Euskal Herriko kirol munduan kolpetik sartu den izena da: Miribilla. Bilboko kanpoaldeko auzoa da, Bilbo Arena eta Bizkaia pilotalekua hartzen dituena. Auzo gaztea da, arrazoi askogatik: 2005ean hasi zen jendea bertan bizitzen, iaz onartu zuen Bilboko Udalak auzo modura eta bizilagunen batez besteko adina ez da handia. «Azken bi-hiru urteetan Europako jaiotza tasa altuena izango genuen», zehaztu du Carlos Gomezek, Miribilla Hiriguneabizilagun elkarteko kideak. «Azken bi urteetan 600 haur jaio dira, eta hazkunde horri dagozkion gutxieneko beharrak ditu». Ikastetxea edo osasun etxea, esaterako, halakorik ez baitago.
Elkartearen datuen arabera, 3.850 pisu daude auzoan, 150 portaletan banatuta. Pisu bakoitzean batez beste hiru lagun bizi daitezkeela kontuan hartuta, ehun mila pertsonatik gorako biztanleria egongo da; herri askotan baino gehiago. «Kirol instalazio erraldoiak ditugu, eta aurki iritsiko dira Udaltzaingoaren eta suhiltzaileen baseak. Baina ez dugu ez osasun etxerik, ez eskolarik, ezta gizarte zentrorik ere, eta horiek oinarrizko beharrak dira», azaldu du Gomezek, azalpena luzatzeaz bat. «Auzo hau eraikuntzaren gorakadako azken urteetan sortu zen, kalifikazioa aldaturiko meatze eremu batean, eta, bide batez, administrazioak ahaztuta zeukan gune bat berpizteko asmoz».
Beharrak aletzen hasita, elkarteak dioenez, alboko auzoetan badaude ikastetxeak, San Adrianen eta Bilbo Zaharrean, baina kolapsatu egin dira, eta hainbat gurasori ez zaizkie eskola horiek gustatzen, administrazioak utzita dauzkala uste dutelako. Batxilergoari dagokionez, ikasleak San Adriango institutura doaz. Elkarteak 0-16 urte arteko ikas beharrak beteko lituzkeen egitasmo «integral» bat eskatzen du, eta bide batez eremu berean gizarte zentroa egitea. «2005ean bazegoen ekipamendurako lurzoru bat, baina kalifikazioa aldatu eta etxebizitzak egin zituzten».
Anbulatorioaren kasua, halere, lazgarriagoa da. «Hiru urte dira eraikia behar zuela», argitu du Gomezek, «eta lanak oraindik ez dira hasi». Biztanleek San Adriango osasun zentrora joan behar dute eta hura ere leporaino dago. «Eta hori, auzokide askok, Bilboko beste auzo batzuetatik etorritakoak, egoera ikusita euren aurreko auzoetako anbulatorioetara joaten jarraitzen dutela kontuan hartuta. Guk hemen izen emateko esaten diegun arazoa argiago ikus dadin». Bilboko Udalak anbulatorioko lanak etxebizitza batzuekin eta Zorrotza auzoko beste proiektu batekin batera esleitu zituen. Epaitegiak medio, baina, Zorrotzako egitasmoa geldituta egon da, eta hura abian jarri arte ez dira lanak hasiko.
Elkarteak detektatu dituen arazoak ez dira hor bukatzen: aparkamendu urria, garraio publikoa hobe daitekeela uste du, eta ostalaritzak eta dendek ez dituzte garai onak bizi: «Lokal gehienak bi enpresarirenak dira, eta errenta oso altuak dira, gehienak 3.000 euro ingurukoak baina 6.000koak ere badaude. Orain, gainera, eraikuntza lanak bukatzen ari dira, eta langile horiek alde egiten dutenean tabernen egoerak okerra egingo duenaren beldur gara».
Eta kirol azpiegiturak? Bizkaia Arenan kiroldegi eta igerilekua dagobehintzat. Pilotalekuari dagokienez, kudeatzaileekin bildu nahi du elkarteak, bizilagunentzat zein onura lor daitezkeen aztertzeko. Aurretik, Aldundiarekin hitz egin zuten Kirol Etxean bulego bat lortzeko, eta eskaera ukatu zieten. Gomezek, halere, argi utzi nahi du, ez dutela ezer pilotaren aurka «Guk ez dugu pilota edo pilotazalea kritikatzen, inondik ere ez, eta pilotaleku aurrean protestaldiak egin izan ditugunean gure egoera agintarien aurrean salatzeko zen, gutaz ahaztu ez daitezen».
Ez eskolarik, ezta osasun etxerik ere
Kirol azpiegitura handiek egin dute ezagun Miribilla auzoa, baina ez da dena distira. Bizilagun elkarteak «oinarrizko zerbitzuetan» gabezia larriak daudela salatu du behin baino gehiagotan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu