Irabazlea pozik eta galtzailea haserre. Horrela azaldu dira hedabideen aurrera Ezkurdia txapelduna eta Altuna III.a txapeldunordea. Garaileak iazko txapela eta garaipena izan ditu gogoan: "Iazkoa irabazteari aurtengoa ere gehitu izanak esan nahi du hau ez dela kasualitatea". Finalaren gakoen berri eman du gero: "Opariak ez egitera atera naiz, Altunari eginaraztera. Egin ditut egin behar ez nituen gauza batzuk, baina entrenatzaileak esan dit ez arduratzeko, jarraitzeko lanean serio, eta horixe egin dut". Oso final fisikoa izan da, eta horretan "oso ondo" egon dela azaldu du: "Txisparekin nago". Aurkaria ere gogoan izan du: "Altuna bezalako pilotari handi bati irabaztea sekulakoa da niretzat".
Galtzailea kopetilun eta bere buruarekin haserre azaldu da: "Galdu ditudan finaletan hauxe izan da eskasena. Ez naiz batere ondo aritu, ez dut ezer ondo egin". Ezkurdiaren erritmoan jokatu dela galdetu zaionean, hauxe erantzun du: "Berak ere egin ditu opariak, eta, nirea eman izan banu, tanto gehiago egingo nituen erreskadan. Badakit hobeto aritzen. Deseroso ibili naiz, eta ez du batere gozatu".