Belar gainean ere elkarren kontra aritzeko bidea ari dira egiten Roger Federer eta Rafael Nadal. Wimbledoneko final-laurdenetan aritzeko txartela behintzat lortu dute. Federerrek Berdych utzi zuen atzo kanpora (6-3, 6-3 eta 6-4) eta hori ez da harritzekoa suitzarra baita torneoa irabazteko hautagai nagusia. Rafael Nadalek Labadze utzi zuen kanpora (6-4, 7-6 eta 6-3), eta belar gainean gero eta hobeto moldatzen dela ari da erakusten kataluniarra -Agassiri irabazi izanak horretan saiatzeko indarra eman dio sobera-. Ez zen gizonezkoen lehiaketan aparteko ezustekorik gertatu atzo.
Hewitt zerrendaburuak ere aurrera egin zuen Ferrer kanpoan utzita (6-4, 6-4, 4-6 eta 7-5), eta Ancic beste zerrendaburuak ere ez zuen hutsik egin Djokovicen aurka, benetan partida gogorra jokatu beharra izan zuen arren (6-4, 4-6, 4-6, 7-5 eta 6-3).
Justine Henin-Hardenne ari da oso indartsu emakumezkoetan. Daniela Hantutxovari irabazi zion atzo (6-3 eta 6-1), eta final-laurdenetarako sailkatu da hura ere. Kale egin ez zuten beste zerrendaburuak: Amelie Mauresmo, Maria Sharapova eta Kim Clijsters. Aurrera egin dute horiek ere, eta, itxura guztien arabera, ez dira finalerdiak arte elkarren kontra ariko. Gaur jokatuko dira final-laurden interesgarri bi: Dementieva-Sharapova errusiarrak elkarren aurka, pista zentralean, eta Mauresmo lehen zerrendaburua Myskinaren aurka.
Federer eta Nadal Wimbledoneko final-laurdenetan ariko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu