Impossible is nothing. Hori dio kirol enpresa ezagun baten leloak: ezinik ez dagoela, alegia. Portlandek hori pentsatu nahi du. Beharko, lan zaila baitu aurretik. 31-26 galdu zuen joan zen larunbatean Ademarren aurka, Txapeldunen Ligako final-zortzirenetako joanekoan, Leonen (Espainia). Hortaz, bost gol edo gehiagoko aldeaz irabazi behar dio etzi Ademarri Iruñeko NUPeko pabiloian, Txapeldunen Ligako final-laurdenetan egon nahi badu. Ez da lan samurra, baina ezta ezinezkoa ere.
Portland behin baino gehiagotan egon da kinka larrian Europako lehiaketa batean. Badu esperientziarik, oroitzapen onekoak eta txarrekoak. Bost aldiz galdu du joanekoan: bitan eman dio buelta kanporaketari itzulikoan, eta, hirutan bidean geratu da, lana amaitu ezinik.1998-1999 denboraldiko Txapeldunen Ligan egon zen lehen aldiz egoera horretan. Finalerdiak ziren, eta Kroaziako Badel 1862 Zagreb talde indartsua zen aurkaria. Portlandek bost goleko aldeaz galdu zuen joanekoan, Kroazian (27-22). Itzulikoan, Iruñean, ezin izan zion kanporaketari buelta eman. 26-23 irabazi zuen, baina lehiatik kanpo geratu zen. Hurrengo denboraldian antzekoa gertatu zitzaion: Txapeldunen Ligan berriro,finalerdietan berriro. Aurkaria zen aldaketa bakarra: Hungariako Fotex Veszprem taldea. Portlandek astindua jaso zuen joanekoan, Hungarian (27-19), eta itzulikoan, Iruñean, ezin izan zuen miraria gauzatu. Gertu izan zuen, baina hiru golengatik geratu zen finaletik at (27-21).2003-2004 denboraldiko Europako Errekopakoak dira Portlandek dituen oroitzapen onenak, kanporaketei buelta emateari dagokionez behintzat. Bitan lortu zuen itzulikoan sailkatzea. Final-laurdenetan, 26-23 galdu zuen joanekoan Frantziako Creteil taldearen aurka, baina Iruñean ederki eman zion buelta kanporaketari (26-20 irabazi zuen). Balentria bera errepikatu zuen finalerdietan, oraingoan, Alemaniako Tusem Essen taldearen aurka. Joanekoan, Alemanian, bi goleko aldeaz galdu zuen (27-25), eta Creteileren aurka egin bezala, Iruñean lortu zuen sailkapena: sei goleko aldeaz irabazi zuen (38-32).Pasa den sasoian egon zen azken aldiz Portland egungo egoeran. Oraingoan bezala, Asobal Ligako talde bat egokitu zitzaion Txapeldunen Ligako final-zortzirenetan: Bartzelona. Nafarrek 28-22 galdu zuten joanekoan, Herrialde Katalanetan. Ezinezkoa zirudien kanporaketari buelta ematea. Baina itzulikoan, Iruñean, Portlandek joia go zuen, eta ezustea ematekotan izan zen. Sei goleko aldeaz irabazi zuen (30-24), baina Bartzelonak etxetik kanpo sartutako golek erabaki zuten partida. Portlandeko zaleek oraindik ez dute ahaztu partidako azken segundoan Barrufet Bartzelonako atezainak Garraldari gelditu zion jaurtiketa. Hor egon zen kanporaketa.
Celjek du errezeta
Portlandek badu baikor egoteko arrazoirik: Ademar lau aldiz geratu da kanpoan itzulikoa irabazi ostean. Esloveniako Celje Pivovarna Lasko taldea izan da espezialista Ademarren ametsak zapuzten. Bitan egin du, Txapeldunen Ligan biak: 1999-2000 denboraldiko final-laurdenetan eta 2003-2004 denboraldiko final-zortzirenetan. Lehenengoan, Espainiako taldeak bi goleko aldeaz irabazi zuen joanekoan, Leonen (30-28). Itzulikoan, halere, Celjek sei goleko aldeaz irabazi zuen (26-20) eta sailkapena lortu zuen. Orain denboraldi gauza bera egin zuen Esloveniako taldeak, baina orduan izurra izurtu zuen. Ademarrek 13 goleko aldeaz irabazi zuen joanekoan etxean (38-25), baina itzulikoan, Eslovenian, Celjek odolkiak ordainetan eman zizkion. 34-21 irabazi zion, eta etxetik kanpo sartutako golei esker egin zuen aurrera.
Tus Nettelstedtek eta Ciudad Realek ere gauza bera egin zuten, 1997-1997 denboraldiko City Kopako final-laurdenetan, eta 2002-2003 denboraldiko Europako Errekopako final-laurdenetan, hurrenez hurren. Alemaniako taldeak Ademarrek joanekoan lortutako sei goleko aldeari eman zion buelta (zazpi golengatik irabazi zuen itzulikoan). Espainiako taldeak, berriz, sei goleko aldeaz irabazi zion Ademarri itzulikoan, Leonen lau golengatik galdu ondoren.
ESKUBALOIA. TXAPELDUNEN LIGA
Ezinik ez dago
Portlandek bost aldiz galdu du joaneko partida Europan, eta bitan sailkatu da gero. Ademarrek duen bost goleko aldea gainditu beharko du etzi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu