Sufritzen jarraitu beharko du Alavesek mailari eutsi ahal izateko. Urrats ia erabakigarria egin zezakeen, Mendizorrotzan, Getaferen aurka. Eta eman du pauso bat, baina ez behar bezain handia: puntu bakarra urratu du. Helburura gerturatzeko balio dio, baina salbazioa eskuetan eduki artean, ez dago bakerik. Behintzat, apur bat indartuta iritsiko da Arabako taldea azken bi jardunaldietara. Duin aritu zen Real Madrilen zelaian, eta oraingoan parez pare lehiatu da Europan sartzeko borrokan bete-betean sartuta dagoen aurkari batekin. Horrekin batera, ale bat zakuratu du, sei jardunaldiko idortearen ostean.
Bi taldeek zuten asko jokoan, eta ondorioz, zuhurtzia ausardiaren aurretik jarri dute. Baloiarekin arriskurik ez hartzen saiatu dira; edozein zalantzaren aurrean, baloikada bat, eta kito. Berez joko landurik egiten ez duten bi talde dira, eta presiopean egonik, are gehiago baztertu dituzte apaindurak. Latz izerditu behar dute metro eta baloi bakoitza irabazteko. Berdegunea mina zelai bihurtuta, lan oso nekeza izan da aurkariaren areara iritsi, eta taxuzko gol aukerak sortzea.
Lehen zatian, bakar bat ere ez du izan Alavesek. Ezker hegaletik saiatu da batez ere aitzinerat egiten, Marinen igoeren bidez. Ordea, apenas izan du sakontasunik. Faltaz egin ditu erdiraketa gehienak, eta Lucasen bidalketek ez dute errematatzailerik aurkitu. Kontraerasoetan, berriz, Edgar behin eta berriz gelditu da jokoz kanpo. Getafek ere ez du beste munduko ezer egin, baina gehiago eta hobeto hurbildu da arabarren areara. Hala, oso gertu izan du lehen gola atsedenaren aurretik. Bizkarrez, Molinak ondo utzi dio baloia Cucurellari, eta zutoinarekin egin du topo hegalekoaren eskuinkadak.
Bi taldeak apur bat erasokorrago agertu dira aldageletatik bueltan. Lehienik, Getafe kontrako arearen inguruan paratu da, eta zenbait erdiraketa egin ditu. Haatik, sendo agertu da Alaves, eta aurrera egiten hasi da pixkanaka. Abagune garbia izan du 62. minutuan, Lucasen eskutik. Edgarrek ondo borrokatu du baloi luze bat, eta ate aurrean bakarrik utzi du aurrelari galiziarra. Halakoak barrura bidaliko zituzkeen orain dela hilabete batzuk, baina ez da hala izan; Cabacok bikain moztu du.
Lasaitua VARari esker
Arabarrek maiz kritikatu izan dute VAR sistema, baina hari eskerrak irten dira onik. 86. minutua zen, eta aulkitik ateratako Durok gol ikusgarria egin du, zutoinean jotako baloi bat jaso eta gero. Atzelariek Mataren eskua eskatu dute, baina epaileak ez du adierazi. Harik eta errepikapena ikusteko esan zioten arte. Ez du zalantzarik izan, eta baliogabetu egin du gola. Lasaitu ederra hartu dute gasteiztarrek. Luze jo du luzapenak –bederatzi minutukoa izan da–, eta ireki egin da lehia. Alavesek, ordea, ez dusalbazioa emango ziokeen gola aurkitu.