Final-laurdenak begiz jota jokatuko du Baionak gaur Londresen

Zuri-urdinek ez dute galdu Challenge kopan, eta gaur berdin jarraituz gero, aitzinapausoa emango lukete

Abdellatif Boutaty, baloiarekin, Perpinyaren aurkako norgehiagokan. BOB EDME.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Top 14ko liskarrak ahantzita, Baionak bere bideari jarraituko dio gaur Londresen, Waspsen aurka, Challenge kopako laugarren jardunaldian (20:45). Baionarrek postura onean jokatuko dute norgehiagoka, final-laurdenetako txartela lortzeko beste faborito handiaren aurka. Joan zen larunbatean, bi taldeak elkarren aurka aritu ziren, eta Baionak irabazi zuen (19-11). Horrenbestez, Aturri eta Errobi bazterrekoak sailkapeneko lehen postuan daude, beren hiru partidak irabazita. Hamahiru puntu dituzte baionarrek.

Gibelean, Waspsek hiru puntuko beranta dauka baionarrekiko, hamar punturekin. Alde horrek segurtasuna ematen dio Baionari, baina oraindik etxeko lanak egin beharko ditu. Izan ere, Waspsek irabaziz gero, Baionari aitzina hartuko lioke, hamalau puntu pilatuta. Baionarrek galdu arren, defentsako puntua lortuz gero, bi taldeak hamalau punturekin egonen lirateke. Orduan, hurrengo bi partidetako emaitzek eta, bereziki, lortutako puntu gehigarriek erabakiko lukete multzoko lehen postua eta, bide batez, sailkapena.

Kalkulu horiek saihesteko, galtzea ez den beste edozein emaitza on zaio Baionari. Horrek orain duen aldea mantentzea edo handitzea ekarriko lioke, eta bere etorkizunaren jabe izanen litzateke, Waspsek zer egiten duen begiratu gabe.

Jean-Pierre Elizalde taldera suhiltzaile lanak egitera etorri zenetik, hamar egun eskas iragan dira. Lehen erronka ongi kudeatu du Elizaldek, Waspsi etxean irabazita. Gaur, hobekuntza hori berrestea falta zaio, sailkatzeko bidean urrats handia eginda: «Waspsek Ingalaterrako errugbiko garaipen zerrenda onena dute azken hamar urteetan. Irabaztea handia litzateke, sailkapena oso hurbil izango genukeelako. Baina horretarako jokalariek dena eman beharko dute».

Aldaketa anitz

Taldera iritsi berritan, Elizaldek iragarri zuen «auditoria» bat abiatuko zuela jokalarien maila, jokoaren kalitatea eta egin daitekeena ikusteko. Hitza betetzen ari da. Aldaketa anitz etorri dira Elizalderekin. Entrenatzaile berriak lanean hasi dira: Faugeron gibelekoentzat eta Broncan aitzinekoentzat. Lan saioak ere erabat aldatu dira. «Entrenamenduetan errugbia bakarrik egiten dugu. Ez dugu prestaketa fisikorik egiten. Gure jokoa topatu behar dugu, eta atletismoa egin ordez zelaian izan».

Elizalderen auditoria jokalarien artean ere nabaritzen ari da. Joan zen larunbateko taldearekin alderatuta, aldaketa anitz izanen da iluntze honetan. Iginiz, Roumieu, Boutaty, Puricelli, Lauaki, Gartzia, O'Connor...: ez dira gutxi joan zen astean aulkian eta gaur hasierako taldean izanen direnak. Kapitaina ere aldatuko da: Bagetek ez du jokatuko, Elizalderen erabakiz, eta haren ordez Linde izanen da kapitaina.

Hainbeste aldaketekin, jokalariak galduta egon daitezke: «Gauzak ez dira ez gaizki ez ongi pasatzen jokalariekin. Batzuk pozik daude, aulkia uzteko aukera ikusten baitute; besteak haien postua galtzeaz beldur dira. Baina lan dinamika ona da». Gaur irabazita, dudarik ez da dinamika are hobea izanen dela Top 14ari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.