Ez erraza, ez zaila

Paris Saint-Germain, Salzburgo eta Slovan Bratislava izango ditu aurkari Athleticek Europako Ligako ligaxkanZuri-gorriek Eslovakian jokatuko dute lehen partida, irailaren 15ean

Erredakzioa
Bilbo
2011ko abuztuaren 27a
00:00
Entzun
Athleticek badaki zein hiru talde izango dituen aurkari Europako Ligako ligaxkan: Paris Saint-Germain, Salzburgo eta Slovan Bratislava. Ezin esan zorte ona izan duenik, baina ezta txarra izan duenik ere. Arerio zailak dira, baina inolaz ere gaindiezinak. «Ziur naiz jokalariek pozik hartu dutela zozketaren emaitza. Erronka polita da hiru talde horien aurka jokatzea», esan zuen atzo Josu Urrutia Athleticeko lehendakariak zozketa amaituta.

Paris Saint-Germain da, hasiera batean, multzoko talderik indartsuena. Klub historikoa da. Halere, bere garaipen zerrenda ez dator bat bere sonarekin. Datuak hor daude: bi aldiz bakarrik irabazi du Frantziako Liga, azkena orain hamazazpi urte. Europan ere bi titulu bakarrik irabazi ditu, biak nahiko apalak: 1996an Europako Errekopa, eta 2001ean Intertoto kopa. Aurreko sasoian laugarren izan zen Ligan, eta horri esker ari da Europako Ligan.

Iragan sasoiko Paris Saint-Germainek, baina, antz gutxi du denboraldi honetakoarekin. Europako hainbat taldetan gertatu den bezala, atzerriko inbertsore talde bat egin da klubaren jabe, Qatarkoa, hain zuzen ere. Jabe berriek diru freskoa ekarri dute, eta, horri esker, Parisko taldeak jokalari garrantzitsuak fitxatu ditu: 43 milioi euro inguru Javier Pastore aurrelari argentinarrarengatik, hamabost Kevin Gameiro aurrelari frantziarrarengatik, hamar Blaise Matuidi erdilari frantziarrarengatik, bederatzi Jeremy Menez aurrelari frantziarrarengatik, zazpi Mohamed Sissoko erdilari maliarrarengatik... Horrela, 90 milioi euro inguru xahutu arte. Inbertsioak ez du oraindik etekin handirik eman. Europako Ligan erraz egin du aurrera Differdange Luxenburgoko taldea kanporatuta —0-4 eta 2-0 nagusitu zen partidetan—, baina Frantzian pattal ari da Antoine Kombouarek entrenatutako taldea, hiru partida jokatuta bederatzigarren baita.

Paris Saint-Germain baino bi koska beherago eta Athletic baino bat beherago dago Salzburgo. Sei aldiz irabazi du Austriako Liga Ricardo Moniz herbeheretarrak zuzendutako taldeak. Halere, Rapid eta Austria Viena, Innsbruck, First Viena eta Admira Wacker ditu aurretik sailkapen horretan. Aurreko sasoian gertu izan zuen zazpigarren txapela, baina Sturm Grazek hartu zion aurre. Denboraldi honetan ere ondo ari da, bost jardunaldi jokatuta lider baita. Europako Ligan, berriz, hiru talde utzi ditu jada bidean: Liebajas Letoniakoa, Senica Eslovakiakoa eta Omonia Nicosia Ziprekoa. Petri Pasanen atzelari finlandiarra eta Alan Carvalho aurrelari brasildarra dira taldeko jokalari ezagunenak.

Slovanek dirudi itxuraz talderik apalena. Halere, bi gauza hartu behar dira kontuan Vladimir Weissen taldeaz: batetik, Ligako eta Kopako txapelduna dela, eta bestetik, Erroma kanporatu duela: 1-0 irabazi zion etxean, eta bana berdindu zuen Italian. Hain zuzen ere, Bratislavan ekingo dio Athleticek ligaxkari, irailaren 15ean. Azken partida, berriz, Parisko Printzeen Parkean jokatuko du, abenduaren 14an.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.