Autobus bete zalerekin batera joango da bihar Hernaniko pilotalekura. Udalak jarri du, eta ilusioa egiten dio babesak Paco Caballerori (Donostia, 1975). Gainera, animoak beharko dituela uste du, aurkariak faborito garbitzat jotzen zituelako hasieratik, baina nabarmendu du ezustekoa emateko gai direla lehen bi partidetan txukun arituz gero.
Nola ikusten duzu finala?
Zazpi Iturri ikusten dut faborito, kadeteetan eta gazteetan bikote hobeak dituztela uste dudalako. Baina, era berean, ustekabekoa eman dezakegula uste dut.
Kontuak egin al dituzu?
Lehen bi partidetan emaitza onak egitea da bidea, azken partidara aukerekin iristeko. Hori bai, zaila izango da; haien azken kanporaketa ikusi nuen, eta ez da erraza izango gazteei aurre egitea.
Nola ikusten duzu partida bakoitza?
Kadeteetan, gure atzelaria frontisetik urrun izango dute, eta zaila izango da haien aurrelaria saihestea. Irribarria atzelari handia da, lehiatzera ohituta dago, eta, gainera, Hernaniko pilotalekuan defendatzea zaila da. Gazteetakoan, atzelariak berdintsu ikusten ditut; aldea aurrean egongo da, beharbada; Gallurraldek frontisetik gertu hartzen badu pilota, ondo bukatzen du. Halere, erne, partida egongo da hor.
Eta nagusietakoa? Hor duzu zure bikoterik indartsuena.
Bai, aukerekin iritsi nahi dut horra, baina Zazpi Iturriren bikotea zein den ere kontuan hartu behar da, ez baita nolanahikoa. Arzelus eta Garmendia bostean edo seian uztea ezinezkoa da, biak pilotari seguruak dira, eskarmentudunak.
Zazpi Iturri finalean ikusten al zenuen?
Faborito nagusiak ziren hasieratik. Aurkezpenean begiratu nuen gauza bakarra txapelketako nire adarrean egon ez zitezen zen. Niretzat—eta guztientzat, esango nuke—, haiek ziren faboritoak. Aurrera Saiaz bidean gelditu izanak ere harritu ninduen.
Eta Uhartek harritu al zaitu?
Niretzako ustekabea izan da, eta uste dut jendearentzat ere bai. Ez nuen espero, baina tira… Beti pentsatzen duzu besteek bikote onak dituztela, eta hemen, Iruñerrian talde asko daude toki gutxian… Harritu? Agian, kadeteek; besteek hobeak izango zituztela espero nuen, eta poliki aritu dira.
Kanporaketa estu bat edo beste izan duzue...
Bai, Zugarralderen aurka, adibidez —tanto bakar bategatik sailkatu ziren—, baina, Ioldik eta Linzoainek serio jokatzen dutenean, hutsik ez egitera, edozer gauza pasa daiteke, eta ez da erraza nagusietako bikote bat bostean uztea.
Uhartek irabazi zuen txapel bat, 2004an.
Urte hartako gure taldea egungo Zazpi Iturri bezalakoa zen. Garralda-Beroiz kadeteek aurkariak bian eta hiruan uzten zituzten; gazteetan, Ioldi eta Linzoain nituen. Halako talde bat duzunean, irabazteko da, eta aurten, Zazpi Iturrik du halako seikotea. Horrelako talde batekin, aprobetxatu egin behar da aukera. Gerora, finalerdi bat ere jokatu genuen, bai; Markinaren aurka galdurikoa.
Txapelketa nolakoa iruditu zaizu?
Antolakuntza eta joko aldetik oso ondo dago. Torneo garrantzitsu bat da, eta urtero oso gustura parte hartzen dut.
Paco Caballero. Uharteko entrenatzailea
«Ez gara faboritoak, baina ezustekoa eman dezakegula uste dut»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu