Pilota. EPELen lau t'erdiko txapelketako finala

Ezagutzen zaitut, ezta?

Aimar Olaizolak eta Juan Martinez de Irujok lau t'erdiko finala jokatuko dute gaur; ez dago faborito argirik. Elkarren aurka jokatuko duten zazpigarren finala da.

Irujo eta Olaizola II.a, elkar agurtzen, 2006ko buruz buruko finalaren ondoren. Iberokoak 22-17 irabazi zuen. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Imanol Magro Eizmendi.
Donostia
2011ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Ruben Belokik erretiroa hartu berri du. Agurraren aurreko egunetan makina bat elkarrizketa egin dizkiote, eta Patxi Eugirekin oroitu da guztietan. Kirol Nemesia eta laguna. Biek aro bat markatu zuten pilotan: XX. mendearen hasiera, eta haien arteko lehiek Irujoren eta Olaizola II.aren artekoei utzi zieten lekuka. Hasiera batean bazirudien Barriola izango zela Olaizolaren aurkari kutuna, baina ez, Irujo izan da haren zorion eta tristura gehienen lekuko. Gaur jokatuko dutena elkarren aurkako zazpigarren finala da (17:00, ETB1), lau t'erdiko bigarrena, eta Bilboko aurrenekoa. Gaur irabaziko balu, Olaizolaren bosgarren txapela litzateke, eta lau t'erdian inoiz txapel gehien lortu duen pilotaria izango litzateke, eta Retegi II.aren marka hobetuko luke.

Irujo da faborito, bai behintzat apustuzaleentzat: 100-80ri. Olaizola II.ak hilabete darama jokatu eta behar bezala entrenatu gabe, eta ikusteko dago hatz hautsiak zenbateraino baldintzatzen duen haren jarduna. Azken asteak, gainera, oso gogorrak izan dira olaizolatarren etxean, pilotariei aita hil zitzaien joan den astean, eta ez da erraza zorigaitzaren ondoren altxatzea. Gaurko partidan zaila izango da karga animiko hori pilotalekuko girotik aldentzea. Irujori dagokionez, bost aste dira finalerako sailkatu zela, eta tarte horretan entrenamenduak pilatu ditu. Lau t'erdiko bere txapelketa onena izaten ari da, eta berak onartu du inoiz baino gehiago entrenatu dela. Finalerdietako ligaxkan elkarren aurka jokatu zuten, eta 22-20 irabazi zuen Irujok gorabeheraz jositako partida hura.

Elkarren aurka jokaturiko finalei begiratuta ere, Irujo ageri da irabazle. Orain arteko lau t'erdiko bakarrean Olaizolak irabazi du, baina seitik lautan Iberokoak jantzi du txapela. 2005ean egin zuten topo aurrenekoz final batean, buruz burukoan. Donostian jokatu zuten, eta Olaizola II.ak 22-18 irabazi zuen. Irujo hasi zen agintzen, ondo sakatuz eta joko bizia eginez (15-6). Partida ia galduta zeukanean, Olaizola suspertu egin zen, edo anaiak susperrarazi zuen, aulkian eginiko errieta ez ahazteko modukoa izan baitzen. Eragina izan zuen: anaia gazteak 3-16ko partziala egin eta txapela jantzi zuen.

Irujoren urtea

2006a Irujoren urtea izan zen. Hiru txapelak irabazi zituen, eta horietatik bi, Olaizolari irabazita. Binakakoan, Eulaterekin, 22-11 irabazi zieten Olaizola II.a eta Zearrari, Gasteizen. Goizuetakoak istripua izan zuen finaleko bidean eta partidaren erdi aldetik aurrera txakalaldia izan zuen. Lehen zatia orekatua izan zen, baina azken txanpan Aspekoak gehiago izan ziren. Hura ez zen izan Olaizolaren eguna.

Hiru hilabete eskas geroago berriz ere txapela izan zuten jokoan gaurko bi finalistek. Donostian izan zen, buruz burukoaren egun handian. Irujok aurreko urteko ordaina hartu zuen (22-17): 9nako berdinketaren ondoren, zazpi tanto jarraian egin zituen. Olaizolak tartea murriztu zuen, baina ez behar adina. Ez zen final ona izan.

Urte eta erdi geroago jokatu zuten elkarren aurkako lau t'erdiko final bakarra, Donostian. Olaizolak ondo irabazi zuen (22-17), tantoak mamitu eta Irujoren hutsak eraginez. 5-0 irabazten zihoala Olaizolak ezker eskuko hatz txikia pitzatu zuen, eta Irujok buelta eman zion emaitzari (5-7). Iberokoa horma-biko sake bat egiten ausartu zen, eta Olaizolak tantoa lortu zuen errestoan, txapa gainean moztuta. Azken txanpan Olaizolak oso ondo jokatu zuen, lasai eta zehatz. Irujok, aldiz, hamahiru huts egin zituen guztira, tartean azken bi tantoak.

2009an jokatu zituzten azken bi finalak elkarren aurka, eta 2006an gertatu zen bezala, Irujok irabazi zituen biak. Aurrenekoa binakakoa, Donostian. Irujok eta Goñi III.ak 22-21 irabazi zuten Olaizola II.a-Mendizabal II.aren aurka. Partida luzea eta gogorra izan zen, eta pilotek zeresana eman zuten, bikote bakoitzak aukeraturiko sorten artean zegoenaldeagatik. Gorabehera askoko final hura Goñi III.aren eskapada batek erabaki zuen. Irujok, gero «dejada» izan zela esan zuen ironikoki.

Buruz burukoa izan zen bien azken finala. Donostian, beste behin. Irujok 22-12 irabazi zuen. Olaizolak ez zuen bere tokia aurkitu pilotalekuan, eta amore eman zuen, aurkariaren erritmoan itota. Irujok goitik behera agindu zuen, eta azken txanpan oso trebe aritu zen tantoa bukatzen. Sake-errematea ere erabili zuen. Buruz buruko laugarren txapela izan zen Iberokoarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.