Bi lehiaketa. Zazpi eguneko tartean, hiru partida jokatuko dituzte hainbat taldek. Asteburuan, Liga. Aste barruan, Kopa. Eta asteburuan, Liga berriz. Bi lehiaketari egin beharko diete aurre. Athletic, Osasuna eta Reala egoera horretan daude. Aste berezia da. Lehiaketak izanik, lehiatu egin behar da. Bietan. Taldeek lehiatu nahi dute. Lehiatu egin behar dute. Baita gureek ere. Liga funtsezkoa delako, sasoiko helburu nagusia, eta Kopa, lorpen handiren bat lortzeko biderik motzena izan daitekeelako. Korapilo horren erdian, entrenatzailea dago.
Helburua eta saria. Horrela bereizi ohi dira bi lehiaketak. Talde handietan izan ezik. Horientzat biak dira helburuak. Baina gure taldeentzat Liga da oinarria. Hortik kanpo ez dago ezer. Ligan jarraitu nahi dute, eta lehentasuna da. Koparen aurretik. Ligan ateratzen ditu entrenatzaileak bere ustez onenak diren jokalariak. Kopa saria izan daiteke, eta onenak atera behar al dituzte Caparrosek, Camachok eta Lasartek, jakinik bihartik hiru egunera lehiaketa garrantzitsuena jokatu beharko dutela berriz?
Hiru aukera. Aurkariek baldintza dezakete entrenatzaileen erabakia. Maila apalagokoa bada, hain gustukoak ez dituen jokalariak zelaira ditzake. Nahiz eta maila apala gero eta harroagoa den egunotan. Aurkaria gogorragoa bada, buruhausteak. Hain gustukoak ez dituenak gai izango ote dira kanporaketari aurre egiteko? «Hobe, hortaz, onenak ateratzea», pentsa dezake entrenatzaileak. Baina hiru egunera Liga dator berriz, eta han bai behar dituela onenak. Zalantzak: bere ustez onenak ez diren denak atera, edo onenekin jokatu, edo bien arteko nahasketa egin.
Lehiakortasuna. Inori ez zaigu gustatzen galtzea. Beste aldagai bat nor zelairatu erabakitzeko orduan. Irabazteko grinak baldintzatuta, ahalik eta hamaikako onena atera nahi izatea normala da. Berriz ere zalantzak. Eta Kopa ikusgarri ateratzen bada, zer? Ez dago hain urruti finalerdia. Final-hamaseirenak dira. Caparrosi ez zaio ahaztu duela bi denboraldiko lehiaketa bikaina. Berriz ere saiatu nahiko du. Camacho ez dago txorakerietarako. Zale asko aurka ditu. Irabazi beharra dauka bihar; etxeko partida da. Lasartek erakutsi du fede gutxi duela hainbat jokalarirengan. Ligan apenas jokatzen duten. Ligarako balio ez badie, Koparako bai?
Emaitzen diktadura. Klubek dena nahi dute. Liga, Kopa, Kopa eta Liga. Zaleek ere bai. Irabazi eta irabazi. Ez dago besterik. Entrenatzaileoi ere irabaztea komeni; bestela... Baina taldeko kudeatzaileari ez zaio ahaztu asteburua bertan dela. Caparrosek badaki azkeneko partida galduta hurrengoa ezin duela galdu. Camachok ederki daki atzealdean duela taldea. Eta Lasartek kosta ahala kosta nahi du etxetik kanpo itxura ona eman; Malaga du gogoan, igandekoa. Emaitzen gillotina zorrotza da oso. Berdin neurtzen ditu Liga eta Kopa. Entrenatzaileak ohiko jokalariak atera dituen, edo ezohikoak, edo nahastu egin dituen bietatik, ez zaio batere axola.
Taldeko giroa eta gauza berriak. Beste pare bat aldagai. Ligako jokalariak ateratzen baditu, apenas jokatu dutenek apenas jokatu gabe segituko dute. Pentsa dezakete: «Kopan ere ez diagu jokatzen». Motibazioa gal dezakete. Ondorioetako bat: entrenamenduen mailak behera egin dezake. Entrenatzaileari komeni zaio ahalik eta jokalari gehien gustura egotea. Aukera eman behar. Nahiz eta oso gustukoak ez dituen. Gauza berriak probatzeko ere balia dezake Kopa. Baina gauza berriak probatuz lehiatu al daiteke ondo?
Nirea. Hainbeste zalantza eta galdera ikur jartzea erosoa da. Gogoetak dira. Neure buruari egingo nizkiokeen galderak egoera horretan. Galderak erantzuna eskatzen du, eta horra nire galderei zor diedan erantzuna: nik nahastu egingo nituzke Ligako ohiko jokalariak eta apenas jokatzen dutenak. Baina ahalik eta hamaikako lehiakorrena ateratzeko helburua baztertu gabe.
Ezohiko astean, ohiko zalantzak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu