Faborito argirik gabe hasiko da Espainiako Liga 2004-2005eko denboraldian. Aurreko sasoiko txapeldun Valentzia, Real Madril, Bartzelona eta Deportivo dira hautagai nagusiak, baina lehen jardunaldiaren atarian zalantza asko dago argitzeko talde horien zein beste gehienen inguruan. Levante, Numantzia eta Getafe igo berriak jaitsiera postuak saihesteko borrokan izango direla dirudi aldez aurretik, baina ezustekoak beti izaten dira, eta inork ez du lasaitzerik. UEFAko borrokan aritzen diren taldeetatik jaitsieratik ihes egiten ari direnen artera ez da puntu alde nabarmenik izan azken denboraldietan, eta 2004-2005ean ere lehia estua izango da, seguru.
Txapeldunak aldaketa garrantzitsuak izan ditu uda honetan. Rafa Benitezek Liverpoolera aldegitea erabaki zuen, eta ikusteko dago azken urteetako entrenatzaile onenaren ihesak zer ondorio ekar ditzakeen. Iazko taldearen bizkarrezurra badu Claudio Ranierik, dena den. Hori bai, entrenatzaile italiarrak herrikide asko ekarri du Valentziara, eta Di Vaio, Fiore eta enparauen egokitzea zer- nolakoa den ikusi egin beharko da.Bartzelonak ere Ðiragan sasoian bigarren postuan amaitu zuenÐ aldaketa dezente egin du, eta teorian behintzat gehien indarberritu den taldeetako bat da Frank Rijkaardek zuzendutakoa. Decok Txapeldunen Liga irabazi zuen Portorekin, eta Eurokopan txapeldunorde izan zen Portugalekin. Samuel Eto'o mendeku gosez izango da, eta Real Madril talde ohia mintzeko Bartzelonan jokatzea bezalakorik ez da. Laportak asmatu egin du Eto'o fitxatzearekin, baina aurrez beste aurrelari on bat lotuta zuen badaezpada: Henrik Larssonek gol asko lor ditzake. Atzealderako Edmilson eta Silvynho ekarrita, eta Ronaldinhoren leherketaren zain, Liga irabazteko hautagai nagusietakoa da Bartzelona sasoi atarian.Jabo Iruretaren Deportivok, aldiz, ez du fitxaketa askorik egin, eta aro baten amaierara iristen ari dela dirudi. Hargatik,Portugalek erakutsi zuen Eurokopan aro bat amaitzen ari denean irits daitekeela unerik gozoena. Aditu gehienen arabera, halere, Real Madril galaktikoa da Liga irabazteko hautagai nagusia. Iaz Queirozekin izan ez zuen sendotasuna erakutsi beharko dute madrildarrek Camachorekin, dena den. Espainiako hautatzaile ohiak Samuel eta Woodgate ekarri ditu atzealdea sendotzeko, eta Helguerak zelai erdian jokatuko du, Vieira, Emerson edo Xabi Alonso fitxatzeko ahaleginek kale egin ostean. Aurrealdean iaz Queirozek baino bi arazo gehiago ditu Camachok, dena den: Michael Owen eta Fernando Morientes. Izar guztientzat tokia aurkitzen lanak izango ditu Camachok.
Jaitsiera eta UEFA
Gainerako taldeen arteko lehia oso parekatua izango dela dirudi. Igo berriek izango dute arazo gehien. Getafek eta Numantziak, adibidez, izar gutxi zuten lehen eta fitxaketetan ere ez dute aparteko ahaleginik egin. Levantek aurrekontu handiagoa izango duela begi-bistakoa da, eta Bernd Schuster, Ian Harte, Celestini eta Sergio Garciaren fitxaketek baieztatzen dute hori.
Gainerako taldeek lehia bera izango dute, mailari eutsi, eta, ahal izanez gero, UEFArako lehian sartzea. Halere, beti izaten dira ezustekoak, eta hastera doan sasoian Sevilla ezertarako baztertzerik ez da. Iaz UEFArako sailkatutako taldeari eutsi, eta fitxaketa onak egin dituzte Reyesen salmentak emandako diruarekin. Makukulak eta Baptistak bikote latza osa dezakete.
ESPAINIAKO LIGAREN HASIERA
Faborito argirik gabe
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu