Pilota

Ezkurdia, berriz ere finalera

22-20 irabazi dio Jakari lau eta erdikoaren lehen finalerdian. Ezkurdia hobeto hasi da, baina partida ixtea kostatu zaio, eta Jaka ezustekoa emateko zorian egon da.

Joseba Ezkurdia partida irabazi izana ospatzen. IDOIA ZABALETA / FOKU
2019ko azaroaren 2a
20:46
Entzun

Saketik. Ezkurdiak hiru eta falta bat; eta Jakak lau eta bi falta.
Markagailua. 2-0, 2-2, 4-2, 4-4, 5-4, 5-5, 12-5, 1-6, 15-6, 15-7, 17-7, 17-11, 18-11, 18-12, 19-12, 19-16, 20-16, 21-16, 21-20 eta 22-20.

Joseba Ezkurdiak 22-20 irabazi dio Erik Jakari Iruñean, eta lau eta erdiko finalerako sailkatu da bigarren urtez jarraian. Final estu eta gogorra izan da, erritmo bizian jokaturikoa, eta biek leher eginda bukatu dute. Arbizukoak hobeto ekin dio partidari, eta alde polita hartu du (17-7), baina ixtea kostatu egin zaio, eta Jaka ezusteko emateko zorian egon da. Lizartzakoak nabarmen egin du goraka partidan. 

Finalerdi bikaina jokatu dute Aspeko bi aurrelariek, baina lehen tantoak ez dira onak izan. Presaka aritzearen poderioz, huts asko egin dituzte, eta oreka zen nagusi hasieran (5-5). Ezkurdiak lehenago zuzendu du bidea, baina. Oso garbi zuen nola jokatu behar zuen, eta etxetik eramaniko gidoia bete du. Jakari airea kendu dio, eta botera jokatzera behartu du. Lizartzakoa deseroso zegoen, eta Ezkurdiak aldea ireki du (12-5). Hobeto ari zen, eta sakearekin ere asmatu du. Bi tanto egin ditu jarraian, eta are gehiago zabaldu du aldea (17-7). Jakak, bere aldetik, bi falta egin ditu saketik.

Jakak jota zirudien, baina adorea sobran duela erakutsi du. Lizartzakoak eraso jokoa behar du arnasa hartzeko, ausardian datza haren indarra, eta pauso bat eman du aurrera. Sakea berreskuratu, eta arriskatzen hasi da. Ordura arte kanpora joaniko erremateak sartzen hasi zaizkio, eta hazi egin da (18-12 eta 19-16). Ezkurdia nekatuago zegoen, eta aurkaria gerturatzen ikusteak lotu egin du. Garaiz erreakzionatu du, baina, eta bi tanto egin ditu jarraian (21-16). Partida hor buka zitekeela zirudien, baina Jakak ez zegoen barkatzeko, eta arriskatzen jarraitu du. Tanto eder askoak egin ditu, 21-20 hurreratzeraino, baina azkenekoa Ezkurdiaren aldekoa izan da. Partidaren hasieran irekitako alde handiak salbatu du azkenean.
 

Ezkurdia azaroaren 17ko finalean arituko da, eta igandean ezagutuko du aurkaria. Jokin Altunak eta Unai Lasok Bilbon, Bizkaia pilotalekuan, jokatuko dute.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.