Astebeteko atsedena izan eta gero, arratsalde honetan Sei Nazioen Torneoari ekingo diote berriro gaur. Hirugarren jardunaldiko bi partida jokatuko dira gaur: Ingalaterra-Frantzia (18:00, France 2) eta Italia-Gales (15:30, France 2). Arratsaldeko bi partiden artean ikusmin gehien sortu duena ingelesen eta frantziarren artekoa da. Bi selekzio horiek dira lehen bi jardunaldietan irabazi duten bakarrak, eta horietako bat izango da aurtengo torneoko irabazlea. Garaileak urrats handia eginen du txapela irabazteko, eta Grand Slama ere hurbilago izanen du. Galtzaileari, berriz, maldan gora ezarriko zaio kopa.
Ingalaterra da gaur garaipena lortzeko faboritoa, are gehiago etxean, Twickenhamen jokatuko duela kontuan hartuta. Gainera, orain arte ingelesek frantziarrek baino itxura hobea eman dute, bai Galesen irabazita (19-26) bai etxean Italia oso erraz menderatuta (59-13). Frantziaren emaitzak, ordea, estuagoak izan dira Eskoziaren aurka (34-21) edo Irlandaren aurka Dublinen (22-25).
Emaitzetatik haratago, jokoari dagokionez, Ingalaterra askoz hobeto aritu da. Martin Johnsonek zuzentzen duen selekzioak nora joan nahi duen argi duela ageri da. Azken hiru urteetan Johnsonek bere taldea osatu du, eta postu garrantzitsuetan hautatu dituen jokalariek selekzioko aginte makila hartu dute. Horrela da uztartze erdian Ben Youngsekin, zeinek Dannie Care aulkian utzi duen. Baina gauza bera erran daiteke Tobby Flood Leicesterreko irekitzailearekin. Jonny Wilkinson handiari postua kendu dio, eta oso ondo ari da aurtengo torneoan. Aitzinean, Haskell, Palmer, Easter eta Sheridanen artean esperientzia ederra dute, eta gibelean, Ashton eta Fodden aurtengo lehiaketan ezusteko ematen ari dira.
Aldaketa anitz Frantzian
Frantziak, berriz, Ingalaterraren alderantzizko sentsazioak transmititzen ditu. Marc Lievremontek zuzendutako taldea jokatzen ikustean argi gelditzen da ez duela oraindik bere jokoa plantan emana. Postu garrantzitsuetan jokalari erreferenterik ez da sentitzen, eta joko aukerak molde nahasian hartzen dira.
Lievremontek zelairatu duen hamabostekoa zalantza horien isla da. Uztartze erdian, orain arte Morgan Parrak Lievremonten konfiantza itsua zuen. Gaur, baina, haren ordez Miarritzeko Dimitri Yachvili ariko da hasieratik. Damien Traille ere postu batetik bestera dabil: atzo gibeleko, gaur erdiko, bihar irekitzaile... Arratsalde honetan, taldetik kanpo egonen da. Zortzi postuan ere hainbat duda izan ditu Lievremontek Imanol Hariñordoki edo Sebastian Chabalen artean. Hala ere, ez da ahantzi behar Frantziak partida bakarrera edonori irabaz diezaioke, eta haren harrotasunari dei egiten ahalko dio.
Jardunaldiko beste partidan, Italiak Ingalaterraren aurka jasotako jipoia ahantzi nahiko du. Irlandaren aurka erakutsitako bisaia berreskuratu nahiko dute italiarrek Galesi irabazteko. Galestarrek, berriz, haien jokoan orden gehiago ezarri beharko dute gibelekoen talentuari probetxu gehiago atera nahi badiote.
Faboritoak aurrez aurre
Sei Nazioen Torneoa irabazteko partida erabakigarria jokatuko dute gaur Ingalaterrak eta Frantziak Londresen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu