Ezberdina, freskoagoa

Azken urteotan baino erakargarriagoa izan da aurtengo Espainiako Vuelta; Vincenzo Nibali italiarrak irabazi du

unai zubeldia
Donostia
2010eko irailaren 21a
00:00
Entzun
Ikusgarri hasi zen Espainiako Vuelta, Sevillan, gaueko taldekako erlojupekoarekin, eta ikusgarri amaitu zen larunbatean, Bola del Mundo gainean, Ezequiel Mosquera (Xacobeo-Galicia) eta Vincenzo Nibaliren (Liquigas) arteko lehia estuarekin. Vuelta amaitu, herenegun amaitu zen, Madrilen, Tyler Farrarren (Garmin) garaipenarekin, baina sailkapen nagusiko lehiak zerutik gertu izan zuen azken dema, porlanezko pareta estuetan gora. Hasi eta bukatu, ezberdina izan da aurtengo Vuelta. Amaiera bihurri asko izan ditu itzuliak, autobide zabaletan ohi baino kilometro gutxiago egin behar izan dituzte txirrindulariek, punta-puntako esprinter asko elkartu dira hiru asteotan, eta faboritoen menua aldatu egin da nabarmen.

Aldatu, Nibali hiru asteko itzulirik irabazi gabe zegoelako -Italiako Giroan hirugarren izan da aurten-, eta Mosquera eta Peter Velits (Columbia) hiru asteko itzuli bateko podiumera igo gabe zeudelako. Hiru horiek freskatu dute 2010eko Vueltako podiuma; lehen hamahiru etapak aztertuta, Igor Antonek (Euskaltel-Euskadi) egon beharko zukeen podiumean. Berak irabazi zuen laugarren etapa, Valdepeñas de Jaenen amaitu zena, eta Xorret de Catin jantzi zuen liderraren maillota, zortzigarren etapan. Bost egunez ibili da Anton maillot gorria jantzita, baina aurkariek egin ezin izan zutena egin zuen errepideak. Peña Cabargara bidean erori, eta erretiratu egin behar izan zuen, ukondoa hautsita.

Ordurako beste hiru etapa irabazita zeuden euskal txirrindulariak. David Lopezek (Caisse d'Epargne) irabazi zuen bederatzigarren etapa, Alcoin; Imanol Erbiti taldekideak hamargarrena, Vilanova i la Geltrun; eta Igor Antonek berak 11.a, Andorran. Lehen 11 etapetan, lau garaipen. Eta beste bat falta zen; ikusgarriena, agian. Euskaltel-Euskadik, eta Mikel Nievek bereziki, etapa gogoangarria egin zuten Cotobellora bidean, Vueltako etapa nagusian, eta leitzarrak profesionaletako lehen etapa irabazi zuen. Bost etapa garaipen, Anton bost egunez liderraren maillotarekin, Nieve 12. postuan sailkapen nagusian... Euskal txirrindularien maila ere aldatu egin da aurtengo Vueltan, azken urteotan ez dutelako halako distirarik egin.

Joaquim Rodriguezen ezina

Antonen erorikoak nabarmen baldintzatu zuen Vueltako oilarren arteko dema. Ordura arte lider sendoaren itxura ematen ari zen Euskaltel-Euskadikoa, eta ordutik aurrera Liquigasek hartu behar izan zuen ardura hori. Peña Cabargan jantzi zuen maillot gorria italiarrak, 14. etapan -Joaquim Rodriguezek (Katuxa) irabazi zuen etapa-, eta bi egun geroago soilik egin zuen irrist, Cotobellon gora. Rodriguez iritsi zen lider gisa bigarren atseden egunera, baina kataluniarrak huts nabarmena egin zuen Peñafieleko 46 kilometroko erlojupekoan. Peter Velitsekiko sei minututik gora galduta, han galdu zituen maillot gorria eta podiuma. Hori bai, UCI Pro Tourren sailkapenean buruan jarri zen atzo.

25 urte dauzka Nibalik, eta beste hainbeste Velitsek. Gaztetasunaren kolpea izan da biena. «Nire kirol ibilbidean etengabe hazten joan naiz, handinahia naiz, lasterketa handiak irabazi nahi ditut. Ez dakit Contador eta Schlecki irabazteko gai izango naizen, baina saiatuko naiz». Garaipenarekin, Vueltatik Tourrerako jauzia eman du Nibalik. 34 urterekin, berriz, ametsa bete du Mosquerak. Etapa bat eta podiuma. Biak zeuzkan begiz jota, eta biak lortu ditu. Saiatu izanaren saria jaso du galiziarrak.



Sailkapena

NAGUSIA

1. Vincenzo Nibali (Liquigas) 87.18.33

2. Ezequiel Mosquera (Xacobeo) 41era

3. Peter Velits (Columbia) 3.02ra

4. Joaquim Rodriguez (Katuxa) 4.20ra

5. Frank Schleck (Saxo Bank) 4.43ra

6. Xavier Tondo (Cervelo) 4.52ra

7. Nicolas Roche (Ag2r) 5.03ra

8. Carlos Sastre (Cervelo) 6.06ra

9. Thomas Danielson (Garmin) 6.16ra

10. Luis Leon Sanchez (Caisse) 7.42ra

11. David Garcia (Xacobeo) 9.37ra

12. Mikel Nieve (Euskaltel) 10.58ra

13. Vladimir Karpets (Katuxa) 13.05era

14. David Moncoutie (Cofidis) 14.32ra

15. Christophe Le Mevel (Franc.) 16.36ra

12. Mikel Nieve (Euskaltel) 10.42ra

31. Amets Txurruka (Eusk.) 48.10era

42. David Lopez (Caisse) 1.25.08ra

46. Juanma Garate (Rabob.) 1.35.36ra

56. Juanjo Oroz (Eusk.) 1.47.25era

78. Imanol Erbiti (Caisse) 2.13.50era

84. Gorka Verdugo (Eusk.) 2.21.50era

101. Pablo Urtasun (Eusk.) 2.49.40ra

110. Pierre Cazaux (Franc.) 3.12.17ra

115. T. Garcia Acosta (Caisse) 3.18.31ra

141. K. Fdz. de Larrea (Eusk.) 3.53.17ra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.