Ezberdina eta zorrotza

Marcelo Bielsa entrenatzaile berezia da, berritzailea, eta haren lan egiteko erari gertutik begiratzen diote teknikari askokHaren lanaz aritu dira BERRIArekin Angel Garitano 'Ondarru' eta Juanan Larrañaga

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko abenduaren 3a
00:00
Entzun
«Bielsa mago bat da. Munduan dagoen entrenatzailerik onena. Athleticek daukan jokalaririk onena». Vladimir Weissek esana da. Slovan Bratislavako entrenatzailea da Marcelo Bielsaren lana goraipatu duen azken entrenatzailea. Azkena, bai. Baina, aurrez, beste askok egin dute gauza bera. Eta, era berean, asko joaten dira astero-astero Lezamara Athleticek egiten duen lanari gertutik erreparatzera. Gauza berriak ikastera, alegia. «Astean gutxienez bi entrenatzaile etortzen zaizkigu bisitan», aitortu du Jose Mari Amorrortuk, Lezamako koordinatzaileak. Azkena, Miguel Angel Lotina. Meñakarrak etxetik gertu dauka talde zuri-gorriaren gotorlekua, baina bidaia luzeak egin behar izan dituzten entrenatzaileak ere makina bat izan dira.

Baina zer dauka berezia Bielsak? Zergatik maite dute horrenbeste txiletarrek? Zergatik dauka liluratuta futbol munduaren zati handi bat? Bi hitzetan, ezberdina eta berritzailea delako. Angel Garitano Ondarru eta Juanan Larrañagak bertatik bertara ikusi dute Athleticen lan egiteko era, eta Lezaman ikusi dutenaren berri emateko eskatu die BERRIAk; Bielsaren metodoa azaltzeko, hain zuzen ere. «Bielsaren entrenatzeko era berria da. Orain arte ez ditugu ikusi horrelakoak. Lan fisikoa eta taktikoa batu egiten ditu, neurketa batean gertatzen diren ariketak eginez. Bestalde, bideo oso laburrak egiten ditu, jokalari bakoitzari erakusteko zein huts egiten dituen. Gauza ezberdinak egiten ditu, baina Bielsa ez da jainko bat. Jokalariak behar dira entrenatzaileak erakutsi gura duena ikusi ahal izateko», dio Ondarruk. Larrañagak, berriz, azaldu du lan saioetako ariketak zertarako diren. «Bielsarentzat, oso garrantzitsua da taldea ondo kokatuta egotea. Horretarako, antzeko mugimendu taktikoak errepikatzen ditu, ariketa ezberdinak eginez. Horrekin lortu gura du jokalariek barneratzea ondoan dagoen taldekidea mugitzen denean zer egin behar duen».

Teoria erakargarria da. Baina entrenatzaile batek buruan daukana zelaian islatzen ez bada, ez du ezertarako balio. Bada, hori lortzeko gogor lan egiten du Bielsak. Metodo berritzaileak ez du eraginkortasunik serio eta zorrotz lan egiten ez bada. Alde horretatik, ikustekoa da Bielsa nola itxuraldatzen den zelaira ateratzen denean. Sua dauka aginduak ematen hasten denean: beroa da oso. Zelaian aginduak ematen ez dabilenean, ordea, serioa eta lotsatia da. Tratuan zuzena izan arren, ez du gertutasun handirik erakusten. Ezagunak dira itsasertzean eta Zugaztieta inguruan egiten dituen ibilaldi luzeak; lurrera begira egiten ditu gehienak. Sarri ikusi dute bakar-bakarrik bazkaltzen. Izan ere, Bielsa ez da urruna hedabideekin bakarrik. Bere lan taldearekin duen lotura ere profesionala da. «Bielsa eta biok ez gara lagunak. Gure harremana profesionala da». Luis Bonini prestatzaile fisikoaren adierazpenak dira —Boninik du harreman estuena jokalariekin—. Bere lantaldeari arlo profesionalaren eta pertsonalaren arteko marra gainditzen lagatzen ez badio, normala da gainerakoentzat are gaitzagoa izatea harengana gerturatzea.

Athleticen, Amorrortuk du harreman zuzena harekin. Gaur-gaurkoz, bai bigarren taldeko entrenatzaile Jose Angel Zigandarentzat eta bai gainerako teknikarientzat urrun samar dago Bielsa, ez baita erraza argentinarraren konfiantza lortzea. Mesfidati samarra da. Eta, batez ere, zorrotza. Eskatzen duena egiten ez bada, jai dauka inguruan daukanak. Lezamako langileek badakite dagoeneko Bielsarekin ez dagoela lasaitzerik: beti eskatzen du maximoa. Dena ematen ez duena alboratu egiten du bere eguneroko lanetik. Hori ondo baino hobeto dakite bere lantaldeko kideek. Ikustekoa da nola jartzen dituen Luca Marcogiuseppek lan saioko ariketak egiteko beharrezkoak diren kono, zinta eta hamaika traste: korrika, gelditu barik. Bere buruari eskatzen diona exijitzen die ingurukoei Bielsak: lana, elkartasuna eta konpromisoa. Eta jokalariak ere behartuta daude maila bertsua ematera. Alde horretatik, leku aproposean dabil Bielsa, Athleticen aldagelako ezaugarri nagusietako bat batasuna da eta. «Jokalariek azkar barneratu dute Bielsak eskatutakoa. Zortea dauka Athleticeko jokalariak jarrera egokia erakusten dutelako ikasteko. Eta, gainera, langile finak dira. Bielsak egin gura duena ezin baitaiteke edozein taldetan egin. Sevillan, esate baterako, asko kostatuko zitzaion, oinez jokatzen duten futbolariak direlako. Hemen, aldiz, inor ez da kexatzen», azpimarratu du Ondarruk.

Taldeak erakutsitako jarrera egokiari esker aldatu da Athleticen dinamika. Egun taldea ondoari den arren, denboraldi hasieran ez zelako horrelakorik gertatu. Hain zuzen ere, emaitza onak eskuratzen hasi izana ezinbestekoa izan da, Larrañagaren arabera. «Athleticen zalantzak egon ziren sasoiaren hasieran, baina orain ondo ari da lehiatzen, bai Ligan, bai Europako Ligan. Entrenatzeko era berria barneratuz joan izana eta astebukaerako emaitza onek aldatu dute egoera. Lehiaketako emaitza oso garrantzitsua baita egiten ari diren lanean sinesteko». Bielsa metodoaz jakiteko falta den bakarra da bederatzi hilabete luze irauteko balio duen ala ez. Maiatzean jakingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.