EPAITEGIAK

Ez zirela dopatu esan dute arraunlariek

Medikuak "errekuperatzeko bitaminak" ziztatzen zizkietela argitu dute, ez ordea, dopatzeko. Ziztada horiek sorbaldan, ipurdian edota tripan hartzen zituzten, inoiz ez zainetatik.

Astelehenean ekin zioten epaiketari. Irudian, Borja Garai, denboraldi hartako medikua, deklaratzen. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
2015eko azaroaren 3a
15:15
Entzun

Arraunlari guztiek ukatu egin dute substantzia dopagarriak hartu izana. Borja Garai taldeko orduko medikuak "errekuperatzeko bitaminak" injektatzen zizkiela esan dute, ez besterik. Sorbaldan, ipurdian eta tripan hartzen zituzten ziztadak, baina ez, ordea, zainetatik. Halere, arraunlari guztiek onartu dute ez zekitela zehazki zer substantzia mota erabiltzen zuen, eta galdetu ere ez zutela egiten, medikuarengan konfiantza osoa zutelako.

2010. urtean Urdaibai taldean aritu ziren hamabi arraunlarik eta bi patroiek deklaratu dute gaur, Urdaibaiko arraunlarien ustezko dopatze auziaren bigarren saioan. Lekuko guztiak fiskaltzak eta akusazio partikularrak proposaturikoak izan dira.

Atzoko saioan, Urdaibaiko arraunlari izandako lekuko babestu batek salatu zuen, estropadetara joaten zirenean bi furgoneta eramaten zituztela; iritsi aurretik, zerbitzugune batean gelditu, eta furgonetetako batean ziztatzen zituztela arraunlariak. Gaurko lekuko guztiek, aldiz, aho batez ukatu dute furgonetetan injekziorik hartu izana, baita hozkailu-motxila baten existentzia ere. Marcos Maynard, ustez dopatzeko botikak kudeatzeaz arduratzen zen medikuarekin harremandu izana ere ukatu dute.

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak lekuko berriak proposatu nahi izan ditu, baina epaileak ez ditu onartu, jada epaiketa hasita dagoela eta prozeduratik kanpo jokatzea izango litzatekeela argudiatuz. Horrela ba, gaurkoz saioa amaitutzat eman du. Bihar goizean arraunlari gehiagok eta operazioan parte hartu zuten guardia zibilek deklaratuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.