Patrick Ezkurrak gaur jokatuko du agurreko partida, Baionan, hamazazpi urte gorengo mailan aritu ondoren, metro bat eta 66 zentimetro besterik neurtu ez eta hainbeste urtean onenen artean aritu ondoren. Arratsaldeko 16:30ean hasiko da jaialdia, eta Urruñakoak Arizmendi izango du atzelari; Intxauspe eta Jeannots, berriz, aurkari. Jende asko bilduko da trinketan, izar handia izan denari agur esateko.
Egun, 42 urte ditu Ezkurrak, eta gazteei tokia uzteko asmoz erantziko ditu takoak. Oraindik ere ilusiorik ez zitzaion falta, eta sasoiko zegoen, baina erretiroa hartzeko unerik aproposena orain dela iritzi dio. Hasiera batean, ez zuen horretarako asmorik, eta gorputzak ezetz esan arte lanean jarraitu nahi zuen. Gazteen maila onak, ordea, gogoz kontrako erabakia hartzera behartu du, eta ez du beste erremediorik izan.
1994an hasi zen berezkoekin jokatzen, amateur mailan garaipen garrantzitsuak lortu ondoren. Besteak beste, Frantziako txapeldun izan zen banaka urte horretan, baita munduko txapeldun ere, Etxetorekin batera. Berezkoen mailan, berriz, 2002an lortu zuen garaikurrik garrantzitsuena, Moustaritzen aurka buruz buruko txapela jantzi eta gero.
Pilotari txikia izanik, indarragatik baino gehiago teknikagatik nabarmendu izan da Urruñakoa. Hitz batean, artista bat, begia jartzen duen tokian pilota ipintzen duen horietakoa. Joan den astean, Eguberrietako Torneoa irabazi zuen, eta finalean argi geratu zen hori.
Orain, Urruñako pilota eskolan gazteei erakusten jarraituko du, baita amateur mailan lehiatzen ere. Partida asko ikusitakoa da, astelehenero Donibane Garazin egon izan baita, eta ostegunero Baionan. Beraz, esperientzia baliatuta badu zer erakutsia.
Ezkurra I.ak gaur jokatuko du agurreko partida
17 urte berezkoekin jokatzen aritu ondoren, Urruñakoak gaur hartuko du erretiroa, Baionan, 42 urterekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu