Baloi txikiaren kirola Suitzara begira egongo da gaurtik, Europako zazpigarren Txapelketa jokatuko baita han. Hamasei selekzio ariko dira, eta azken txapelketako ohiturari jarraituz, ez dago faborito argirik, txapela irabaz dezaketen hamaika selekzio baizik.
- A MULTZOA. Multzorik eskasena da. Ezustekorik ezean, Esloveniarentzat izan beharko luke lehen postuak. Talde indartsua du. Celje klubeko jokalariak dira nagusi: Skof, Kozlina, Zorman, Natek... Horiek eta Espainiako eta Alemaniako Ligan ari diren jokalariek (Pajovic, Rutenka, Vugrinec eta Kavticnik) osatzen dute bizkarrezurra. Oso lan ona egin dezake, baina betiko kontua da. Txapelketa hasi aurretik gertutik jarraitzeko taldea da beti, baina gero, kale egiten du. Suitzan ospe hori amaitu nahi du.Poloniak, Suitzak eta Ukrainak lehia gogorra izango dute. Haietatik bat geratuko da kanpoan lehen fasean. Hiru selekziok nahikoa egin dute sailkatuta. Izan ere, eskubaloiak izan dituen azken bi hitzorduetan huts egin zuten: 2004ko Atenasko Olinpiar Jokoetan eta iazko Tunisiako Munduko Txapelketan. Maila parekoa dute hirurek. Baten bat aipatzekotan, Polonia. Bogdan Wenta Bidasoako jokalari ohiak zuzentzen duen taldeak egundoko ustekabea eman zuen sailkapenean, Suedia kanpoan utzita (lau aldiz Europako txapeldun). Suitzan ere goia jo nahi du.
- B MULTZOA. Multzo gogorrena da: Alemania (Europako txapelduna), Espainia (olinpiar txapelduna) eta Frantzia (munduko txapeldun izandakoa) ariko dira. Eslovakia, multzoko beste taldeak ez du aukerarik aurrera egiteko. Alemaniak selekzioa eraberritu du. Ez du antzik orain bi urte Europako Txapelketa irabazi zuenarekin. Lesioak eta erretiroak direla medio, jokalari mordoa faltako da: Kretzchmar, Baur, Velyki, Zerbe, Schwarzer, Stephan... Geratzen diren beteranoek izango dute ardura: Fritzek, Hensek, Zeitzek, Von Behrenek eta Kehrmannek, besteak beste. Ondoan, etorkizuneko jokalariak izango dituzte: Glandorf, Bitter, Kraus eta Tiedtke, besteak beste. Espainiak eta Frantziak ez dute aldaketa aipagarririk egin. Espainiak iaz Munduko Txapelketa irabazi zuen talde ia bera jarriko du pistan: Julio Fis kubatarra eta Jon Belaustegi donostiarra dira berritasunak. Bere estiloari leial, Juan Carlos Pastorrek beteranoak eta gazteak uztartu ditu. Erasoko jokalari bikainak ditu (Iker Romero gasteiztarra eta Mateo Garralda burlatarra, besteak beste). Espainiaren bidea, hala ere, Barrufet eta Hombrados atezainen lanaren araberako izango da.Espainiak bezala, Frantziak aldaketa gutxi egin ditu. Bakarra, baina garrantzitsua, Jackson Richardson ez dela ariko, selekzioan erretiroa hartzea erabaki baitzuen iaz. Abatik, Dinartek, Fernandezek, Karabaticek, Guille anaiek eta enparauek beste aukera bat izango dute. Ez dira bakarrik ariko, maila polita eman dezaketen bi gazte izango dituzte ondoan: Abalo eta Guigou. Frantziak aspaldi ez du txapelik lortu, 2001eko Munduko Txapelketa izan zen azkena. Iaz aurrerapausoa eman zuen: hirugarren izan zen Munduko Txapelketan. Suitzan beste bat eman nahi du.
- C MULTZOA. Danimarka eta Serbia ariko dira lehena izateko borrokan. Danimarkak goia jo zuen orain lau urte Suediako Europako Txapelketan: hirugarren sailkatu zen. Ordutik maila horretara iritsi ezinik dabil. Talde bikaina du, baina erregulartasuna falta zaio. Betiko bi oinarriren gainean eraiki du Suitzan ariko den selekzioa: indarra eta bizitasuna. Jokalarien zerrenda ikusita, argi geratzen da hori aurrera eramateko osagaiak badituela: Kasper, Christiansen, Boldsen, Knudsen, Jorgensen, Stryger...Serbiak antzeko gabezia du: erregulartasuna falta zaio. Azken txapelketetan goian egoteko hautagaien artean izan da, baina gero, kale egin du. Uste baino gehiago ari zaio kostatzen etorkizuneko talde bat osatzea. Kalitate handiko jokalariak ditu (Nikolic, Stojanovic, Sterbik eta Krivokapic), baina oso irregularrak. Hungaria eta Islandia, berriz, maila apalagoko taldeak dira. Ezusterik ezean, bietako bat geratuko da kanpoan lehen fasean.
- D MULTZOA. Kroaziak dena du alde multzoko lehena izateko. Lino Cervarrek entrenatzen duen taldeak kolpe latza jaso zuen iaz Munduko Txapelketan. Txapela bigarren aldiz irabazteko faborito nagusia zen, baina finalean Espainiak makurrarazi zuen. Horrek, hala ere, ez du ondoriorik izan, eta Kroaziak azken urteetan hain emaitza onak eman dizkion talde bera eraman du Suitzara. Solak, Balicek, Lackovicek, Metlicicek, Vorik, Dzombak eta enparauek galdutako koroa berreskuratu nahi dute. Iazko esperientziatik oso lezio baliagarria atera dute: orain badakite ez direla garaiezinak, eta aurkaria errespetatu ezean , larrutik ordain dezaketela. Gehiegizko konfiantzak ez du tokirik orain Kroazian.Errusia eta Norvegia maila bat beherago daude. Bi taldeok antzeko maila dute, eta ahulune bera: partida erabakigarrietan huts egiten dute. Jokalarien izenei erreparatuta, argi geratzen da edonori aurre egiteko baliabideak dituztela: Errusian, Koktxarov, Kuleshov, Torgovanov, Txipurin eta Rastvortsev; Norvegian, Ege, Berge, Kjelling, Jensen, Solberg eta Hagen. Portugal, berriz, multzoko talde eskasena da. Gora egin nahi duen selekzioa da. Orain arte, hala ere, ez du horrelakorik lortu: ez zen sailkatu Atenasko Olinpiar Jokoetan eta Tunisiako Munduko Txapelketarako.
ESKUBALOIA. EUROPAKO TXAPELKETA SUITZAN.
Faborito ilara
Europako Txapelketa jokatuko da Suitzan gaurtik otsailaren 5a bitartean. Selekzio mordoa ageri da txapela lortzeko hautagaien artean: Kroazia, Frantzia, Espainia, Alemania, Danimarka...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu