Fabio Aru zen eta da Astanaren apustua. Goitik behera zihoalakoan, ustez Mikel Landak eskuratu zuen taldeburu izaera, baina Aru jarri da, berriz ere, bigarren postuan, Cervinian gora erasoa jo eta etapa irabazita. Astanak kontrol lan bikaina egin du egun guztian, eta Giovanni Viscontiren (Movistar) ahalegin ikusgarria ere ez da nahikoa izan euren ahalegina baretzeko. Tropelak helmugara iristeko 10,7 kilometro falta zirela harrapatu du Visconti, eta kilometro gutxi aurrerago hasi da mugimendua. Kantantsin Siotsou (Sky) mugitu da lehenengo, Landa gero, Ryder Hesjedal (Cannondale) atzetik, eta Aru azkenik. 8,8 kilometro falta ziren artean, baina indarrak neurtuz iritsi da lehenengo Hesjedalen parera, eta kanadarra ezinean utzi du hurrengo erritmo aldaketarekin.
Aru aurrean zela, kontrol lanera mugatu da Landa, Alberto Contador (Tinkoff) ondoan zuela, eta 1.18 minutuko galera izan du azkenean. Gaurko emaitzekin, Contadorrek jarraitzen du lider, 4.37ra dago orain Aru, 5.15era Landa, eta 8.10era Andrey Amador (Movistar), Cervinian gora asko sufritu ondoren. Gaurko estutuaren ondoren, Sestrieren amaituko da biharko etapa, Giroko 20.a, eta Finestre gogor-gogorra igo beharko dute aurretik.