Baskonia ez da inoiz belaunikatzen. Ez du inoiz amore ematen, eta belaunikarazi nahi duenak izerdi asko bota behar du, majo sufritu. Kontu ezberdin bi direlako Baskonia bere onenean ez egotea, eta bestea, partida garrantzitsuetan arabarren fedea itotzea. Egia da Lietuvosen aurkako porrota, eta Panathinaikosen aurkako garaipen handiari azalpen zentzuduna ematea ez dela erraza, aste baten tartean gertatu direlako, baina Lietuvos Lietuvos da, eta Panathinaikos Panathinaikos. Errespetuz. Atzokoa nola edo hala aurrera atera beharreko norgehiagoka zen, aurrean Europako jauntxoetako bat zegoelako. Galduz gero, final-laurdenek ihes egin zezaketelako betirako, eta Baskoniak erantzun ezin hobea eman zuen.
Garaipen lasaigarria lortzeko, aurren-aurrena. Jokalariek euren buruei gaitasuna eduki badutela konbentzitzeko. Zaleei asteazken edo ostegunero kantxan ikusten duten taldeak fedea dutela esateko. Eta fedea dutelako, indarra dutela. Oztopo ororen gainetik arrakasta bilatzeko. Baskoniak ez zuen partida on-onik egin eta azken aste eta hilabeteetan errepikatu diren akatsek arnasa ean zioten Panathinaikosi, baina greziarrei irabazteko gauza asko egin behar dira ondo, eta Baskoniak gauza asko egin zituen ondo. Ondo ez, bikain.
Defentsa, hasteko. Huertasek, eta Ribasek, Diamantidis ito zuten sarri, eta joko antolatzailea ernegarazi. Blokeoa eta jarraipena, Panathinaikosen baliabide arriskutsuena gelditu zuten zaintza bikoitzekin, Diamantidisen barneraketa eraginkorrak saihestuz. Batisterekin bat egiteko zailtasuna izan zuen Diamantidisek, eta Fotsis, Nicholas, Sato, Perperoglou eta Tsartsaris ez dira hain onak. Ez dira herrenak, baina hobea da Diamantidis-Batiste bikoa.
Erasoan ere pazientzia handiagoarekin jokatu zuen Baskoniak, bere baliabideak ondo ustiatuz. San Emeterio batzuetan, Batista besteetan, Loganen buruz buruko jokaldiak, Huertasen gidaritza... Ezusteko politak izan ziren Pau Ribasek hirugarren laurdenean bata bestearen atzetik sartu zituen hiru hiruko, partida hausten hasteko, eta Teletovicen unean uneko erabaki zuzenak.
Dena ez zen ona izan, baina taldeak beste itxura bat dauka. Dinamika onean sartzen ari dela dirudi. Eman behar ez zituen baloi batzuk eman zituen, eta tarteka, trabatu samar jokatu zuen erasoan, gauzak argi edukiko ez balitu bezala, baina aurrean Panathinaikos zegoen, Europan defentsa onena egiten duen talde puska.
Tentsioa bukaerara arte
Baskonia aurretik ibili zen markagailuan ia beti. 40 minututatik 38 minututan, eta merezita irabazi zuen. Lehen laurdenean hasi zen egurrean, eta 17-12 aurreratu San Emeterioren minutu onekin. 27-20 ihes egin zuen bigarren laurdenean, Teletovicek sei puntu saskiratuta, baina epaileek erabaki eztabaidagarri batzuk hartu, eta partidan sartu zuten Panathinaikos atsedenaldian: 36-33.
11 falta adierazi zizkioten Baskoniari, eta sei greziarrei, baina arabarrak ez ziren kikildu. Partida mugarria zela bazekiten, eta Panathinaikosen hasiera onak zaleak izutu bazituen ere (41-42), Baskonia hazi egin zen, etaRibasen hiru hirukok hamar puntuko zuloa ireki zuten: 59-49.
Panathinaikosen aurka, ordea ezin zara fidatu inoiz, eta laugarren laurdeneko lehen minutuetan sufritu egin zuen Baskoniak. Panathinaikos erraz ari zelako, eta defentsan tentsio apur bat galdu zuelako Ivanovicen taldeak. 62-58 hurbildu zen Atenasko taldea, baina Batistak lau puntu saskiratu zituen jarraian, berriro lasaitasuna emateko taldeari. Batistak berak umekeri handia egin zuen geroxeago, Diamantidisek merezi zuen teknika berak jasota, baina hiru puntura hurbildu zen Panathinaikos: 73-70. Ez zen hortik pasa, eta bukaera lasaixeagoa izan zen. Garaipen handia da, une aproposean datorrena. Etekina atera behar zaio.
Fedea dute, indarra dute
Garaipen garrantzitsua lortu du Baskoniak Panathinaikosen aurka, eta final-laurdenak gertuago ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu