Maccabi 99. Caja Laboral Baskonia 77

Ez dute Lauko Finala merezi

Hirugarren laurden negargarriak Baskonia hondoratu du berriro, eta agur esan dio Euroligari; irentsi egin du Maccabik, aisePiperrik defendatu gabe irabazi nahi izan du Baskoniak, eta muturreko galanta jaso du

Andoni Urbistondo.
2011ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Maccabi. Pargo (26), Pnini (22), Eidson (7), Eliyahu (12), Schortsanitis (5) —hasierako bostekoa— Sharp, Hendrix (8), Burstein, Blu (17) eta Macvan (2).

Caja Laboral Baskonia. Huertas (12), Oleson (13), San Emeterio (8), Teletovic (17), Batista (9) —hasierako bostekoa— Logan (5), Ribas (3) eta Barac (10).

Markagailua. 25-23, 51-52 (atsedenaldian); 79-62 eta 99-77.

Epaileak. Kristodolou, Cerebuch eta Boltauzer. Ez zuten inor kanporatu faltengatik.

Bestelakoak. 11.500 ikusle sutsu Tel Aviveko Nokia Arena pabiloian.

Beste final-laurdenak. Montepaschi Siena-Olympiakos (88-76), Panathinaikos-Bartzelona (78-67) eta Power Electronics Valentzia-Real Madril (81-72).

Beste zartako bat, eta etxera, gaizki egindakoak hausnartu eta ligan pentsatzeko. Baskoniak ez du Lauko Finala jokatzeko merezimendurik egin, eta zortzi onenen langan geratuko da hirugarren urtez jarraian. Bi astindu gogor jaso ditu Israelen, eta Tel Aviven gertatutakoa eta 3-1ekoak erakusten du Baskoniaren maila. Jakina, ez daukala Europako lau onenen artean sartzeko lehengairik. Penagarria izan zen atzoko partida. Penagarria Baskonia bere ezinean urtu zelako, eta penagarria hainbestetan goratu dugun nortasuna, izaera eta beste ez zirelako inondik azaldu.

Tel Aviv plaza gaiztoa dela esanez ez dugu ezer berririk esaten. Baskoniak irabazteko hain desio gutxi, grina eskasa erakustea bai. Batek daki zergatik, baina Baskoniak partida erasoan irabazteko apustua egin zuen, defentsan lan egiteko batere intentziorik gabe, eta jakina, zazpi jokalariren ekarpenarekin, Maccabik gaina hartu zion. Kosta egin zitzaion, baina unea iritsi zenean txikitu egin zuen Baskonia. Hirugarren laurdenean. Gupida gabe, egurrean. Arabarrek lau puntu bakarrik saskiratu zituzten laurden horretako lehen sei minututan, astearteko partidan gertatu bezala, eta Maccabik 21. Ernegatzeko modukoa izan zen Maccabiren eraginkortasuna, ia eraso guztietan saskiratu baitzuen, Baskoniaren defentsa epelaren aurrean. Dena zen oztopoa, ezina, kantxaren alde batean. Eta dena gogoa, grina, aurkaria zapaltzeko kemena bestean. Eta hori onartezina da. Asmatu dezakezulako edo ez, baina inoiz ez amore eman edo belaunikatu, eta zureak diren ezaugarriak zakarretara bota lotsagabe.

Nekearen aitzakiak bakarrik balio du, eta ulertzeko modukoa izan liteke neurri batean, baina nekeak baino indar handiagoa du fedeak, konfiantzak, gauzak ondo egiteko nahiak, eta balore guzti horiek haizeak eraman zituen hirugarren laurden penagarrian. Ez dut asmatzen, errenditu egiten naiz. Zergatik? Duintasuna ere jokoan dago, eta duintasuna bera galdu zuen atzo Ivanovicen taldeak.

Huertasek 30 urte ditu dagoeneko, eskarmentu handia du, baina norbaitek esan beharko dio saskibaloia barneraketa politak egin eta asistentziak ematea baino zerbait gehiago dela. Jeremy Pargok hankapean ibili zuen brasildarra hirugarrenez. 26 puntu eta zazpi asistentzia eman zituelako, baina defentsan ere sufritzeko borondatea erakutsi zuelako. Partidak defentsan irabazten direlako. Labanak gurina nola, horrela hautsi zuen Pargok Huertas, eta partida bera. Perkinsen Pnini ordezkoak ere Boston Celticseko Ray Allen beraren mozorroa jantzi zuen, eta hiru hiruko ikusgarri sartu, Huertas begiradarekin defenditzen ari zela. Begira egon, eta muturrekoa hartu.

Huertas bezala aritu zen Barac. Bigun, epel, galduta, noraezean, Tel Aviven ez, Mostarren. Baloiak eman eta eman. Batista bezala, bere txikitasunean Schortsianitisekin izututa. Txukun aritu ziren Teletovic eta Oleson lehen zatian, baina hirugarrenean desagertu egin ziren. 51-52 iritsi zen aurretik Baskonia atsedenaldira, baina ikaragarri asmatu zuelako: %65, eta 11tik zazpi, hirukoetan. Maccabik bezala.

Baina Maccabik eutsi egin zion erritmoari, 10-11 jokalari dituelako, eta Baskoniak ez, jota dagoelako, edo ezin duelako. Hemendik aurrera zer? Lasaitu, pentsatu, eta taldea osatu. Huertasi atsedena emango dion joko antolatzaile bat behar da, beste pibot garai bat, Bjelica estutzea, Baraci exijitzen hastea, Logan gehiago inplikatzea... Gauza asko. Kantxan daudenek huts egin dutelako, baina kantxatik kanpo, bulegoetan hariak mugitzen dituztenak ere bai. 12 jokalariko taldean zazpik bakarrik laguntzen dutela da adibide garbiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.