Ezkontza bat eta hutsune gehiegi

Asegarcek Asier Olaizola lau t'erdiko txapelketatik kanpo utzi du, urrian ezkontzekoa delako

IMANOL MAGRO BILBO
2007ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Ezkontzak egun alaiak izaten dira. Poza bor-bor sumatu ohi da. Algara, kantua, dantza, bazka... oroimenean gozo izaten diren egun bereziak dira. Ehunka lagun, ehunka kontu. Alaiak izan ohi dira normalean, baina arriskua dute, eragozpen txikienak ere mikaztu ditzake. Egun alaia triste bihur dezake. Asier Olaizolak atzo jaso zuen bere ezkontza mikaztuko duen albistea. Asegarcek Lau t'erdiko Txapelketatik at utzi du, urriaren 27an -larunbata- ezkonduko delako. Erabaki ulertezina, edota ulertzeko zaila behintzat.

Lau t'erdiko Txapelketa atzo aurkeztu zuten, Bilbon, eta Asegarceren erabakia izan zen hizpide nagusia. Iñigo Salbideak, Asegarceko gerenteak, Olaizola I.ak urriaren 27an jokatzeko aukera izan zezakeela erabili zuen argudio gisa. Pilotaria ez zen aurkezpenean, eta haren anaia Aimarrek azaldu zuen euren ikuspuntua. Olaizolatar gaztearena arabera, anaiak duela lau hilabete esan zion enpresari ezkontzaren eguna. Era berean, bezperan edo hurrengo egunean jokatzeko prest zegoela azaldu zien, nonbait ez baitu oraingoz eztei bidaia egiteko asmorik.

Olaizola II.ak enpresari «aukera guztiak» eskaini zizkiotela esan zuen, eta ez zuela erabakia ulertzen. Are gutxiago urriaren 27an jokatu behar izateko Olaizola I.ak bi partida irabazi beharko lituzkeela kontuan hartuta. Pilotaria eta enpresa duela hiru egun bildu ziren azkenekoz, eta orduan eman zioten erabakiaren berri. Hutsunearen ondorioz, Asegarcek bertan behera utzi du Leizak Peñagarikano eta Arretxeren arteko atarikoaren irabazlearen aurka jokatu beharreko partida.



ASPEK MUZIN EGIN DIO PILOTARI BATI. Enpresa bakoitzak hamar pilotari izango ditu txapelketan. Zerrendaburu bat gehiago duenez, Asperi pilotari bat gehiago zegokion, baina Eibarko enpresak muzin egin dio. Hala azaldu zuen atzo Patxi Mutiloak Aspeko gerenteak. Aspek hutsune pare bat du lesioengatik, Eugi eta Capellan, eta beste gazte bati itsuan aukera ematea baino tokiari muzin egitea nahiago izan dute.

Patxi Eugik lau t'erdikoaren azkeneko hamasei txapelketak jokatu ditu; aurten, baina, ez du parte hartzerik izango, min baitu pubis aldean. Miguel Capellanek, berriz,ez jokatzea eskatu dio enpresari, arazoak larriak baititu eskuin eskuko kailuan. Bi beteranoen eta Olaizolaren hutsuneak betetzeko, enpresek gazteen alde jo dute.Aratz Mendizabalek eta Aitor Zubietak aurreneko aldiz jokatuko dute lau t'erdiko txapelketa. Alberto Del Reyk ere berriz jokatzeko aukera izango du. Capellanen erabakiak ateak irekiko dizkio Naiarakoari.

Hutsuneak ez dira txapelketan egon bakarrik, atzoko aurkezpenean ere hiru pilotari falta izan zirelako. Martinez Irujo iazko txapelduna eta Xala atzo Arnedon (Espainia) partida zutelako ez ziren joan. Bitxia da, baina Zubietak ere atzo jokatu zuen, eta aurkezpenera agertu zen. Mikel Goñi ere ez zen egon. Haren hautaketak zeresan asko eman du azken egunetan, baina bera ez zen agertu. Hirurek zer azaldua zuten pilotariak dira, eta Aspek tankera horretako keinuak zaindu beharko lituzke.

Txapelketak hemezortzi pilotari ditu bakarrik, Asegarcek bi atariko antolatu baititu. Esainek eta Retegi Bik bihar jokatuko dute elkarren aurka, eta irabazleak Mikel Goñi izango du kontrario. Arretxe II.ak eta Peñagarikanok, berriz, etzi neurtuko dituzte indarrak. Irabazleak Berasaluze IX.aren aurka jokatuko du lehen kanporaketan.

Txapelketak, heldu den asteburuan hasi, eta abenduaren 2ra arte iraungo du. Finala inoiz baino goizago jokatuko da, eta oraindik ez dute erabaki non. Txapelketa bizkorrago joango da, ez baita atseden asterik egongo finalera arte.



«Oso gaizki iruditzen zait anaiari eginikoa; arazoak konponbide erraza zuen, eta enpresak ez du ezer egin»

AIMAR OLAIZOLA
asegarceko aurrelaria
«Iazkoarekin alderatuta, aurtengoa beste kontu bat da; finalera iritsi izanak konfiantza eman dit»

ABEL BARRIOLA
lau t'erdiko txapeldunordea
«Niretzat saria da hemen egotea. Orain txapelketan erakutsi behar dut tokitxo hori merezi dudala»

ARATZ MENDIZABAL
asegarceko aurrelaria
«Aukera handia da; ondo edo gaizki egingo dut, baina niri asko gustatzen zait lau t'erdian jokatzea»

AITOR ZUBIETA
aspeko atzelaria
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.