Aurten ere izango du San Miguel ligak entrenatzaile lanetan hasi berri den bat. Mauricio Monteserin da (Ribadeo, Galizia, 1976). Pedreñan arraunean aritu zen iaz, eta, sasoia amaitzean, klubak entrenatzaile izateko eskatu zion. Onartu, eta egin du bere lehen negua zeregin horretan. Orain ikusiko dira emaitzak. Arraunean ere segituko du, eta urteetan pilatutako esperientziak lagunduko dio.
Zein helburu ditu Pedreñak San Miguel ligarako?
Erdialdean ibiltzea da gure nahia, bigarren txandan, eta, gero, gora begira jarri nahiko genuke.
Asmo horiek gauzatzeko zein aurkari izango dituzue?
Talde handiak daude, eta hor ikusten ditut traineru hauek: Tiran, San Pedro, San Juan, Portugalete eta Kantabriako beste biak, Astillero eta Castro.
Banderak irabazteko lehiatik kanpo ari al zara jartzen zure ontzia?
Ez dugu irabaztea baztertzen; baina hori gertatzeko, eguraldiak lagundu beharko liguke, txandatik txandarako aldaketak direla medio.
Ez al da helburu apala Pedreña taldearentzat?
Banderak irabazteko ari gara entrenatzen hilabeteotan, baina astero ez dugu geure burua banderen lehian ikusten. Ez gara izango faboritoak.
Beste denboraldietan ez bezala, Pedreñaren izena ez dago arrauneko zalearen ahotan. Seinale ona ala txarra da hori?
Ona da. Hobea da besteak hobeto daudela zabaltzea. Gu lanean ondo ari gara. Okerrena da uda aurretik denen hizpide izatea, eta, gero, aurreneko estropadetan aurreikuspen horiek ez betetzea; jauzi egin behar dugula esan, eta gero ez egitea da egoerarik txarrena.
Iazko taldetik aldaketa asko daude tostetan. Onerako ala txarrerako izan dira?
Iaz baino hobeto gaude, eta ez da taldea hobea delako. Lan egiteko moduagatik gaude sendoago. Taldean izandako aldaketak egoera ekonomikoak eragin ditu, eta ez dira izan guk hala nahi genuelako. Baina esan dizudan bezala, gure indarrik handiena lanean dago, laneko metodologian.
Lehen aldia duzu aurtengoa entrenatzaile lanetan. Zer moduzko esperientzia ari da izaten zuretzat?
Ondo ari naiz, gustura nago. Aurreko urteetan, arraunlaria bakarrik izan naiz, eta, aurten, ardura handiagoa daukat. Hori izan da aldaketa handia niretzat. Bestelakoan, nire entrenatzaileek esaten zizkidaten gauza guztiak orain hasi naiz ulertzen.
Orain zure aginduetara dauden arraunlariak taldekide zenituen. Aldaketa handia da, eta batzuentzat ez da erraza izaten hori onartzea. Zer moduz alde horretatik?
Hasieratik oso garbi hitz egin nien arraunlariei, eta entrenamenduetan esan nien gure artean tartea egongo zela, lehen genuen harreman bera ezin genuela eduki. Gero, lana amaitzean, bai, hor betiko erlazioa izango genuela esan nien.
Mauricio Monteserin. Pedreñako entrenatzailea
«Ez gara banderak irabazteko faboritoak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu