1 Formula

Ezohiko denboraldia martxan

Hasi da 1 Formulako denboraldi berria, Spielbergen. Ezohiko Munduko Txapelketa izango da aurtengoa: COVID-19ak eragindako osasun krisia dela-eta antolatzaileek neurri zorrotzak ezarri baitituzte.  

Mikel O. Iribar.
2020ko uztailaren 4a
14:48
Entzun

Spielbergo (Austria) Red Bull Ring zirkuituan martxan da 1 Formulako Munduko Txapelketa. Martxoan zen hastekoa Australian, baina, koronabirusak eragindako osasun krisiaren ondorioz, bertan behera geratu zen. Oraingoz, txapelketako lehen zortzi lasterketak non jokatuko diren zehaztuta daude: Europan egingo dira zortziak, eta lehen biak Spielbergen bertan. Autoak asfaltora itzuli dira, baina FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioak eta 1 Formulak koronabirusari aurre egiteko ezarri duten protokoloak baldintzatuko du lehiaketa. Ikusteko dago pilotuak nola egokituko diren inoiz bizi gabeko egoera horretara.

Lasterketak

Harmailak hutsik

COVID-19aren eraginari aurre egiteko neurrietako bat izango da aurtengo denboraldiko lasterketa guztiak ateak itxita egitea. Ross Brown 1 Formulako kirol zuzendariak jakinarazi duenez, lasterketa aurreko eta ondorengoko ekitaldiak «oso bestelakoak» izango dira, pertsonen arteko kontaktua eragotzi nahi baitute. Lasterketa aurreko pilotuen desfilerik ez da egingo, 1 Formulako zuzendariaren esanetan, ezin baitute hogei pilotu kamioi baten atzeko aldean jarri eta pistan paseatu. Horren ordez, auto gidari bakoitza garajearen aurrean elkarrizketatuko dute. Bestalde, lasterketaren ondoren, sailkapeneko lehenengo hiru pilotuei ez diete garaikurrik emango. Hala eta guztiz ere, lasterketako zuzendariak izango du azken hitza.

Irteera parrila

Langile kopurua erdira

Aldaketa nagusietako bat da parrilaren eraketa egokitu egingo dela, segurtasunerako distantzia soziala ahalbidetzeko. Taldeek berrogei langile bakarrik izango dituzte lasterketa hasi aurreko prestaketa lanetan, hau da, lasterketetara joan daitezkeen langileen erdiak, eta horiek guztiak zuzengune nagusian egon ahalko dira ohi baino denbora gutxiagoz. Lasterketaren aurreko ekitaldirik egingo ez denez, autoak euren garajetik lasterketara batzeko irteera hogei minutu lehenago itxiko da, eta ez hamar minutu lehenago.

Pneumatikoak

Erlojupekoa

Autoek beren gurpilak lasterketa hasi baino bost minutu arinago eduki beharko dituzte jarrita, eta, seinalearen ondoren, taldeko langileek eta orgek parrilatik berehala irten beharko dute. Horrez gain, hiru minutuko seinalea agertzen denean, ez dute onartuko parrilan pilotu bakoitzaren inguruan hamasei kide baino gehiago egotea. Ohiko araudia errespetatuz, kide horiek hamabost segundoko seinalea baino lehenago joan beharko dute euren lekuetara. Arau berri hori lasterketa berrabiarazten denean ere aplikatuko zaie. Pneumatiko motei dagokienez, taldeek ez dute erabakiko zenbat gurpil joko izango dituzten euren pilotuek asteburu bakoitzerako. Beraz, auto gidari guztiek esleipen bera jasoko dute. Esleipen finko hori honako hau da: bi joko gogor, hiru ertain eta zortzi bigun.

Atsedenaldia

Ohi baino laburragoa

COVID-19ren aurrean ezarriko diren protokoloak direla eta, boxeko zeregin batzuk motelagoak izango dira; beraz, taldeetako langileek ordu bat gehiago izango dute ostegunetan eta ostiraletan lan egiteko. Taldeentzako nahitaezko atsedenaldiak, berriz, zortzi ordu iraungo du, bederatziren ordez.

COVID-19 testak

Zorrotz bete beharrekoa

Eurofins Genomics enpresa arduratuko da COVID-19 testa egiteaz langile guztiei, bost egunetik behin. Norberaren lanpostura joan ahal izateko, guztiek lau egun baino gutxiagoko iraupena duen test negatiboa aurkeztu beharko dutela jakinarazi dute zuzendaritzakoek. Pilotuek, teknikariek eta akreditazioa duten ingeniariek baldintza hori bete behar dute Ring zirkuitura sartzeko.

Hedabideak

Sarrera mugatuta

Taldeetako langileak eta haien gonbidatuak, orain arte egoten ziren instalazio erraldoi eta tradizionaletan egon ordez, «burbuila» estiloko kabina batzuetan egon ahalko dira; modu horretara, pilotuak bakartuta egon daitezke entrenamendu bakoitzaren aurretik eta ondoren. Paddock-ean zirkulazioa mugatuta egongo denez eta lasterketak ateak itxita egingo direnez, babesle gonbidatuak ezingo dira sartu. Bestalde, hedabideentzako sarrera oso mugatuta egongo da, eta 1 Formulako irudi eskubideak dituzten telebista kateak bakarrik sartu ahalko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.