Bizkaia pilotalekuaren bidea gaur hasiko da, eta apirilaren 19ko finalera arte emango ditu lehen pausoak. Hortik aurrera, baina, pilotalekuaren kudeaketa pribatua izango da, eta Bizkaiko Aldundiak jakinarazi ditu aurkeztu nahi duten enpresek bete beharreko baldintzak. Ustiaketari dagokionez, EPELen final bat ziurtatu behar dute gutxienez urtero, txapelketako hamahiru partida eta feria bat. Trukean 1.271.186 euro ordainduko dizkio 2011ko zortzi hilabeteengatik eta 1.694.915 euro 2012. urtearengatik. Aurreneko eskaintza lau urterako izango da.
Baldintzak iragan martxoaren 11n jakinarazi zituen Azpiegiturak-ek, Bizkaiko Aldundiak bultzaturiko azpiegiturak kudeatzeaz arduratzen den elkarteak. Baldintzek hogeita hamaika eskutik ematen die EPELeko enpresei, «esku-huska profesionaleko maila altueneko eta zabalkunde handieneko hiru txapelketetako final bat» ziurtatzea eskatzen baitute. EPELen hiru txapelketak espresuki ez izendatu arren, zeharka argi uzten du zeintzuei buruz ari den. Hala, EPELeko kideek erabaki ahalmen handia dute, partida horiek antolatu ahal izango direla «akordiorako oinarri» bidez ziurtatu behar baita. Beraz, zaila dirudi EPELetik urrun dagoen enpresaren batek lortzea azkenean kudeaketa eskaintza.
Finalaz gain, hiru txapelketa handienetako hamalau partida ziurtatu behar dira, eta horietatik bi finalerdietakoak izan daitezela. Era berean, torneo bat antolatu behar da, «azken hiru urteetako maila altueneko zabalkunde handieneko txapelketetan» parte harturiko pilotariekin. Torneo horrek hiru jaialdi izan behar ditu gutxienez, eta ez du zehazten udan izan behar den ala ez. Hala ere, EPELeko iturriek BERRIAri iragan otsailean jakinarazi ziotenez, litekeena da Bilboko Aste Nagusian torneo bat antolatzea. Hala balitz, Donostiako torneoa dataz aldatzera behartuko luke, normalean Donostiako Aste Nagusiaren ondorengo astean jokatzen baita.
Pilotalekua eta inguruak —trinketa, kirol etxeko bulegoak, 150 autorendako aparkalekua...— kudeatzeko interesa duten enpresek apirilaren 19ra arteko epea dute euren eskaintzak aurkeztu, eta aldi berean EPELekin negoziatzeko. Lau urterako kontratuak dira, eta hirugarren urterako 2012ko kopuruari BEZa gehituko zaio. Eskaintzek puntu gehiago lortuko dituzte kopuru horiek jaisten badituzte, beste aldagai batzuen artean.
Palari dagokionez, enpresak pala motzeko berrogei jaialdi ziurtatu beharko ditu urtean, eta torneo bat, egungo Bilbo Hiria adibidez. Asfedebiren asmoa jaialdiekin ekain aldera hastea da. Era berean, enpresak trinketa eta pilotalekua astean hamar orduz utzibeharko dizkio Bizkaiko Pilota Federazioari. Trinketari dagokionez, aurki puntako jaialdi bat antolatuko da bertan, eta Waltary Agustik parte hartuko du.
Final bat eta EPELen babesa
Bilboko pilotalekua kudeatu nahi duen enpresak puntako final bat, txapelketako hamahiru partida, torneo bat eta berrogei pala jaialdi ziurtatu behar ditu urtean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu