Ezinbesteko puntuak
Athleticek ezin du huts egin gaur San Mamesen, eta kosta ahala kosta irabazi behar dio Gimnastici
Athleticek ezin du huts egin gaur San Mamesen, eta kosta ahala kosta irabazi behar dio Gimnastici
HARITZ GALLASTEGI
Bilbo
«Guretzat finala da», adierazi zuen Joseba Etxeberriak herenegun. Athleticeko kapitainak argi dauka: Lehen Mailan jarraitzeko, ezinbestekoa da etxeko partidak irabaztea. Gimnastic, aurrean dagoen taldea txapelketako txarrena bada, are eta arrazoi gehiago dago puntuak eskuratzeko. Liga azken txanpan sartzear dago. Beraz, dagoeneko ezin da huts egin -gaurko neurketa ez eze, hurrengo hiru partidak ere erabakigarriak izango dira: Celta, Osasuna eta Racing izango dira aurkariak-. Gaurko partida derrigorrez irabazi beharrekoa da. Egutegian letra larriz agertzen diren horietakoa. Hiru puntuak balio dute bakarrik.
Athleticeko jokalariak eta teknikariak zuhur bezain baikor agertu dira aste barruan. Orain arte egindako jokoarekin -Camp Nouko partida alde batera utzita- eta San Mamesen babesarekin irabaziko dutela iritzi diote. Halere, hori futbol zelaian erakutsi beharko dute. Izan ere, aurkariak ere aukera ona ikusten baitu puntuak batzeko. Gimnasticentzat azken aukera izan daiteke salbazioarekin amets egiten jarraitzeko -San Mamesen irabazita ere ez du aukera handirik izango-. Mailari eustea lortuko dutela sinesteko jardunaldi batzuk egin beharko dituzte onak. Gaur irabazi egin dezaketela pentsatzeko, berriz, ez dute ezer behar. Joan zen jardunaldian Valentziaren aurka azken minutuan eskuratutako berdinketak indarra eman die. Gainera, Kataluniako taldeko kideek ez dute uste egungo Athletic eurak baino indartsuagoa denik. Cuellarrek BERRIAri egin zion elkarrizketan argi eta garbi erakutsi zuen zein den euren iritzia.«Fisikoki indartsu gaude. Ez dut uste jokoan alde handirik egongo denik», esan zuen erdilari nafarrak, «estrategia jokaldiak kezkatzen gaituzte: Yesteren erdiraketek eta Urzaizen eta Adurizen erremateek, alegia», gaineratu zuen. Ligako azken sailkatuak ez dio beldurrik Athletici. Ez taldeari, ez San Mamesi. Zenbat aldatu den Athletic denbora gutxian. Zenbat hazi diren talde txikiak denbora gutxian...
Nola zelairatuko da Gimnastic San Mamesen? Hori da gaurko partidako zalantza nagusietako bat. Gimnasticek puntuak behar ditu. Hirunaka batu behar ditu. Beraz, berandu baino lehen arriskatu egin beharko du. Halere, aurkariaren beharrarekin ere joka dezake. Atzean itxaron dezake, Athleticek zuloa utzi arte. Talde zuri-gorriak ezin baitu itxaron. Talde oldarkorra izan behar du Athleticek. Oldarkorra, garaipena eskuratzeko gogoa erakutsi behar du. Horrela zelairatuz gero, berehala nabarituko du jarraitzaileen berotasuna. Dena dela, gogotsu zelairatzeak ez du esan gura itsutu egin behar direnik. Getaferen aurka erritmo handia jarri zuen taldeak hasieratik, baina zenbait minututan lekua galduta eta urduri jokatu zuen. Oreka behar da. Bestela aurkariak aprobetxatu egingo du.
ARANZUBIA ETA YESTE, PREST. Partida garrantzitsua izan arren, Manek eta Ondarruk ezin izan dute eurak gurako zuketen moduan prestatu. Lesioek baldintzatu egin dute Athleticen asteko lana. Beste behin. Asteon Casas, Aranzubia eta Yeste izan dira arazoekin egon diren jokalariak. Sopeloztarra osatu da eta prest dago Gimnasticen aurka jokatzeko. Aranzubia eta Yeste ere bai. Deialdian daude. Atezaina egun bitan egon da entrenatu ezinda. Sukarra dauka. Hala ere, jokatu egingo du gaur. Hasierako hamaikakora bueltatu zenetik maila ona ematen ari da. Yestek, berriz, pubisean du min. Ezker aldean. Bi aldeetan ebakuntza egin zioten, baina, hala ere, oraindik ere arazoak ditu. Pubiseko mina deserosoa da, baina, gehienetan, ez du eragozpenik sortzen jokatzeko. Yestek ere jokatu egingo du, beraz. Azkeneko jardunaldietan zalantzan ipini dute bere beharra, baina, hala ere, oso jokalari garrantzitsua da Athleticentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu