Ezusteak dira nagusi Mendilibarrek eginiko lehen deialdian

Osasunako entrenatzaileak Ricardo, Ruben eta Lekic utzi ditu Atletico Madrilen aurkako zerrendatik at

Erredakzioa
Iruñea
2011ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Jakina zen Jose Luis Mendilibarrek Ligako estreinako partidarako egingo zuen deialdia berrikuntzez beteta egongo zela. Ez zen gutxiagorako, Osasunak berria baitu ia taldearen erdia. Baina berrikuntzak bakarrik ez, ezustekoak ere nagusi dira denboraldiko lehen partidarako deialdian. Ricardo Lopez, Ruben Gonzalez eta Dejan Lekic, hiru horietako inor ez da gaur izango Vicente Calderonen. Iruñean geratu dira hirurak, Mendilibarrek hala erabakita.

Inork ez zuen espero horrelakorik. Zergatik? Atezainak Ligako partida guztiak jokatu zituelako aurreko sasoian; atzelaria, taldeak fitxatutako jokalarietako bat delako; eta aurrelariak oso denboraldi-aurre ona egin duelako. Horregatik, erabaki horren arrazoiaz galdetu zioten kazetariek atzo Mendilibarri. Ricardoz esan zuen «bi atezainentzako bakarrik» dagoela tokia deialdian eta espero duela asmatzea. Aitortu zuen hitz egin duela atezainarekin, eta argi utzi diola «pozik» dagoela haren lanarekin. Ruben eta Lekicen inguruan, berriz, galdera batekin erantzun zuen: «Sergio edo Kike Sola kanpoan utzi izan bagenu ere ustekabekoa litzateke, ezta?». «Jokalari asko ditugu, eta normala da baten bat kanpoan geratzea», gaineratu zuen.

Osasunak fitxatutako zazpi jokalarietatik Ruben eta Raul Garcia bakarrik ez daude deialdian, azken horrek ezin duelako Atletico Madrilen aurka jokatu, haren kontratuak hala baitio. Zerrendan daude Roversio, Andres Fernandez, Timor eta Annunziata.

«Uste dut irabaziko dugula»

Mendilibar baikor azaldu zen estreinako partidaren bezperan. «Uste dut irabaziko dugula, baina horretarako lotsagabeak eta ausartak izan behar dugu. Kikilduz gero, zaila izango da». Taldeak egin beharreko jokoaz ere mintzatu zen. «Baloia lapurtzen saiatu behar dugu, eta gero baloia hegalera azkar pasatu, Atletico Madrilek jokalari asko pilatzen baititu zelaiaren erdian. Hori bai, adi-adi egon beharko dugu, ezin digute baloia lapurtu jokaldia hasi bezain laster».

Atletico Madril aspaldi hasi da buru-belarri lehiatzen, Europako Ligako bi kanporaketa jokatu behar izan baititu. Beraz, argi dago lehiarako erritmoari dagokionez Osasuna baino koska bat gorago dagoela. Mendilibar ere horren jakitun da. «Gu ondo gaude, baina oraindik ez gara lehiatu, eta ez dakigu nola gauden. Beraiek, ordea, denbora daramate lehiatzen, eta hobeto dakite nola dauden. Hala ere, guk gureari erreparatu behar diogu. Hori eginda, ziur laster irabaziko dugula lehen partida etxetik at. Ez dakit bihar [gaur] izango den, edo gehiago itxaron beharko dugun».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.