Amaya Sport San Antonio. Ristanovic, Sevaljevic (7), Guardiola (2), Pagola, Slujters (3), Curkovic, Crowley —hasierako zazpikoa— Lucau (o.a.), Jimenez (1), Mindegia, Alvarez (6), Reina eta Agirrezabalaga (6).
Helvetia Anaitasuna. Schulz, Carvajal (1), Buldain, Montavez (2), Borragan (3), Chocarro (1), Bernatonis (8)—hasierako zazpikoa— Kisselev, Reig (5), Redondo, Tarazaga (2), Ragot (5) eta Goñi (1).
Markagailua. 4-2, 7-3, 8-7, 10-9, 12-11, 14-16 (ats.); 17-16, 19-19, 22-22, 24-25, 27-26, 28-28
Epaileak. Garcia eta Pastor. Bi minutuz kanporatuak: San Antonioko Pagola eta Jimenez (bi aldiz); eta Anaitasunako Buldain eta Reig (bi aldiz).
Bestelakoak. Sarrera bikaina izan zen Iruñeko NUPeko pabiloian, 2.000 ikusle pasatxo.
Ez daitezela beste 31 urte pasa. Ez daitezela beste hiru hamarkada pasa atzokoa bezalako partida bat ikusteko. San Antoniok eta Anaitasunak Iruñeko derbia jokatu zuten, eta inoizko berdinketarik justuena lortu zuten. Eskubaloian berdinketa guztiak dira justuak, ordubetez gora eta behera ibili ondoren gol kopuru bera lortuz gero argi dagoelako partida orekatua izan dela. Atzokoa, baina, berdinketa bikaina izan zen, partida ikusgarri baten ondorio. Puntu banaketak, gainera, bi taldeei egiten die mesede, hiru punturen aldea ireki dutelako jaitsiera postuekiko.
Partidak azken unera arte izan zuen emozioa. Are gehiago, behin bukatuta ere izan zuen emozioa. Azken eraso jokaldia San Antoniok izan zuen, eta Niko Mindegiak bakarkako jokaldi batean penaltia lortu zuen. Denbora bukatua zegoen, eta Sevaljevicek hartu zuen jaurtitzeko ardura. Keinu egin, eta behera jaurti zuen, eta Schulzek gelditu egin zuen. Atezain argentinarra ia erotu egin zen ospatzean. Hura izan zen taldeko onena, eta iragan asteko garaipenean bezala, haren lanak etekina eman zion taldeari.
Aurreko ordubetean derbi petoa jokatu zuten San Antoniok eta Anaitasunak. NUPen ari ziren, baina Arrosadian ari zirela zirudien, Anaitasunako zaleak, elastiko berdez, nagusi zirelako goraino bete ziren harmailetan. Partida beroa izan zen, bultzakada eta huts askokoa. Lehen zatian Anaitasunak hobeto jokatu zuen, eta bi goleko errenta lortu atsedenaldira (14-16). Ikustekoa izan zen lehen zatiko azken gola, denbora bukatuta sartu baitzuen, falta jaurtiketa batean.
Bigarrenean San Antoniok gora egin zuen, baina bukatzeko bi minutu falta ziren arte ez zuen aurretik jartzea lortu. Azken minutuetan bi atezainek lan izugarria egin zuten, eta ia ezinezkoa zirudien gola sartzea. Ristanovicek, baina, ezin zuen dena gelditu, eta Anaitasunak Goñik ondo baliaturiko aldaratze batean lortu zuen azken gola. Gero, Schulzek ahalbidetu zuen bukaerako emaitza justua izan zedila.
San Antonio 28. Anaitasuna 28
Ezin da izan justuagoa
San Antoniok huts egin du partida bukatuta zegoela jaurtikitako penaltia, eta puntuak banatu dira derbian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu