Ezkortasuna hiru puntura

Almeriak baino hiru puntu gehiago soilik ditu Osasunak, baina baikortasuna da nagusi Iruñean, eta Almerian oso ezkor daude

Iruñea
2009ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Bitxia da hiru puntuk zenbat alda dezaketen talde baten aldartea. Osasunak baino hiru puntu gutxiago besterik ez du Almeriak, baina gaurko lehiara oso egoera ezberdinean iritsiko dira bi taldeak. Azken sei jardunaldietatik bakarrean atera da garaile Hugo Sanchezen taldea, eta Osasunak azken sei partidetatik bakarra galdu du. Hiru partida irabazi eta bi berdindu ditu. Almerian ezkortasuna hedatzen hasia da; Iruñean, aldiz, baikortasuna da nagusi. Gaurko partidak bien egoera alda dezake, dena dela. Osasuna ezin da lasaitu, Lehen Mailara itzuli zenetik galdu egin baitzuten gorritxoek Almeriara egindako bi bisitetan. Gaur ere gogotik egin beharko dute lan irabazi nahi izanez gero.

«Nola edo hala irabazi behar dugu. Lehen finala dela ere esan daiteke. Lehen Mailara itzuli ginenetik, Almeria ez da inoiz jaitsiera postuetan egon. Osasunari irabaziz gero, eurek adina puntu izango ditugu eta horretan ahalegindu behar dugu», esan zuen Pablo Piatti Almeriako aurrelari argentinarrak asteko lehen lan saioa amaitu ostean. Soriano erdilariak lasaitasun handiagoa erakutsi zuen hurrengo egunean: «Osasunaren aurka galduz gero, ez gara hilik egongo, baina egoera korapilatsua izango da». Hugo Sanchezek gauzak bere tokian jarri nahi izan ditu: «Egia da jaitsiera postuetatik bi puntura gaudela, baina taldeak ez dauka beldurrik. Presioa eta eskakizunak azken bost jardunaldietarako utzi behar dira». Hala ere, Almeriako entrenatzaileak onartu zuen etxean jokatzen dutela. «Eta aurkari zuzen baten kontra. Nahikoa puntu utzi ditugu bidean eta hirurak lortu nahi ditugu orain». Argi dago Almerian ez dagoela lasaitasunik.

Baina, hiru puntu gehiago soilik izanik, normala al da Osasunan hain baikor izatea? Camachoren ustez, ez. «Horrek argi uzten du partida baten gorabeheran gauzak asko aldatzen direla. Egia da Almerian galdu arren sailkapeneko toki zailetan ez garela izango, baina aurrera jarraitzeko euskarriak bilatu behar ditugu».

Orain bi jardunaldi Santanderren azken unean bi puntu galdu ostean zertxobait hoztu zen giroa, baina Bartzelona liderraren aurka azken minutuan lortutako berdinketak berotu egin ditu zaleak eta jokalariak. Baina, puztualdia hustu ez dadin, puntuak batzen jarraitu beharra dago. Eta, horretarako, Bartzelonaren aurka bezala jokatzera gonbidatu zituen Camachok jokalariak, hala jokatzea oso zaila dela jakin arren. «Orain arteko bidetik jarraituz gero, eta Bartzelonaren aurkako mentalitate berarekin arituz gero, punturen bat lortuko dugu. Dena dela, ez da erraza jokalariek grina bera erakustea».

Osatu da Aranda

Carlos Aranda kili-kolo ibili da aste honetan, eta taldekideengandik bereizita jardun du lanean Taxoaren, atzo izan ezik. Atzo goizean, gainerakoekin egin zuen entrenamendua, eta Almerian jokatzeko arazorik ez duela izango baieztatu zuen gero Camachok. Hori hala izanez gero, hamaikako bera aterako du Osasunako entrenatzaileak laugarrenez jarraian -Atletico Madrili irabazi ziona eta Racing eta Bartzelonaren aurka berdindu zuena-. Camachok nahi duen hamaikakoa aurkitu duela dirudi, eta, atzo une batez Masud ere ustezko titularrekin jarri zuen arren, ez da aldaketarik espero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.