Piloten inguruko eztabaidak itzuli dira. Aspaldian hauts handirik harrotu gabe zebiltzan pilotariak; pilotak hautatzeko, iritzi uniforme batera iritsi izan balira bezala. Aimar Olaizola, baina, ez da iritzi berekoa, eta atzoko Bilboko pilota hautaketan, jendaurrean agertu zuen bere desadostasuna. Haren iritziz, Abel Barriolak igandeko ligaxkako partidarako aukeraturikoak «biziegiak» dira lau t'erdirako, eta azken partidetan, Aspen bereziki, pilota bizien alde egin dutela salatu zuen. Goizuetakoak Juan Mari Juaristi pilota hautatzailea jo zuen erantzule.
Olaizola II.aren kexua ez da berria, aurretik ere esan zuen pilota biziegiak erabiltzen direla lau t'erdian. Igandeko partidaren garrantziak eta aurrelariaren kexuak oso ohikoak ez izateak atzoko hitzen oihartzuna areagotu zuten. Aurrelariak Bizkaia pilotalekuan nabarmendu zuenez, ez zuen kexurik bere pilotekin, baina bai aurkariak aukeraturikoekin. «Ez da diodan lehenbiziko aldia, baina bereak biziegiak dira lau t'erdian jokatzeko. Bereak nireak baino askoz biziagoak dira, duela hiru edo lau urteko pilotetara itzultzen ari gara». Kexak urrun iristen dira, duela lau urte oraindik Cipriren larrua bueltaturiko pilotak baitzeuden.
Olaizolak bere kexua ondo azaldu zuen, ez zen besterik gabeko purrustada bat. «Halako pilota batek ia hiru koadro egiten ditu bote batekin. Errua ez da pilotariarena, pilotak baztertzen ez dituenarena baizik». Pilota aukeratzaileari egotzi zion errua. «Norbait dago halako pilotak kanpoan uzteko. Nireak baxuegiak direla? bada utz ditzala kanpoan, baina gauza bera egin dezala biziegiekin. Bere lana pilotaleku eta jokamolde bakoitzerako egokiak diten pilotak hautatzea da».
Hautatzailearen lana ez da erraza. Juan Mari Juaristik ez ditu pilotak aukeratzen. Enpresen Ligak ez dio horretarako ahalmenik eman, hark galbahea egiten du. Enpresetako intendenteek ematen dizkioten sortetatik hamar baztertu behar ditu pilotariek aukera ditzaten. Olaizolak badaki, eta bere kexan egoera hori ere islatu zuen. «Halakoetan beste sorta bat eska diezaieke intendenteei. Hala jarraituz gero, erremonte pilotekin jokatzen bukatuko dugu».
Abel Barriolak, berriz, ez zituen pilotak kritikatu, baina bien hautua oso desberdina dela nabarmendu zuen. «Ez dute zer ikusirik, desberdinak dira. Olaizolarenak baxuagoak dira, baina onak, ni konforme nago». Goizuetakoak 105,2 eta 106,4 gramoko pilotak hautatu zituen; Leitzakoak, aldiz, arinagoak: 104,3 eta 104,5 gramokoak.
Barriola eta Olaizola II.a lau t'erdikoko bi izen klasiko dira. Zazpi aldiz jokatu dute elkarren aurka txapelketan, tartean bi final, baina lesioen erruz hiru urte dira elkarren aurka aritu ez direla. Jokoaren bilakaeraz mintzatu ziren, eta Barriolak aurkariak jokamoldea aldatu duela zehatz azaldu zuen, eta bera ere gauza bera egiten saiatzen ari dela. «Olaizolak bere burua birziklatzen jakin du, erabat, orain garai batean baino oldarkorrago jokatzen du. Jokoa Irujok aldatu zuen, eta Olaizola joko horretara egokitu den pilotari on bat da. Orain gehiago jokatzen du airez, gehiago errematatzen du, eta ni, atzelaria izanagatik, hori egiten saiatzen ari naiz. Bide horretan, igandean, irabazteko, arriskuak hartu beharko ditut».
Olaizola II.ak sasoi egokia pasatu zaiola onartu zuen iragan astean. Uda oso ondo bukatu zuen, baina finalerdietarako ligaxkara ez dela hain fresko iritsi esan zuen, eta pilota gurutzatzean sumatzen zuela bereziki. Xalaren aurkako azken partidako bigarren zatian, halere, magia berreskuratu zuen, eta horrek konfiantza eman dio. «Azken tanto horiek, segur asko, txapelketako nire unerik onenak izan dira. Ezkerrarekin oso gustura gelditu nintzen. Lehen gehiago gozatzen nuen, baina badirudi freskotasuna berreskuratzen ari naizela».
Ikusmin handia
Polemikaren amurik gabe ere, partidak ikusmin handia sortu du. Bilboko pilotalekuko harmailak ia guztiz beteko dira, ondo ari direlako sarrerak saltzen, eta Barriolarentzat motibazio berezia da. «Euskaldunoi 'kale edo bale' diren partidak gustatzen zaizkigu, eta hau halakoa da, irabazlea finalera. Eta halako partida bat halako pilotaleku batean jokatzea: luxua».
Leitzarrak loreak izan zituen pilotalekuarentzat. Ez du inoiz Bizkaian jokatu, eta aste honetara arte entrenamendu arin bat baino ez zuen egina bertan. Barriolari gustatu zaio, kantxa gogorra den arren. «Agintzen duenarentzat ona da, erasoan aritzeko. Telebistaz hala zirudien, baina ez nuen uste hainbeste izango zenik. Partidako gakoa erritmoa izango da, berea inposatzen duenak irabaziko du ziurrenik».
Eztabaida, aspaldiko partez
Aimar Olaizolari «biziegiak» iruditu zaizkio Abel Barriolak iganderako aukeraturiko pilotak, eta hautatzailearen lana kritikatu duBi pilotariek pilota mota oso ezberdina hautatu dute: zakarrak batek, biziak besteak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu