FUTBOLA. ATHLETIC

Falta zen pieza

Ander Herreraren itzulerak Athleticek denboraldi hasieran izan dituen arazo asko konponduko dituela dirudiMarcelo Bielsaren erabaki okerrek are eta handiagoa egin dute euskarriaren beharra

haritz gallastegi
Bilbo
2012ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Futbol talde baten eta eskusoinu baten artean antzekotasun handiak aurki daitezke. Soinuarekin musika ederra sortzeko, ezinbestekoa da behar den moduan erabiltzea. Ezinbestekoa da egoki zabaldu eta ixtea notek behar duten soinua emateko. Futbol talde batean ere antzekoa gertatzen da. 11 futbolarien lanak, txistuak jaso beharrean, txaloak eragiteko, zuzen aritu behar dira protagonista nagusiak. Hau da, bai aurrera, bai atzera egiterakoan, guztiak batera mugitu behar dira. Hala gertatzen ez bada, desoreka dator. Eta horren ondorioa da taldeak sortzen duen soinuak belarrietako mina eragitea.

Kontua da Athleticek ez duela espero zen soinua eskaini. Tonutik at dago. Hala gertatu da Osasunak San Mames bisitatu zuen arte. Ligako zazpigarren kontzertura arte itxaron behar izan dute jarraitzaileek taldeak bere gaitasunaren zertzelada batzuk eskain zitzan. Zuri-gorrien bertsio ona ikusteko horrenbeste denbora itxaron behar izanaren arrazoiak asko dira. Talde batek lan txarra egiten badu, ez baitu hala egiten atzean arrazoi bakarra dagoelako. Baina igandeko derbian argi eta garbi ikusi zen zein zen Marcelo Bielsak zuzentzen duen taldeak zuen gabezia nagusietako bat: orekarik eza.

Ander Herrerak eman dio taldeari falta zitzaion oreka. Euskarri gaztea zen Athleticek soinu baten antzera funtzionatzeko falta zuen pieza. Defentsaren eta erasoaren artean lotura lanak egiteko falta zen futbolaria. Haren ekarpena izan zen zuri-gorrien itxuraldaketaren giltza. Athleticek Herreraren falta sumatu du. Zehatzago esateko, iazko fitxaketa nagusiaren ekarpenaren falta aspalditik ari zen sumatzen. Joan zen denboraldiaren azken txanpatik desagertuta baitago. Eta egun ere urrun dago hark eman dezakeen ekarpenetik. Halere, Athleticek duen jokatzeko erarako ezinbesteko pieza da.

Bielsak derrigorrean behar du zelai erdian Herreraren dohainak dituen futbolari bat. Hiru jokalarik baitute taldearen birika izateko ardura. Eta hirurek oso betebehar ezberdinak dituzte. Kate bat osatzen dute. Atzetik aurrera, Ander Iturraspe da katearen hasiera. Abadiñoarraren lana da atzelariei laguntzea eta erasora begira lehen pasea ematea; katearen amaiera Oscar De Marcos da. Guardiakoak aurkarien atzeko lerroa puskatzeko ardura dauka. Baloi gabe egin beharreko lana da gehienetan. Kilometroak eta kilometroak egiten ditu neurketa bakoitzean bere helburua lortu ahal izateko; eta katearen erdiko zatia da Herrera. Taldeari patxada eman behar diona. Erabaki garrantzitsuak hartzeko aukeratutako futbolaria. Bere lana ondo egiten duenean, itxuraldatu egiten da taldea. Hazi egiten da. Eta Herrera nabarmentzen den egunean ingurukoek ere hobeak dirudite. Horregatik da ezinbestekoa Bielsarentzat. «Herrerak dauka gaitasuna erasoko jokaldiak nola hasiko diren eta nola amaituko diren erabakitzeko», esan zuen teknikariak. Eta, era berean, entrenatzaile argentinarraren joko sistemak ere mesede handia egiten dio jokalariari bere dohain guztiak azaleraz ditzan.

Derbiak zeruan jarri du ezbaian zegoen Herrera. Egun badirudi haren ekarpenik gabe Athleticek ez daukala zereginik. Ez da hala. Herrera jokalari ona da, eta hobea izango da. Asko eman diezaioke Athletici. Talentua dauka. Eta futbolean ez da sobera dagoen kontua. Halaber, izaera sendoa du. Gaztea izan arren, argi ditu gauzak. Agintzeko balio du. Futbola ikusi eta ulertu egiten du, eta ikusten duen hori esateko gai da. Berba egiten du. Agindu egiten du. Eta, egun, futbol profesionalean faltan sumatzen dira horrelako jokalariak. Errespetu handiegia diete elkarri. Beraz, ondo bidean, eta inguruak larregi nahasten ez badu, zelaian zein aldagelan pisu handia izango duen futbolaria izango da aurki.

Ikusteko dago, ordea, zeintzuk diren Herrerak futbolean dituen ametsak. Hau da, ez dago argi Athletic den haren benetako ametsa edo beste nonbait amaitzeko igarobidea den. Denborak esango du hori. Halere, bistan da gauza asko dituela alde. Baina ez da ahaztea komeni haren ekarpenaren falta horrenbeste sumatu izanaren errudun nagusia Bielsa izan dela. Teknikariak ez du asmatu Herrera egon ez den bitartean. Pieza aldaketa okerra egin du. Iker Muniain jarri du lotura lanak egiten. Eta argi geratu da nafarrak ez duela horretarako balio. Areatik gertuago jokatzeko futbolaria da. Haren postua atzeratuz gero, hautsi egiten da katea. Horregatik, Bielsak hartutako erabakiak handitu egin du Herrerak utzitako zuloa.

Klubari errespetu falta

Athleticen dagoen bitartean aprobetxatu egin beharko da Herrerak eskain dezakeena. Argi dago hori. Jokoan asko eman lezake, eta zelaitik kanpo ere bera da baikortasun mezurik garbiena igorri duena. Egoera gaitzetan asko balio du horrek. Pragan neurketa negargarria jokatu ostean, Athleticek egoerari buelta emango ziola aurreratu zuen. Ez zela asko itxaron beharko itxuraldaketa ikusteko. Bada, lehen pausoa joan den igandean eman zuen taldeak. Eta Osasunari irabazi ondoren indartu egin zuen bere mezua. «Nik goitik behera sinesten dut talde honetan. Asko daukagu hobetzeko, baina esan nuen Osasunaren aurka hasiko ginela egoerari buelta ematen». Mezu argia; zaleen gustukoa.

Baina Herrerak ez du beti zintzo jokatu bazkideekin. Komunikatzeko erraztasun itzela dauka, eta horrek asko ematen dio. Baina kendu ere kendu dio. Jakinekoa da martxotik arazoak izan dituela pubisean. Horrek ez zion utzi aurreko sasoiaren azken txanpan barruan daramana erakusten. Halere, eta arazo fisikoekin zegoela jakin arren, Espainiarekin Londresko jokoetan aritzea erabaki zuen. Ez zuen eman berarengandik espero zena, eta, Luis Milla hautatzailea eta bere burua justifikatze aldera, ez zela «sasoirik onenean» lehiatu esan zuen. Pubiseko arazoak zituela, alegia. Hilabete geroago Bilbora itzuli zenean, ordea, kontrakoa esan zuen. «Bete-betean» omen zegoen laguntzeko. Baina ez zen asko behar izan horrela ez zela ikusteko. Ebakuntza egin behar izan zioten, eta horregatik egon da taldetik kanpo hilabetez. Ordaintzen dion klubari errespetu falta itzela erakusten duen jarrera izan zuen. Zerikusirik ez Andoni Iraolak izan zuenarekin —uko egin zion Eurokopari arazo fisikoekin zegoelako—. Herrerak jakin beharko luke ezin denean ezin dela. Eta ez badaki, klubak hartu beharko ditu neurriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.