Ez zaitez fida bizilagunarekin...

Silverstonen, McLarenen etxean, Renaultek inolako lotsarik gabe lortu du 'pole'-a Alonsori esker

Laurentzi Garmendia
2005eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Aurtengo 1 Formula txapelketak une erabakigarria izan dezake gaurko Erresuma Batuko Sari Nagusian, Silverstoneko barruti entzutetsuan. Lehengo astean Frantziako lasterketan gertatu zena errepikatuko dela dirudi. Horrek goitik behera baldintzatuko du txapelketa. Izan ere, Raikkonenen Mercedes motorrak berriro huts egin du, eta Alonso aurretik aterako da, atzo pole-a lortu baitzuen.

Aurkakoa gertatuko zela bazirudien ere, McLaren betiko akatsak egiten ari da aurten ere.Sendotasun arazoak izan ditu talde britainiarrak. Orain arte lortu du ahal bezala eustea, eta oraintxe zuen aukera, Silverstonen, nagusitasuna erakutsi eta Renaultekiko duen atzerapena txikitzeko.Atzoko laugarren saioan, ordea, Raikkonenen motorrak huts egin zuen bigarren itzulian, eta, erremediorik gabe, hamar postu galdu zituen. Sailkapen probetan bigarren denbora onena egina zuenez, hamabigarren aterako da gaur, lasterketa irabazteko aukera gutxirekin. Frantzian bigarren egin zuen antzeko egoeran hamahirugarren atera zen, baina ezinezkoa dirudi emaitza hori hobetzea.Renaultek uste baino maila hobea eman du Silverstonen. Hori esan egin behar da. Raikkonenek arazorik izan ez balu, lehen postua finlandiarrarentzat izango zen ziurrenik, baina atzetik atera beharko duela jakinik, erregai kopuru handiagoarekin eman zuen itzulia; horregatik gainditu zuen Alonsok. Asturiarrak ongi moldatu du R25 autoa Silverstoneko ezaugarrietara. Gaur beste garaipen bat lortzeko aukera ona du.

FIAren eta gidarien arteko tirabirak

Aste labur honetan, FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioko presidente Max Mosley haserre agertu zen Sari Nagusietako Gidarien Elkarteen aurrean. David Coulthard ordezkariari zuzendu zitzaion. Hartara, Coulthardek FIAren azken urteetako jarduna kritikatu zuen; batik bat, araudiari dagokionez. Horrek ez dio graziarik egin Mosleyri. Ondorioz, FIAk eta gidarien elkarteak ostiralerako adostua zuten bilera bertan behera utzi dute.

Jarrera hori umekeria da. Azkenaldian Mosleyk erabaki burugabe asko hartu ditu. Iaz kargua utziko zuela adierazi eta hilabetera, iritziz aldatu eta bere postuan jarraitzea erabaki zuen. Oraingoan, segurtasunaz hitz egitea helburu zuen bilera bertan behera utzi du. Ondokoa zion Coulthardek sinaturiko gutunak: «Gidariek ez dugu politika kontuetan sartu nahi. Segurtasuna jokoan dago, eta horren inguruan behar adina neurri hartu behar direla uste dugu».FIAk 2008rako araudi berriaren proposamena egin die taldeei. Horixe da kontua. Orain arteko aldaketa askoren emaitza kaskarra ikusita, taldeek ondo pentsatu nahi dute zer egin eta zer ez egin. Internet bidez inkesta bat egin dute, eta jarraitzaileen %94ek aurreraketa gehiago nahi dituzte, %70ek betiko sailkatze saioetara bueltatu nahiko lukete. Monacon, kaleetan barrena osatutako barrutia da zale horien gustukoena. FIAk egin duenaren kontrakoa nahi dute inkestari erantzun dioten 93.000 zaleek.

Zale horiek, eta askoz gehiago ere, telebista aurrean izango dira Alonsoren eta Raikkonen arteko lehia ikusteko. Alonsok Frantziako estrategia bera erabiliko du: lasterketa hasieran esprint galanta bota aldeak ateratzeko. Raikkonenek, berriz, ahalik eta gehien luzatuko du lehen geldialdia, postuak aurreratzeko modu bakarra baita. Alonso da irabazteko hautagai nagusia.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.