Final-laurden goiztiarra

Miarritzek irabazi beste aukerarik ez du Saracensen aurka, kanporaketetarako sailkatu ahal izateko

Miarritzeko Luix Roussarie, baloia zabaltzen, Saracensen aurkako joaneko partidan. GAIZKA IROZ.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko urtarrilaren 15a
00:00
Entzun
«Sailkapena ikusiz argi dago ez dugula sailkatzeko aukerarik izanen Saracensen aurka galduzgeroz. Egiazko final-laurden bat izanen da, irabazi beharreko partida». Patrice Lagisquet, Miarritzeko errugbi arduradunak argi dauka, Miarritze jada kanporaketa zuzen partidetan sartu da Heineken Kopan. Alta, ligaxkak bururatzeko bi partida jokatu behar ditu oraino euskal taldeak. Orain arte egindakoak beste erremediorik ez dio utzi, sailkapena lortu nahi badu, irabazi egin beharko du Aguilerako taldeak.

Bere sasoi hastapen txarraren irudiko, gorabeherekin ibili da Miarritze Heineken Kopan. Jokatutako lau partidetatik bi irabazi ditu, eta beste bi galdu. Italian galdu zuen partidak bereziki min egin dio sailkapenean: «Benettonen aurkako petoaren ondotik, sailkapenean gauzak argi daude. Aukerak ditugu, baina ez dugu huts egiteko beste aukerarik», azaldu du Lagisquetek.

Ekuazioa oso sinplea da Miarritzerentzat: irabaziz geroz aukerekin jarraituko du, galduta, aldiz, etxera joan beharko du. Bi partida eta bi garaipen, horra sailkapena ekarriko dion formula. Arazo bakarra, bi garaipen horiek multzoko bi talde indartsuenen aurka lortu beharko duela da. Bakarra, baina arazo handia.

Galeseko Ospreys eta Ingalaterrako Saracens ez dira atzo goizean egindako taldeak. Heineken Kopa ongi baino hobeki ezagutzen dute, eta lanak emanen dituzte irabazteko. «Egutegi zaila dugu, baina orain ez da kalkulatzeko garaia», nabarmendu du Dimitri Yachvili Miarritzeko uztartze erdiak. Bi partidetan zailena, agian, Londresen gaur jokatu beharrekoa izanen da. Saracensi irabaztea beti da zaila; batez ere, etxean. Ez da alferrik Ingalaterrako ligako egungo txapelduna. Ingelesa izan arren, joko modernoa dauka, gibeleko zalutasunaren alde egiten duena, eta aitzinekoen mugikortasuna behar duena.

Maila handiko taldea da, baina Miarritzek badaki irabaz diezaiokeela. Joaneko partidan irabazi egin zion (15-10). Zergatik ez aldi honetan ? «Joaneko partida berriz aztertu dut, eta zinez goi mailako partida izan zen. Entsegu ikusgarriak egon ziren, eta estatistikak selekzioen arteko partida onentsuenen parekoak ziren. Horrek poza ematen du», aitortu du harro Lagisquetek.

Hariñordoki gabe

Joaneko partidak baikor izatera darama Miarritze. Saracensen estiloa —mugikortasuna, eta aitzi eta gibelekoen arteko osagarritasuna— ongi dagokio Miarritzeri. Defentsan sendo dabil, zangoz zelaia ongi okupatzen du eta aitzinean indar handia dauka. Errugbi totala deritzona jokatzen duten taldeek maite ez dituzten hiru ezaugarri, hain zuzen. Joaneko partidan bere pragmatismoari esker irabazi zion Miarritzek Saracensi. Badauka non oinarritua, beraz, Lapurdiko taldeak.

Baikortasuna epeltzeko, dena den, bada motiborik. Damien Traille eta Dimitri Yachvili, Miarritzeren jokoaren ezinbesteko erregulatzaileak, hor izanik ere, hutsune garrantzitsua izanen du Miarritzek. Imanol Harñordokiren bizkarreko mina luze doa, eta, hasieran deialdian zegoen arren, ez da jokatzeko moduan izanen. Garaztarra gabe jokatu beharko du Miarritzek.

SARACENS-MIARRITZE

Saracens. Gill, Smit, Nieto; Borthwick (kap.), Botha; Brown, Saull, Joubert; Spencer, Hodgson; Wyles, Barritt, Farrell, Strettle; Goode.

Miarritze. Barcella, Terrain, Kodela; Thion, Taele; Lauret, Faure, Guyot; Yachvili, Bosch; Bolakoro, Traille (kap.), Gimenez, Ngwenya; Balshaw.

Orena. 16:00 (Fr2).

Lekua. Vicarage Road (Londres, 20.000 ikusle).

Epailea. George Clancy.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.