Amets egitea ez da ezer kostatzen. Debaldekoa da. Eta, behin amets egiten hasita, lorpen handienak irudikatzen dira norberaren irudimenean. Bada, gutxi batzuetan ametsak bete egiten dira. Bestela, galde diezaietela aurreko denboraldian Athletici Europan zehar jarraitu zioten guztiei. Duela urtebete urrun ikusten zena, pausoz pauso, eskuratu egin zuen Marcelo Bielsaren taldeak; Europako lehiaketa garrantzitsuenetako bateko finala jokatzea, alegia. Bosman Legea onartu zenetik ezinez- koa zirudiena lortu zuen Athleticek.
Beste aukera bat dauka denboraldi honetan. Bidearen hasierak antzekotasun handiak ditu joan den denboraldian gertatu zenarekin. Hasiera traketsaren ostean, aurrera egiteko moduko multzoa egokitu zaio Bizkaiko taldeari. Orain urtebete, Frantziako aberats berria zen gainditu beharrekoa: Paris Saint Germain. Beste talde biak apalagoak ziren. Bada, denboraldi honetan ere Frantziako Ligue 1-eko talde bat izango da oilarra: Olympique Lyon.
Sparta Praga eta Hapoel Shmona Israelgo taldea Athletic baino gutxiago dira. Beraz, bizkaitarrek zozketan zortea izan dutela esan daiteke. A multzoak (Liverpool, Young Boys, Udinese eta Anzhy), F multzoak (PSV, Napoli, Dnipro eta Aik Solna) nahiz J multzoak (Tottenham, Panathinaikos, Lazio eta Maribor), besteak beste, askoz zailagoak dirudite. Irailaren 20an jokatuko du Athleticek lehen partida, etxean, Hapoelen aurka (21:05), eta etxean jokatuko du ligaxkako azkena ere, abenduaren 6an, Spartaken aurka (21:05). Maiatzaren 15ean jokatuko da Europako Ligako finala, Amsterdam Arenan.
Olympique Lyon Multzoko oilarra
Frantziako taldea ezaguna da futbolari erreparatzen dioten zale guztientzat. Azken hamarkadan ohikoa izan da talde hau Txapeldunen Liga jokatzen ikustea. Diarra, Malouda, Benzema eta beste hainbat jokalari Lyonen egin ziren ezagun. Mende hasieran, Ligue1 erabat menderatu zuen. Zazpi txapelketa irabazi zituen errenkadan. Azken denboraldiotan, berriz, galdu egin du nagusitasun hori Frantzian. Hala ere, goi mailako taldea da oraindik. Denboraldi honetan, galdutako bidea berriz hartzeko asmoz dagoela dirudi.
Horretarako, joan den sasoiko bizkarrezurrean oinarrituko du bere jokoa: Hugo Lloris atezaina, Reverielle eta Cris atzelariak, Gourcuff erdilari sortzailea nahiz Lisandro eta Gomis aurrelariak oso futbolari onak dira. Athleticek ondo daki zer aurkituko duen frantziarren aurka jokatzea egokitzen zaionean. Izan ere, denboraldi-aurrean elkarren aurka jokatu zuten, Grenoblen. Adurizen bi golek ezerezean utzi zuten aurkariarena, baina zuri-gorriek argi dute Europako Ligako lehiak ezberdinak izango direla oso. Hasiera batean, multzoko lehen postua eskuratzeko hautagai nagusia da Olympique Lyon.
Sparta Praga Kontuan izateko kontrarioa
Izena baino izan handiagoa duen taldea da Sparta Praga. Horren adibide garbiena da aurreko kanporaketan Feyenoord taldea gainditzeko gai izan dela. Jakinekoa da Txekiar Errepublikako jokalari onenak beste liga batzuetara joaten direla euren herrialdeko taldeetan nabarmendu bezain pronto. Hala ere, talde lehiakorra osatzea lortu du Pragako talde historikoak. Talde txukuna izateaz gain, esperientzia ere alde izango du Spartakek. Izan ere, talde hau ohikoa da Europako lehiaketetan. Ia denboraldi guztietan aritzen da. Horrek lagundu egiten du lehiakor izaten.
Aurreko denboraldian Gambrinus ligan —Txekiako Txapelketa— bigarren sailkatu zelako ari da Europako Ligan lehiatzen. Baina denboraldion 35. aldiz altxatu gura du bere herrialdeko garailearen kopa. Orain arte jokatu dituen bost partidetatik lau irabazi ditu, eta berdindu egin du bestea. Hortaz, lehen sailkatua da. Jokalariei dagokienez, Jarosik atzelaria izango da, beharbada, Athleticeko jarraitzaileentzat ezagunena, Zaragozan aritu zelako. Normala den bezala, jokalari txekiarrek osatzen dute taldearen bizkarrezurra. Historiari begiratua emanda, Athletic eta Spartak Praga elkarren aurka aritu ziren Ferias Kopan 1970eko hamarkada hasieran. Orduan txekiarrak izan ziren nagusi. Ordutik urte asko igaro dira, ordea.
Hapoel Kyriat Shmona Multzoko ezezaguna
Hasiera batean, talderik apalena da Hapoel Kyriat Shmona. Tradizio gutxiko taldea da. Ez du ibilbide luzerik egin, ez Europan, ez eta Israelgo futbolean ere. Izzy Sheratzkyk aldatu zuen talde honen historia. Bere diruari esker, Israelgo ligako eta kopako txapelduna izatea lortu zuen aurreko denboraldian. Hortaz, Txapeldunen Ligako atarikoan hartu du parte. Aurreko kanporaketan, Bate Borisovek kanporatu du. Ez dauka jokalari ezagunik. Zelaiak, berriz, 2.500 lagunentzako lekua baino ez dauka. Okerrena bidaia bera izango dela dirudi. Israelgo iparraldera joan beharko du Athleticek, ia Libanoraino.
Ezin dira kexatu zozketarekin
Olympique Lyon, Sparta Praga eta Hapoel Kiryat Shmona izango dira Athleticen aurkariak Europako Ligako multzoen faseanZuri-gorriek etxean hasi eta amaituko dute lehen ligaxka, Hapoel eta Spartaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu