«Ez gara gutxiago»

Iñigo Martinezek onartu du Mallorcari irabazita «beste indar batekin» daudela, «Athletici irabazteko konfiantzaz»

Iñigo Martinez Realeko atzelaria, joan den igandean, Victor Mallorcako aurrelariarekin lehian. CONNY BEYREUTHER / ARP.
Erredakzioa
Donostia
2012ko otsailaren 29a
00:00
Entzun
«Eurek etxean jokatuko dutela, alde horixe ikusten dut nik, baina kirol arloan ez gara gutxiago. Ez dut uste eurak gu baino faboritoago direnik». Athleticen aurkako derbiaren atarian, Iñigo Martinezek baikortasun mezua helarazi zien atzo Realeko zale guztiei. «Asteburuan Mallorcari irabazita, beste indar batekin gaude», onartu zuen erdiko atzelariak. Lehen itzuliko partidan gol ikusgarria sartu zuen ondarroarrak, zelai erdiko marratik bertatik jaurtiketa eginda, baina gol hark ez zuen balio izan puntu bakar bat ere eskuratzeko —1-2 irabazi zuen Athleticek, Llorenteren bi goli esker—. Emaitza hura gogoan daukate Realeko jokalariek, eta igandean Athletici irabazte-ko gai izango direla sinetsita daude.

Selekzioekin ari diren lau jokalariez gain —Griezmann, Demidov, Bravo eta Cadamuro—, Xabi Prieto eta Elustondo ere ez ziren aritu atzo gainerako taldekideekin, Zubietan. Donostiarrak klubaren baimena zeukan, eta beasaindarrak erabat osatu ezinik jarraitzen du oraindik. Philippe Montanierren aginduetara, ia bi orduko entrenamendua egin zuten gainerakoek.

«Oso partida polita eta, era berean, zaila» espero du Realeko atzelariak. «Irabazteko asmoz zelairatuko gara gu, noski, eta hiru puntuekin itzultzea espero dut». San Mameseko zaleen berotasuna ere goraipatu zuen Martinezek. «Motibazioz gainezka zelairatuko dira, eta asko nabarituko dute zaleen berotasuna. Baina talde gisa jokatu behar dugu guk». Bizkaitarra da Martinez, eta horrek eraginik izango ote duen galdetuta, azkar bota zuen erantzuna. «Bizkaitarra naiz, bai, baina nik kolore hauen alde egingo dut. Partida guztietan bezala, dena ematera zelairatuko naiz».

Beste pauso bat eman eta San Mamesen irabaztea «ikaragarria» litzatekeela onartu zuen erdiko atzelariak. «Aurkari zuzenaren etxean irabazteak hiru puntu baino zerbait gehiago emango lizkiguke. Konfiantza handia eskuratuko genuke».

«Partida orekatua izango da»

Martinezen antzera, Vela ere «gogotsu» dago euskal derbia jokatzeko. «Oso partida garrantzitsua da denontzat. Beti da polita horrelako partidak jokatzea, eta hunkituta nago derbi hau jokatu ahal izango dudalako». Mexikarraren ustez ere, ez dago faboritorik. «%50ean gaudela uste dut. Partida orekatua izango da». Lehen itzuliko partida kontuan hartuta, bi taldeetako jokalarien eta zaleen artean dagoen «giro sanoa» goraipatu zuen aurrelariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.