Ezin denean, ezin da

Naroa Agirrek 4,05 metroko jauzia egin du Europako Atletismo Txapelketan, Helsinkin, eta finaletik at geratu da

Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ilusioa eta gogoa ez ditu nahikoa izan Naroa Agirrek Europako Atletismo Txapelketako finalera pasatzeko. 4,05 metroko jauzia egin zuen atzo donostiarrak pertikako sailkatze saioan, Helsinkin (Finlandia), eta bere helburutik urrun geratu zen. Finalean egon ahal izateko, 4,45 metroko langa gainditu beharra zeukan, eta ez zen hurbildu ere egin. Txapelketa hasi aurretik bazekien Agirrek ia ezinezko izango zuela onenen artean sartzea, baina lan txukuna egiteko baikor zen, eta ez zuen lortu. Hala, laster geratu zen finaletik kanpo, eta baliteke Londresko Olinpiar Jokoetara ere ez joatea. Dena den, oraindik badu aukera txikiren bat horretarako.

Goizeko bederatzietan ekin zion lehiari Agirrek. Aukeran, goiz samar. Eguraldia ere petrala egokitu zitzaion. Arlo guztiak kontuan hartuta, baldintzak ez zituen egokienak izan, baina atleta guztiak aritu ziren egoera horretan. Lehenengo jauzia kaskarra egin zuen donostiarrak, soilik 3,80 metrokoa. Bigarrenean 4,05eko marka egin zuen, aurrekoa baino hobea, baina ez nahikoa. Ezin denean, ezin da.

Lesioek ez diote batere lagundu azkenaldian. Denboraldia osatzeko planak aspaldi egin zituen Agirrek, baina ezin izan ditu inondik inora bete. Aurrena, bizkarreko arazoekin ibili zen, eta, ondoren, hankekoekin. Entrenatu ezinik ibili da. Beraz, normala ere bada finaletik kanpo geratu izana. Atzokoa laugarren Europako Txapelketa izan zen gipuzkoarrarentzat. 2002an Munichen (Alemania) eta 2006an Goteborgen (Suedia) lan aparta egin zuen, finaletan sartu baitzen, baina oraingo honetan ezin izan du.

Bihar Alazne Furundarenaren txanda izango da. Oso sasoiko dago, eta abiadura lasterketako finalera pasatzea espero du. Lehenengo Europako Txapelketa izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.