Oilategia baretu da. Kontrakantxako oihu festa ez da garai batekoa. Eztarria urraturiko artekari kopurua murriztuz doa, lana gutxitu delako. Pilotalekuko apustuak garai larrian daude, eta inork ez du ezkutatzen azken urteetan izandako beherakada nabarmena. Artekari zein apustuzaleak bat datoz. «2007an goia jo genuen; inoiz baino gehiago jokatu zen. Hura zen hura dirua mugitzea, eromena! Ordutik %90 jaitsi dira apustuak». Diagnosia Santi Agirre (Zaldibar, 1952) Aspe enpresako artekariarena da. Axier Lizasok (Zestoa, 1974) Asegarceren anagrama darama brodatua bere jakan, eta bat dator Agirrerekin. «Garai onenak pasa dira. Nik enpresari bidaltzen dizkiodan zifrak ezagutzen ditut, eta 2007ik hona asko jaitsi da, %80 bai. Egun pezetaren azken urteetan baino pixka bat gutxiago jokatzen da [pezeta 1999an desagertu zen]».
Apustulariek ere sumatu dute beherakada, 2000ko hamarkadan jokoa puztu zuten puntuak falta direlako. «Orain jokatzen duena duela hamar urte jokatzen zuen bera da, betiko apustularia», azaldu du izena gorde nahi izan duen apustuzale gipuzkoar batek. «Urte on horietan zortzi edo hamar apustulari oso indartsu sartu ziren pilotalekuetan, eta horiek puztu zuten. Askok porrot egin eta jokoa utzi behar izan dute. Horra beherakadaren arrazoi nagusietako bat». Orduko kopuruen adibide, kontaturiko anekdota: «2005eko buruz buruko finalean, Olaizola II.ak Irujoren kontra aurkako 15-6koa altxatu zuen hartan, apustuzale handi horietako batek 330.000 euro inguru galdu zituela aitortu zidan, eta ziur nago egia esan zidala».
Egoera ekonomikoa hobea zen, diru eta lan gehiago zegoen, baina Lizasok beste aldagai bat gehitu dio azalpen logikoari: «Inflazioa egon zen apustuetan, egoera hura ez zen erreala, krisi ekonomikoa iritsi aurretik ere ikus zitekeen hari eustea ezinezkoa zela. Gakoa euroaren aldaketa izan zen: postura [gutxieneko apustua] 100 euroan jarri zen, eta lehen 5.000 pezetakoa zen. Hirukoiztu egin zen kolpetik, eta jendeak dirua zuenez, puztu egin zen. Edozeinek jokatzen zituen 500 euro 25.000 pezeta [150 euro] balira bezala. Behi ona zegoen, urte askotarako esnearekin, eta bi urtetan dena atera zitzaion».
Apustuzaleak on egin ditu Lizasoren hitzak: «Norbaitek 25.000 pezeta jokatzen bazituen 'hori nor da?' galdetzen genuen harmailetan. Urte on horietan, berriz, 50 euroko apustuak ez ziren onartzen, denak ziren 200 edo 300 eurokoak». Agirrek berretsi egin du: «Urte horietan 50 euroko apustuak ez genituen egiten, txantxa zirela esango genuen. Euroaren eragina izugarria izan zen, ekonomiaren egoera hobea zen, eta nabaritzen zen, baina pezetetan jarraitu izan bagenu %60 gutxiago egin izango genuen lan». Apustuzaleak, bestalde, beste aldagai bat gehitu du garai onak hobeto ulertzeko: «Pilotalekuetan jokatzen den diruaren zati handi bat diru beltza da, ogasunean ezin dena aitortu. Diru beltza dagoen bitartean, apustua egongo da pilotalekuan, baina hori ere gutxiago dago. Lehen, esaterako, fabriketan ordu estrak beltzean ordaintzen ziren, eta orain, hori ere ez».
Apustuak bere bidera itzuli dira, eta gaur egungoa errealitatea da. «Halako krisirik ez dut ezagutu, ez pilotalekuan, ez gizartean». Agirrek badaki zeri buruz ari den, 1983an pilotari gerrikoa erantzi zuenetik baitabil artekari lanetan. Azalpena eman du: «Lehen, partida batean 40 edo 50 apustu egiten ziren; gaur egun, berriz, lau edo bost. Jaialdi askotan zortzi artekari gaude, eta gehienak alferrik. Pentsa, jaialdiren batean 1.200 euro mugitzeko lau artekari bidaltzen dituzu, eta horren %9 zer da? Hutsaren hurrengoa». Diru gutxiago mugitzeak, Lizasoren iritziz, apustularia uzkurtzen du, segurtasun gutxiago dagoelako. «Diru asko mugitzen bada, apustularia lasaiago dago, gauzak gaizki joanez gero diru pixka bat berreskuratzeko aukera izango duela badakielako. Mugimendurik gabe, babestea zailagoa da. Orain, partida hasi aurretik jokatzen du apustulariak, eta ez du aldatzen. Gero, agian, bukaeran, partida erabakita dagoenean, beste aldera 4.000 euro joka ditzake 400 berreskuratzeko».
Krisiak, halere, eta, artekarien esanetan, ez ditu gauzak zaildu kobratzeko garaian. Are gehiago, Agirreren iritziz, hobera egin dute. «Ordaintzen ez duen jendearen ardura guk dugu, edota zorrak bost hilabetetara ordaintzen dituenarena. Orain, baina, kobratzeko inoiz baino hobeto dago, zuhaitza astinduz gero fruta ustela erori egiten delako. Gu pozik gaude, badago hogei egun eskatzen dituenik ordaintzeko, baina hori ez da arazo». Lizaso iritzi berekoa da: «Apustu handiak aste barruan kobratzen dira, eta txikiak, partidan. Baten batek jaialdiko hiru partidetan kale eginez gero, berarekin hitz egin behar duzu, baina moldatzen zara. Oso gutxi dira pagatu gabe joaten direnak, eta horiek ere harrapatzen ditugu».
Konfiantza, abantaila
Hogei urte barru egongo al da artekaririk? Galdera zuzena. Lizaso egun Aspe eta Asegarcen dagoen artekari gazteena da [bere adineko beste bat dago]. «Nik etorkizun beltza ikusten diot: artekariak egongo dira, gutxi, eta zerbitzu jakina emateko gehienbat. Lekukoa? Inor ez dago interesaturik, egun dagoen lanerako nahiko artekari gaude». Agirre ezkorragoa da: «Nik uste dut gu izango garela azken artekari belaunaldia, ez dut uste 25 urte barru besterik egongo denik. Pena da, apustuaren oihuak gatza jartzen diolako partidari, angulen pipermina da. Gainera, apustu modu bat ere desagertuko da gurekin: hitzezko apustua. Pilotalekua da munduko toki bakarra aurretik dirua jarri gabe apustu egin daitekeena».
Apustuzalea, berriz, ez da hain ezkorra: «Artekariak beti egongo dira, euskal herritarra apustuzalea delako. 1.000 euro jokatu nahi duenak ez du makinan jokatuko, ezta berehala jokatu nahi duenak ere. Artekariak, gainera, konfiantza ematen dizu, epe jakin batean ordaintzeko, edo pagatzen lagunduko dizu, zor asko dituenak irabaztea nahi duelako, eta hari lagunduko dio. Apustu etxeek, berriz, berehala kobratzen dute». Pilota enpresek hainbat pilotari ohiri eskaini zieten artekari sartzea, buruz buruko txapeldun ohiak barne, bezero berrien bila, baina inork ez zuen onartu.
Artekarien abantailak eta etsaiak izendatu ditu apustuzaleak: konfiantza eta teknologia, hurrenez hurren. Agirrek bere jarduna goratu du: «Internetez jokatu eta galtzen baduzu, astelehen goizean bankutik hoska dituzu zorrak dituzulako. Artekariarekin, berriz, 800 euroko zuloa egin eta nola ordaindu negozia dezakezu: epeka, hilean hainbeste…». Lizasok, era berean, artekariak kontrolatzaile lana egiten duela gogoratu du: «Norbait asko galtzen ari dela ikusten baduzu, 'lasaiago ibili hadi' esaten diogu, apustulariaren lagun egiten gara, eta kontrola dezakegu. Guri ere ez zaigu komeni apustulariak zor handia izatea. Internet bidez, ordea, VISAren zenbakia ematen duzunean, ez da halakorik pasatzen».
Teknologia da aurkaria, argi dute, eta Lizasok argi du haien eskutik apustu zaletasunak asko egin duela gora. «Internet eta makina apustuek hemendik hogei urtera mendekotasun arazoak sortuko dituztela ziur nago. Anoetara zoaz, gola sartu, eta pantailan duzu publizitatea ea nola ordaintzen den hurrengo gola, eta hori umeek ikusten dute. Orain dena aldatu da, edozertara joka daiteke: futbolera, saskibaloira, pokerrera… Inoiz baino apustu gehiago egiten dira. Gero, esan behar da ere, frontoian komisioa dagoela (%16), eta Internet zein makinetan ez dagoela halakorik». Agirrek, berriz, nabarmendu du gazteentzat makinetara jotzea erraza dela: «Nagusientzat ez, baina gazteentzat makina kontrolatzea masa zati batekin bola bat egitea bezalakoa da. Makinak eta Internet apustulari kopurua handitzen ari dira, inoiz baino apustu gehiago dago gizartean. Hor hasi dena, baina, zaila izango da frontoira eramatea, ez baitute sistema ezagutzen». Lizasok eredu oso ona jarri du pilotaleku apustuaren bilakaera zein izan daitekeen ilustratzeko: «Begira arrauna, eta han, dirua aurretik jarrita. Kontxan, aurten, Portaletasen, bi artekari eta zortzi makina zeuden. Artekariak bakar-bakarrik oihuka; eta makinetan, jende ilarak».
Eragina enpresetan
Pilota enpresen egoera ez da ona gaur egun. Jaialdiak saltzea inoiz baino zailagoa da, eta apustuen beherakada bizkarrekoa izan zen. Aurrekontuetan asko nabaritu dela badaki Lizasok: «2007an apustuetako irabaziak aurrekontuaren erdia izan zitezkeen; orain, ezta %10 ere. Kolpe gogorra da, txapelketa partida handietan dirua jokatzen da, baina besteetan, oso gutxi».
Enpresek eta artekariek komisioa banatzen dute, apustu bakoitzeko irabazlearen zatiaren %9 enpresarentzat da, eta %7 artekariarentzat; bien artean: %16. Agirre asko ibiltzen da Aspeko bulegoan, kontuak ezagutzen ditu, eta zehatzago mintzo da: «Apustua garrantzitsua izan da, sarreren eta telebistaren ondoren diru sarrerarik onena da. Garai batean aurrekontuaren laurdena baino gehiago ziren; orain, aldiz, ezta %5 ere, izugarri txikia. Telebista mantendu egin da, sarrerak jaitsi… Lehen 30 pilotaritik gora zeuden Aspen; orain, hogeita bost».
Eta artekariei nola eragin die? Ba al dago apustutik bizitzerik? Lizasok ez behintzat, lan egiten baitu. «Gaur egun ezin da hortik bizi, ia guztiok beste lan bat dugu. Artekari batek diru pixka bat irabazi nahi badu, berak jokatu behar du. Apustulari batek niri dirua zor badit, gaitzerdi, baina beste bati zor badio ,hari ordaindu behar zaio. Gainera, zorrak baditu, irabaziz gero, niri zor didanetik kendu behar. Hori negozioa bada…».
Agirrek ere antzeko iritzia du, halere, dioenez, autonomo kuota ordaintzen jarraitzen dute. Apustuzalea da artekarien egoerari dramatismoa kentzen diena: «Ez daitezela kexatu artekariak; urte on horietan diru asko irabazi zuten, eta irabazi haiek ondo mugitu zituenak badu koltxoia. Eta ez bakarrik asko mugitzen zutenak, baita erdi mailakoek ere. Gainera, apustu batek zentzurik ez duela dakitenean, partidaren nola dagoen ikusten dutelako, euren poltsikora sartzen dituzte papertxoak».
Ezetz iraun
Pilotalekuetako apustuak %90 jaitsi dira 2007az geroztik. Artekariek uste dute apustu sistema klasikoaren etorkizuna kolokan dagoela, besteak beste, teknologiarekin loturiko apustu bide berriak lehiakide indartsuak direlako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu