Txirrindularitza. Italiako Giroa

Faborito ez diren faboritoak

Gaurko amaiera arriskutsuaz gain, hiru etapa gogor-gogor geratzen zaizkio Giroari, lehen mailako zazpi mendate tartean1.36 minutuko tartean daude Rodriguez, Hesjedal, Basso, Kreuziger eta Scarponi

unai zubeldia
Donostia
2012ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Faboritorik ez dago faboritoen artean. Amaitzeko sei etapa besterik ez zaizkio geratzen aurtengo Italiako Giroari, eta minutu eta erdi pasatxoren aldea besterik ez dago orain bi aste lasterketa irabazteko faborito ziren bost txirrindulariren artean. Orain bi aste beste txirrindulari batzuk ere bazeuden zerrenda horretan, baina mendate etzanek utzi dituzte bidean; Frank Schleckena (RadioShack) da adibiderik argiena, erorketa batek eta buruak eraginda, etxean dagoelako jada luxenburgotarra. Erabateko iraultzarik ezean, nekez irabaziko du Giroa Joaquim Rodriguez (Katuxa), Ryder Hesjedal (Garmin), Ivan Basso (Liquigas), Roman Kreuziger (Astana) eta Michele Scarponi (Lampre) ez beste txirrindulariren batek. 1.36 minutu. Tarte horixe dago bost horien artean. Ezer ez, hiru etapatan lehen mailako zazpi mendate igo beharko dituztela kontuan hartuta. Arriskutsua da gaurko amaiera ere.

Liquigas da tropeleko talderik indartsuena; nabarmen, gainera. Horren erakusgarri, faborito gehienen pare edo gainetik dabil Sylvester Szmyd. Aldapa gora beste inork baino lan gehiago egin du poloniarrak, eta 6.35 minutura dago sailkapen nagusian, 21. postuan. Errematea eman ezinik dabil, ordea, Basso. Jarrera oldarkorregia ez daukala eta, kritika dezente entzutzen ari da italiarra. «Poliki, baina seguru. Sailkapen nagusia itxura hartzen ari da, baina hiru etapa gogorrenak geratzen dira oraindik. Konfiantzaz gainezka nago». Hortxe Liquigasekoaren erantzuna.

Rodriguez dago lider, baina kataluniarrak ez du ematen erabateko konfiantzarik. Cervinian gora ez zen gai izan Hesjedalen erasoari erantzuteko, eta Leco Piani Dei Resinellin gora dena emanda iritsi zen helmugara. Ikusi egin beharko da Giaun, Alpe di Pampeagon, Mortirolon edo Stelvion nola erantzuten duen. Hesjedal dabil oso serio, eta Milango 30,1 kilometroko erlojupekoa dauka alde. Oso jende gutxik dauka konfiantza Kreuzigerrengan, etapa guztietan egin duelako herren txiki bat amaieran; eta Scarponik, berriz, galera dauka pilatuta, eraso kolpeetan indartsu dagoela erakutsi duen arren.

Euskaldunei dagokienez, zazpigarren dago Beñat Intxausti (Movistar), Rodriguezengandik 1.42 minutura; eta 18. Mikel Nieve (Euskaltel-Euskadi), 4.20ra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.