FUTBOLA

Ezustekoa? Ez, betikoa

Julen Etxeberria.
2004ko ekainaren 22a
00:00
Entzun
Porrota, lotsaren porrota, erabateko porrota... Komunikabide guztiak bat datoz Espainiak Portugalgo Eurokopan egindako lana definitzerakoan. Ez zaie arrazoirik falta, ez. Espainiak kale egin du, nabarmen gainera. Txapelketa irabazteko helburuarekin bidaia egin, eta lehen ligaxka bukatuta etxera itzuli behar, hori marka!

Porrot hitza ez dator bakarrik, amaierako argibideak ditu atzetik: beti bezala, beste behin ere, berriz... Horretan ere zaie arrazoirik falta, Espainiarena betiko istorioa baita: asmo handiko helburuarekin joan, muturreko pare bat jaso eta etxera nahi baino lehenago itzuli. Betiko kontua da, eta ez dirudi etorkizunean aldatuko denik.

Espainiako komunikabideek Espainiako selekzioak egindakoa puzteko ohitura dute. Betidanik izan da horrela. Muturreko bat, bi, hiru... Berdin dio, denbora falta zaie txapelketa handi bat hasi baino lehen Helenio Herrera entrenatzaile argentinarraren esaldia bere egiteko: «autobusetik jaitsi gabe irabaziko dugu». Ez dira jabetzen, edo hobeto esanda, ez dute jabetu nahi guztiek jokatzen dutela futbolean. Hori da euren gaitza. Botika erraza dago horretarako: umiltasuna. Baina ez, edozein aurkari baino gehiago ez direla onartzea gehiegizkoa litzateke eurentzat, sakrilegioa ia. Horrela dihoakie...Baina Espainiaren balentriak puztea eguneroko jarduna duten komunikabideak ez dira errudun nagusiak, selekzioko entrenatzaile eta jokalariak baizik, zorionez edo zoritxarrez, euren golek eta euren hutsek erabakitzen baitituzte partidak. Eta Portugalen argi geratu da Espainiako selekzioko jokalari asko eta asko ez direla sasoi betean iritsi. Freskotasun falta nabaria izan dute, fisikoki zein psikikoki.

Basamortua atzelarien eta aurrelarien artean

Freskotasuna ez ezik, gola ere falta izan zaio, gola eta aukerak. Estatistikak argigarriak dira oso. Bi gol eskas egin ditu hiru partidetan. Hiru zutoinen artean eginiko jaurtiketak, aldiz, atzekin konta daitezke. Gaizki aritu dira aurrelariak, baina ez da haiena erru guztia. Defentsaren eta erasoaren artean basamortua egon da. Ez da izan jokoa antolatzeko ardura hartu duen jokalaririk. Ondorioz, aurrelariak oso bakarrik egon dira, baloia noiz iritsiko zain.

Raul izan da Espainiaren ezinaren isla. «Raulen Eurokopa izango da hau, ez dut inolako zalantzarik», zioen Iñaki Saez hautatzaileak txapelketa hasi bezperan. Ez da hala izan. Espainiako kapitainak Eurokopa penagarria egin du, amaitutako denboraldia bezalakoa. Espainiako ereserkia besarkatuta entzutea proposatzea, eta Fernando Hierrok egiten zuen bezala, etengabe «goazen, goazen» oihukatzea izan da bere ekarpena Portugalen. 247 minutuan ez du hiru zutoinen artean jaurtiketa bakarra ere egin. Gutxi, oso gutxi.Raulez gain, Saez ere agertzen da kritika guztien jomugan. Ezaguna da hautatzaile bilbotarrak ez dituela jarraitzaile asko Espainiako selekzio inguruko komunikabideen artean. 2002ko uda bukaeran kargua hartu zuenetik ez du laudorio bakarra jaso. Egia da ez duela beste munduko lanik egin bigarren aukeran sailkatu zen Espainia, baina hasieratik izan ditu komunikabide guztiak aurka. Angel Maria Villar Espainiako Federazioko lehendakariaren laguna, entrenatzaile eskasa, koldarra... Ez ditu miresle asko, eta ez da harritzekoa segitzeko zalantza bat baino gehiago izatea. Gaur esango du zer egin.Bitartean, Espainiako komunikabideak jadanik hurrengo txapelketa handira daude begira: 2006ko Alemaniako Munduko Kopa. Espainiak Alemanian zer egingo duen galdetuta, ez dute zalantzarik izango: ezer ez. Hori bai, egin galdera bera hemendik bi urtera, baietz asmatu erantzuna: «Espainia? Faboritoa, nola ez». Betiko istorioa da. Ikasiko dute noizbait...

Hemeroteka





Honako titularrak eskaini dizkiote Espainiako, Kataluniako eta Euskal Herriko egunkariek Espainiari.

-'Marca': «Betikoa»

-'As': «Zoritxarrekoak gara»

-'El Mundo Deportivo': «Porrota»

-'Sport': «Erabateko porrota»

-'El Mundo': «Koldarren infernua»

-'El Pais': «Lotsaren porrota»

-'ABC': «Porrota berriro. Ez dagoenetik ezin atera»

-'La Razon': «Beste porrot bat»

-'La Vanguardia': «Inoizko txapelketa eskasenari ginga»

-'El Periodico de Catalunya': «Beti berdin, beti irudi bera. Betiko etsipena»

-'Gara': «Espainiaren porrotaÉ beti bezala»

-'Deia': «Estropezu itzela»

-'El Diario Vasco': «Espainia, etxera eta saminez»

-'Diario de Noticias': «Porrota. Espainia, etxera»

-'Diario de Navarra': «Porrota».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.