Bolada onean zen bikoteak eskuratu du finalerdietako ligaxkarako sailkatzea. Ezkurdiak eta Galarzak irabaziak zituzten azken hiru partidak, eta Olaizola II.ak eta Rezustak, berriz, galduak. Aurtengo txapelketan elkarren aurka jokatutako bi neurketak ere Ezkurdiak eta Galarzak irabazi zituzten.
Gaur, Olaizolak eta Rezustak joeraren noranzkoa aldatuko zutela zirudien, 19-14 aurretik jarri direnean. Azkenean, ordea, zortzi tanto jarraian egin dituzte Ezkurdia-Galarzak, eta garaipena lortu dute. Ezbairik gabe, Joseba Ezkurdia izan da neurketako jokalaririk onena. Ez du neurketa ona egin Galarzak, asko huts egin du, eta jokoan asko parte hartu behar izan du Arbizuko aurrelariak. Eta, hala ere, gailentzeko gai izan da.
Neurketaren amaieran, Ezkurdiak berak aitortu du aurtengo txapelketan gorabeherekin ibili dela, baina une onean sentitzen dela orain: «Neurketa oso zail bati buelta eman diogu, pilotakadei abiadura emanda. Sufritzeko unea zen, geneukan guztia ematekoa, eta ondo atera zaigu».
Hala, finalaurreko ligaxkan izango dira irabazleak, atzo garaipena eskuratu zuten Altuna III.a eta Mariezkurrena II.arekin batera. Aurretik sailkatuta daude Elezkano-Zabaleta eta Peña II.a-Albisu.