Txirrindularitza

Fabian Cancellarak konfiantza, Vincenzo Nibalik lidergoa

Fabian Cancellarak nahiko aise irabazi dio Tony Martini erlojupekoan zeukaten buruz burukoa. Faboritoen artean onentsuena izanda, Vincenzo Nibalik berreskuratu egin du lidergoa.

unai zubeldia
2013ko irailaren 4a
18:04
Entzun

Bi borroka zeuzkan gordeta Espainiako Vueltako 11. etapak, Tarazonan hasi eta amaitu den 38,8 kilometroko erlojupekoak. Munduko Txapelketa buruan, Fabian Cancellara (RadioShack) eta Tony Martinen (Omega) arteko lehia espero zen batetik, eta suitzarra atera da lehia horretatik konfiantza handiarekin. Hasi eta bukatu alemaniarraren erreferentziak onduz, etapa garaipenarekin biribildu du RadioShackekoak Omegakoari emandako kolpe moral hori. Espero zen bezala, lehen bi postuetan amaitu dute biek erlojupekoa.

Eta etapa irabazteko borrokatik urrun, nahikoa gorabehera izan da Vuelta irabazteko faboritoen artean ere. Nahikoa erlojupeko kaskarra egin du Chris Horner gaur arteko liderrak (RadioShack), eta galdu egin du lidergoa, helmugan 2.54 galduta. Domenico Pozzovivoren (Ag2r) lana izan da harrigarriena, hirugarren denborarik onena lortu duelako italiarrak, Vincenzo Nibaliri berari (Astana) segundo bateko aldea aterata. Nibalik minutu eta erdiko aldea atera dio Hornerri. Oso lan txukuna egin dute Nicolas Rochek (Saxo), Alejandro Valverdek (Movistar) —gurpila zulatu zaio— eta Samuel Sanchezek (Euskaltel); Hainbestean ibili dira Thibaut Pinot (FJD.fr) eta Ivan Basso (Cannondale); eta uste baino kaskarrago Joaquim Rodriguez eta Dani Moreno (Katuxa). Sailkapen nagusian Nibali dago lider, 33 segundora dago Roche, 46ra Valverde eta Horner, eta 2.33ra Rodriguez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.