FIAren malgutasun eza

Automobilismo Federazioak Renault eta BMW-Sauber erabiltzen ari ziren bi gailu debekatu nahi ditu

Laurentzi Garmendia
2006ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
Azken bi asteetan, Frantziako Sari Nagusiaren ondoren, FIAk zehaztasun batzuk egin ditu arautegi teknikoaren inguruan. Bi kontzeptu debekatu ditu Nazioarteko Automobilismo Federazioak, edozein ikuspuntutatik aztertuta ere euren artean oso desberdinak biak, eta berehala aplikatzekoak gainera, gaurko Alemaniako Sari Nagusian bertan ezingo baitira erabili.

Batetik BMW-Sauber taldearen twin towers edo dorre biki gisa bataiatu dituzten bi eranskailu aerodinamiko debekatu ditu. Duela hilabete probatu zituen taldeak lehen aldiz Xerezko zirkuituan, eta ingeniariek berehala erabiltzen hasteko asmoa azaldu zuten hasieratik. Zabaldu diren albiste oker batzuek bestela badiote ere, eranskailu horiek -autoaren aurrealdeari itsatsita egon arren- ez dira aurrealdearen karga aerodinamikoa handitzeko. Izan ere, haizea kanalizatu egiten dute, gidariaren burua eta atzean duen autoaren aire sarrera hobeto ingura ditzan.

Atzeko aleroiak aire fluxu garbiagoa jasotzen du, eta ondorioz, haren eraginkortasuna handitu egiten da. Elementu aerodinamiko horien eragina ez dago aurrealdean, atzealdean baizik. Onura zenbaterainokoa den zehaztea zaila da, baina itzuliko hamarren bat edo bi irabazteak erabat justifikatuko lituzke. FIAk araudiaren artikulu bat hartu du oinarri horiek debekatzeko, gidariaren ikusmena oztopatzen duela eta. Taldeak badu horren kontra egiterik, baina FIAk ia ate guztiak itxi ditu eta BMW-Sauber taldeak ez du lehia horretan sartu nahi izan Federazioaren kontra.

MALGUKI EZKUTUA, AGERIAN. Debekuaren beste biktima bat ere izan da, eta 1 Formularen inguru teknikoetan oihartzun sakona izan duena. Oinarri tekniko konplexuagoa izateaz gain, autoaren kanpoaldetik ez da ikusgarria eta horregatik ez da jakina noiztik ari diren erabiltzen 1 Formula taldeak.

Ustez, Renault izan zen sistema hori erabiltzen lehena, eta hasierako data zehazterik ez badago ere, urte osoa daramala ia segurutzat jo daiteke. Funtsean, autoaren muturrean dagoen masa zintzilikatu bat da, baina lotura malguki bidez egiten dena; batak goialdetik lotzen du, eta besteak behealdetik. Hori dela-eta, autoak gora eta behera egiten duenean, masa hau mugimendu oszilakor batean hasten da, malgukien zurruntasunaren araberakoa.

Asko sinplifikatuz, malgukiak ondo aukeratzen badira, autoa askoz ere horizontalago manten daiteke piano-en gainetik igarotzean edo bihurguneetara igotzean, autoak gorantz egiten duenean, masa horrek beherantz bultza dezakeelako, eta alderantziz. Hori dela-eta, gurpilek konstanteago egiten dute lan eta autoa hobeto itsasten zaio errepideari.

FIAk oso azalpen arraroa eman du sistema hori debekatzeko orduan, sinesgaitza egiten dena. Izan ere, masa horrek autoaren aerodinamikan zeharkako eragina duenez, «elementu aerodinamiko mugikor» moduan hartu du, eta hori legeak erabat debekatzen du. Kontua da bilatzen den efektua ez dela aerodinamikoa, erabat mekanikoa baizik. Hala ere, sistema erabiltzen ari diren taldeak (Renault, Ferrari, McLaren eta RedBull), hura gabe ariko dira Alemanian. Hasiera batean komisarioek ontzat jo zuten sistema hori, ostegunean bertan, baina herenegun FIAk baimen horren kontrako helegitea aurkeztu zuen, eta Renaultek badaezpada ere ez erabiltzea erabaki du, zigorren beldur.

Neurri hau Ferrariri laguntzeko izan dela diote kritika zorrotzek, Bridgestone pneumatikoekin denbora gutxi irabazten baitzen sistema horrekin -itzuliko hamarren bat, adituen arabera-, eta aldiz Michelinek hiru hamarren galduko ditu hemendik aurrera sistema hori gabe. Edonola ere, denboraldi amaiera oraindik ere irekiagoa utzi dute FIAren erabaki zorrotz horiek.

LIDERRA, LAUGARREN LERROTIK. Gaurko lasterketan Michael Schumacher Ferrariko gidariak aparteko aukera du Fernando Alonso Renaultekoarekiko duen aldea murrizteko. Alemaniako Sari Nagusiko polea Kimi Raikkonen McLarenekoak lortu zuen atzo, eta bere ondoan Schumacherrek hartuko du gaur irteera. Biak lehen lerrotik aterako dira. Alonso, berriz, zazpigarren izan zen atzoko entrenamendu ofizialetan, eta laugarren lerrotik aterako da.

Une honetan hamazazpi puntukoa da Alonso liderraren eta Schumacher bigarren sailkatuaren arteko aldea sailkapen nagusian, eta zazpi karrera falta dira txapelketa amaitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.