Hamar goleko aldearekin ere beldurrez joaten zinen Zagrebera. Pistara joateko korridoreak hiltegirako bidea zirudien. Behin pistan, infernua hasten zen». Horrela gogoratzen du Juantxo Villarreal Bidasoako entrenatzaile ohiak Badel 1862 Zagreben Dom Sportova pabiloia. Hamar urte joan dira ordutik, eta gauza asko aldatu dira, Kroaziako taldean batez ere. Ezer gutxi geratzen da Europako bi Kopa irabazi zituen taldeaz. Jokalari onak ditu (hiru olinpiar eta munduko txapeldun), baina taldeak jada ez du inor beldurtzen. Saracevic, Cavar, Matosevic, Smajlagic, Basic, Tomljanovic, Dzomba eta enparauak jada ez daude. Dom Sportova ere ez da lehengo pabiloi beldurgarria. Eta hori gutxi balitz bezala, taldeak jada ez du Badel 1862 Zagreb izena, RK Zagreb baizik. Ezer ez da betiko.
Venio Losert Portlandeko atezain ohiak Zagrebeko taldearen urrezko aroa bizi izan zuen. Bost denboralditan aritu zen han, eta bost Liga eta bost Kopa irabazi zituen. Europan, ordea, ez zuen txapelik lortu. Ez zen aukera faltagatik izan, lau aldiz jokatu baitzuen Europako Kopako finala. Alferrik. Bartzelonak hirutan eta Elgorriaga Bidasoak behin sari gabe utzi zuten. «Talde ikusgarria genuen, errepikaezina. Baina aldaketa asko izan dira ordutik. Jokalari batzuek erretiroa hartu dute, beste batzuek beste taldeetara joan garaÉ Orain talde ona du, baina argi dago ez dela lehengo talde bikaina».Losertek argi du zerk eragin duen RK Zagreberen gainbehera: Kroaziako Ligan ez dutela aurkaririk. «Bospasei partida gogor bakarrik jokatzen dituzte denboraldian, Europako lehiaketetan guztiak. Izan ere, Kroaziako Ligan ez dute aurkaririk. Agram-Medvesca, hiriburuko beste taldea da estutasunetan jar diezaiokeen bakarra, baina asko falta zaio oraindik». Estatistikek arrazoia ematen diote Loserti. RK Zagrebek azkeneko 15 Ligak irabazi ditu, eta ezusterik ezean, 2005-2006ko denboraldiko txapela ere berea izango da: jokatu dituen lehen sei partidak irabazi ditu. Ez hori bakarrik, 2003ko martxoaren 30etik ez du partidarik galdu. Metkovic Jambo (Balicen talde ohia) izan zen Kroaziako Ligan RK Zagrebi irabazi zion azken taldea.
Aldaketa asko
Joan den denboralditik hona aldaketa asko izan ditu Portlanden aurkariak. Zortzi jokalarik utzi dute taldea, jokalari garrantzitsuak tartean: Vori pibota eta Bilic albokoa, besteak beste. «Kostako zaio hutsune horiek betetzea. Vori taldeko jokalari onena zen, horregatik fitxatu zuen Bartzelonak. Bilic, berriz, taldeko goleatzaile nagusia izan da azkeneko denboraldietan».
Zortzi hutsune horiek betetzeko beste hainbat fitxaketa egin ditu RK Zagrebek: Djukanovic, Kapisoda, Lisicic eta Toskic serbiarrak, Anusic eta Terziz bosniarrak, Lapajne esloveniarra eta Arnaudovski kroaziarra. Horiez gain, bigarren taldeko sei jokalarik lehen taldera egin dute salto: Dzonok, Koloperrek, Nekicek, Sikanjicek, Toticek eta Vranicek. «Ez dakit talde hobea duen edo ez. Hori bai, jokalari gehiago ditu. Fitxaketa asko egiten dituzten taldeen arazo bera izango du: egokitzapen falta. Denbora beharko du ondo jokatzen hasteko. Txapeldunen Ligako lehen partidan ikusi da hori. Lan asko du egiteko».Loserten iritziz, «defentsa da Zagrebek duen onena. Hori ez da aldatu. Balkanetako ohiko sistemari leial da, 3-2-1 defentsari. 6-0 defentsa ere erabiltzen du. Gainera, Djukanovic, Anusic eta Toskic fitxatu ondoren hori egiteko jokalari aproposak ditu. Atea ere ondo zainduta du, estilo ezberdineko bi atezainekin: Blazicko txikia eta bizia da, eta Lapajne handia eta tokia galtzen ez duenetakoa». Ahulgunea, berriz, erasoa da. «Jokalari pisutsuak ditu, eta, horren ondorioz, nahiko mantso jokatzen du, eraso luzeekin. Lehen lerroak du ardura guztia. Goluzak zuzentzen du taldea, bera da Cervar entrenatzailearen igorlea pistan. Golak sartzeko ardura Lisicicen eta Terzicen eskuetan dago. Lehena azeri zaharra da, eta bigarrena etorkizun handiko jokalaria».Losertek ez du zalantzarik: Portland da faboritoa. Baina argi du baita ere Iruñeko taldea ezin dela deskuidatu. «Ziur naiz Portlandek irabaziko duela, baina ez gol askogatik. RK Zagreb talde oso arriskutsua da etxean, zaleen babesean. Portlandek, gainera, gutxitan irabazten du erraz etxetik kanpo Europako lehiaketetan. Adi egon beharko du, bestela sufritu egingo du».
ESKUBALOIA
Ezer ez da berdin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu