Final-zortzirenak gaur hasiko dira, Balmasedan

Urrutikoetxeak eta Diazek beste urrats bat egin nahi dute, eta zortzi onenen artean sartu, lehen aldiz

Erredakzioa
Donostia
2010eko urriaren 29a
00:00
Entzun
Lau t'erdiko nagusia zortzi onenen arteko txanpan sartu da. Gaur jokatuko da final-zortzirenetako aurreneko kanporaketa, Balmasedan (Bizkaia). Iñigo Diaz eta Mikel Urrutikoetxea ariko dira nor baino nor. Sari handia dago jokoan: final-laurdenetan Sebastian Gonzalez txapeldunaren kontra jokatzeko txartela. Denentzat da sari potoloa, baina Diazen eta Urrutikoetxearen kasuan are potoloagoa da, ez baitira inoiz horren aurrera iritsi. Diazek lehen aldiz gainditu du final-hamaseirenetako langa. Urrutikoetxea lehen aldiz ari da lau t'erdiko txapelketa nagusian.

Ustez eskarmentu eta joko handiagoa zuten kontrarioen aurka irabazita sailkatu dira nola Diaz hala Urrutikoetxea. Egia da, hala ere, ezusteko handiagoa izan zela Diazek Olaizola I.a kanporatzea Urrutikoetxeak Zubieta kanporatzea baino. Behin hori eginda, asko dute irabazteko eta gutxi galtzeko. Partida bizi eta orekatuaren itxura dauka.

Bihar, etzi eta astlehenean jokatuko dira final-zortzirenetako beste partidak. Atzo, Eibarren, Berasaluze VIII.ak eta Arretxe II.ak aukeratu zituzten astelehenerako pilotak. Frontoiari buruz aritu ziren pilotei buruz baino gehiago. Astelena ez zaiola komeni zioen Berasaluzek; gustuko duela Arretxek. Urretxun, Patxi Ruizek eta Aritz Lasak aukeratu zituzten iganderako pilotak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.