskal zale gehienak.
Pirinioetakoren bat aukeratuko zenuke, orduan...
Niri asko gustatzen zaizkit Pirinioak. Gertu daude, eta Euskal Herriko zaleentzat bereziak dira. Gogoan daukat, adibidez, Roberto Laisekaren garaipena, Luz Ardidenekoa, eta gustatuko litzaidake Pirinioetako etaparen batean aurrean ibiltzea. Baina berdin-berdin zait Alpeetan ere aurrean ibiltzen banaiz!
Pirinioak igaroko dituzue lehenengo, eta Alpeak gero. Eraginik ba al dauka horrek lasterketan?
Nik ez dut eduki esperientzia hori, baina Pirinioak eta Alpeak, biak dira gogorrak. Alpeetara indarrak xahututa iritsiko gara, eta min handia egingo dute.
Hasieran sufritu egingo duzu, baina azken-aurreko etapako erlojupeko luzera bete-betean irits zaitezke. Dauphinen ikusi zen oso gogorra dela.
Gogor samarra da erlojupekoa, bai. Ez da Tourreko erlojupeko lau eta luze horietakoa. Pare bat mendate dago ibilbidean, baita beste aldapa txiki batzuk ere. Gogorra izango da, azken-aurreko eguna delako. Dezenteko aldeak egongo dira.
Tourra irabazteko hain faborito argia al da Alberto Contador?
Ez dut uste. Italiako Giroan lehiatuta iritsiko da Frantziako Tourrera, eta ikusi egin beharko da nola erantzuten duen. Aurtengo Giroa oso gogorra izan da, eta berak egunero-egunero lehiatu behar izan du gogor. Hori bai, ikaragarrizko maila dauka Contadorrek, eta badakigu edozer gauza egiteko gai dela. Baina kotrario gogorrak izango ditu, eta bat baino gehiago, gainera.
Parisko podiumerako hiru izen eskatuz gero?
Andy Schleck, Frank Schleck, Cadel Evans, Kloeden, Levi Leipheimer, Jurgen Van den Broeck, Bradley Wiggins... eta, noski, Contador bera. Faborito asko izaten dira beti Tourrean, eta denak ez dira sartzen podiumean. Borroka handia egongo da.
Aurten egingo duzu debuta Tourrean, baina iaz, Euskaltel-Euskadin zeundela, itxaropen txiki bat izan zenuen bederatzikoan sartzeko, ezta?
Beti egoten da aukera, baina denboraldi hasieratik argi utzi genuen Espainiako Vueltara joango ginela, eta plan horri eutsi genion.
«Koska bat gora egiteko» hartu zenuen Movistarrera joateko erabakia, eta pauso sendoak ematen ari zara, aurten Euskal Herriko Itzulian eta Romandiako Tourrean erakutsi duzun bezala. Noraino heltzeko ilusioa daukazu?
Hobetuz joateko ilusioa daukat. Denboraldi honetan, adibidez, oso gustura gelditu naiz lehen zatian egindakoarekin, nahiz eta, agian, garaipenen bat falta izan zaidan. Baina zaila da irabaztea, eta are zailagoa ProTourreko lasterketetan, klasikoetan edo Romandiako Tourrean irabaztea. Egindakoarekin pozik nago, eta ea Tourrarekin denboraldia biribiltzea lortzen dudan. Pauso bat aurrera eman nahiko nuke.
Euskaltel-Euskaditik Movistarrera joan zinenean nahikoa zalaparta egon zen, eta orain ere liskar giroa dago Jonathan Castroviejorekin. Txirrindularientzat ez da atsegina izango egoera hori bizi behar izatea, ezta?
Jonathan Castroviejo ez da ariko oso ondo pasatzen, baina norberaren erabakiak dira, eta errespetatu egin behar dira. Normala da txirrindulari gazte eta on bat galtzera doan taldea haserretzea. Iaz, ni joan nintzen Euskalteletik Movistarrera, eta aurten, Castroviejo. Baina erabaki horiek errespetatu egin behar dira, eta etorkizun batean batek daki zer gertatuko den.
Xavi Tondoren heriotzaren ondoren, pentsatzekoa da azkenaldian askotan galdetuko zeniola zeure buruari zergatik gertatu den.
Bai, bai. Buruak buelta asko ematen ditu. Irudiak hor geratu dira grabatuta, eta ezinezkoa da ahaztea. Ez dira izan aste errazak niretzat; lehen bi asteak, batez ere. Oso gogorrak izan dira, baina pixkanaka-pixkanaka hobeto nago, buruz eta animoz. Dena den, ezinezkoa da horrelako gertakari bat ahaztea, eta are gutxiago istripuaren unean han egonda.
Tondori Tourreko etapa garaipen bat eskaintzea baino keinu ederragorik ez da egongo, ziurrenik. Askotan agertuko zen ametsetan momentu hori, ezta?
Bai, bai, zalantzarik gabe. Egunero edukitzen dut horrelako burutazioren bat. Garaipen bat eskaini nahiko nioke berari, eta Tourrean bada, are hobeto. Tondok berak ere izugarrizko ilusioa zeukan Tourrarekin. Inoiz parte hartu gabe zegoen, eta ilusio eta motibazio handia zeukan; nik baino ilusio handiagoa zeukan, pentsa! Baina azkenean begira zer gertatu den. Patuak ez du nahi izan Tondo Tourrean egoterik, eta ea garaipen batekin berari eta familiari omenaldi txiki bat egitea lortzen dudan.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra. Beñat Intxausti. Movistarreko txirrindularia
«Ez dut uste 'lider' hitza oraindik niretzat denik»
Gaia dago Beñat Intxaustiren gorputz finean. Movistarreko lehen denboraldian taldeburu gisa ekingo dio Frantziako Tourrari. Baina lasai hasi eta azken aste eta erdian estutu nahi du gorputza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu